Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:28

IRITZIA;2009-02-10;LARREPETIT. Zangitu

Larrepetit

Castillo Suarez

Zangitu

Nafarroako Gobernuak miloi bat metro koadroko industrialdea eraiki nahi du Altsasu eta Urdiaingo lurretan, Burunda ibaiaren bazterretan -urak har zitzakeen lurretan, beraz-. Udalez gaindiko eragina duen egitasmo gisa izendatu du Nafarroako Gobernuak, eta, alde horretatik, udalek ez lukete erabakitzeko ahalmenik izanen, kudeaketa gobernuaren esku geratuko litzatekeelako. Hori gutxi balitz bezala, gobernuak eskualde izaera eman nahi dio Zangituko industrialde erraldoiari, ibarreko gainontzeko industrialdeen bilakaera mugatuz.

Duela urte batzuk garatzen aritu den proiektu honek kontrakoak izan ditu hasieratik. Kontrakoak baino gehiago, Sakanan bertan ibarrerako nahi den garapen ereduaz eztabaidatzea eta enpresek dituzten lur eskaerak aztertzea proposatu dutenak.

Zangituko industrialdeari buruzko eztabaida oharkabean pasatu zaie askori desjabetze prozesua abian jarri den arte; zehazkiago, metro koadroko 2,76 euro ordainduko dituztela iragarri duten arte, huskeria bat, jabeen burutan zeuden diru kopuruetatik oso-oso urruti. Beldur naiz ez den eztabaida horretara mugatuko, eta lurren prezioa igota isilaraziko ote dituzten eztabaida eskatzen dutenen ahotsa.

Eztabaida, gainera, inoiz baino beharrezkoagoa da, hutsik geratzen ari baita, zoritxarrez, lantegi bat baino gehiago Nafarroan. Eta ez dakit zertarako nahi dugun makropoligono bat herri txikiek bereak badituzte, areago, hutsik egongo bada.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia