Euskararen metafisika
Roberto Manjon
Euskara teknikaria
Edertasuna, Ontasuna, Maitasuna..., Platonentzat errealitatea ideiak, hitz handiak ziren, ez aurrean ikusten zuena. Platonek ez zion munduari begiratu nahi, ihesa nahiago. Antzekoa da euskal erakunde publikoetako agintariei eta euskaltzale askori gertatzen zaiena: nahiago dute idealismo zaharraren bidetik ibiltzea euskararen benetako egoerari behatzea baino. Nola gelditu euskararen galbidea eta kontrako norabidera ekarri? Antza denez, neoplatonismoz, gaur egungo fetitxe edo ideia handiak baliatuz: Integrazioa, Adostasuna, Guztien Eskubideak, Aniztasuna, Demokrazia, eta noski, Erakargarritasuna, merkatua, merkatu kulturalean euskarazko produktu erakargarriak ezinbestekoak direnez.
Horrelako ideietan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzak proposatzen digun politika linguistikoa, 21 Euskara, XX. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak delako txostenaren arabera. Gainerako erakundeetatik ere, antzeko mezuak heltzen zaizkigu: euskarazko kultur produktu erakargarriak ekoiztea omen da euskarak irauteko eta suspertzeko estrategiaren zutabe nagusietako bat, printzipala ez bada. Produktu bat erakargarri zerk egiten duen inork argitzen ez badigu ere.
Nazionalistek errealismo osoz eta ezin gogorrago jokatzen dute botere handien esanetara dihardutenean, AHT kasu, baina hizkuntza-gatazkatik ihes egiten dute. Ez gaitu ustekabean harrapatzen. Biziki kuriosoa da, ordea, hainbat euskaltzalek berdintsu jokatzea. Jakina, askoren interes pertsonalak eta agintarienak berdintsuak dira, baina balizko arrazoi hori ez da nahikoa fenomenoa azaltzeko, beste euskaltzale batzuen soslaia desberdina denez. Zer funtsezko ezaugarri partitzen dute batzuek eta besteek? Hipotesi bat: gaurko sistema sozio-ekonomiko eta, oro har, kulturalarekiko atxikimendua, kapitalismo berri eta haren bizimoduarekikoa.
Hor dago koska. Ez dugu gure bizimodua kolokan jarri nahi. Euskara hirugarren eta laugarren mailako kontu bat da gure bizitzan, penaz bada ere, alboratua, eragin eskasekoa, gehienontzat, iragan minez eta ukitu poetiko batez gure eguneroko bizitza hits eta goibela gozoago bihurtzeko aukera, eta batzuentzat bizimodua ateratzeko tresna, protagonismoa lortzeko bidea, boteretsu sentitzeko aukera.
Horrela ulertzen da nola Jaurlaritzaren XXI. menderako adituek egindako ekarpen gehien-gehienek saihestu duten Gobernuak berak saihestu duena: gatazka. Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren txostenari egindako hamar kritika edo ekarpenetatik bederatzik alderdi teknikoak lantzea dute xede eta muga, hizkuntza politikaren benetako zutabeak aztertu gabe.
Joseba Arregiren ekarpenak aipamen berezia merezi du, errealitate gordinera eramaten baikaitu: gogorarazten digu gizartea berez gatazkatsua dela, eta hortxe dagoela euskal hiztun-herriaren arazoa. Hizkuntza-arazoek dimentsio politikoa nabarmena dute. Hizkuntza-gatazkan talka egiten dute batzuen eta besteen interesek, herritar guztiek ezin dituzte eskubide berak izan, edo maila berekoak; batzuen interesak eta eskubideak besteenen kontra daude, eta batzuk besteen mendekoak dira. Euskal hiztun-herriaren arazoaren alderdi nagusia, erabakigarriena, botere-arazoa da.
Denok dakigun bezala, euskal hiztun-herriak bere tokia, alegia, botera galtzen joan da. Halako moduan ahuldu da non gaur egun euskal herriaren azken txatalak baino ez diren geratzen. Euskal Herria ezerezetik hurbil dago, ez baitago inolako boterik gabe bizi daitekeen entitate sozialik, boterea, forma eta kontzentrazio-maila desberdinetan, bizi den izaki sozial ororen nerbio-sistema delako. Eta horra hor non agertzen diren demokratikoki eskubide gehiago eta interes babestuagoak dituzten erdal komunitateak, egituratuagoak, antolatuagoak, indartsuagoak, handiagoak. Haien parametroen arabera, dena da integrazioa eta aniztasuna. Kontra jarriz gero, horra hor gatazka linguistikoa (eta bestelakoak).
Lehengo bide beretik datoz gaurko botere sozio-ekonomiko eta politikoaren sare globalizatzaileak, euskararen galbide historikoa sakontzen, euren kulturak eta hizkuntzak baitakartzate, orain herri, auzo eta etxe guztietaraino. Eta horra hor metafisika berriro ere: lasai egon, globalizazioak, botere-kontzentrazioa badakar ere, norberak bere tokikoa balioestea ere bai, eta horrexek lagunduko dio euskal herriari. Jakina! Lagunduko ez du ba! Euskara lebitazioan ibiliko da, euskarri ekonomiko, politiko eta sozialik gabe, baina botere espiritual baten sostenguaz! Bizitzaz haraindi, badago beste mundu bat hizkuntzentzat, museo eta artxiboez gainera: tribalizazaioa, mundu postmoderno globalaren ohiko kultur eskaintza. Leinutxo batzuek gizartean funtziorik ez duen hizkuntza bat, erdi erritualizatua, identitate-ikur bezala erabiliko dute. Bazterreko identitate eta oso partzial bat kontsumituko dute, espazio fisiko eta denborazkorik gabeko on-line sareetan eta, bizitza arruntetik kanpo, egutegian markatutako euskaldunen topaketetan, Idahoko euskal jaietan bezala.
Metropolizazioaren garaian gaude. Mundu globalaren eredu urbanistiko eta soziala hiri hedatua, sakabanatua, espazioetan espezializatua da, mundu zabaleko hainbat fluxu eta sareren geltokia, urruneko botere-gune batzuen biltegi eta lantoki deslokalizatuak. Eta hona helduta, hara non gure agintariek arin-arinka neoplatonikoak izateari utzi eta enpirista-errealistak bihurtzen diren. Hitz potoloak amaitu dira, ergelak engainatzeko izan ezik: sostenible. Ez dira makalak globalizazioa bultzatzen: toki on bat eduki nahi dute mundu globaleko botere handien zerbitzura. Euskal herriak irautearren, ordea, hobe litzateke bigarren edo hirugarren mailan geratzea baina... Askoz hobeto haranak azpiegitura globalez bete eta metropolizatu ordez, eskualdeak eta herriak indartuko balituzte, beren antolamendu urbanistiko, ekonomiko eta kulturala autoerregulatzeko gaitasuna izan dezaten, horixe baita, Jaurlaritzako hizkuntza-politikako arduradunek ondo dakitenez, euskal herriak irauteko oinarrizko baldintza.
Baina metropolia da gure etorkizuna. Atzera pausorik ez, beti gero eta gehiago, mugarik gabe: errepide-sarea handitzeko planak, obra publiko handiak, azpiegitura erraldoiak, portu erraldoiak, AHT... Herririk, lurrik, haranik, naturarik gabe geratzen ari garela? No problem, think gaur, ezin baita historiaren norabidea aldatu, gehienez ere kudeatu ahal da; patuak agintzen du. Baliteke, baina euskararen iraupenak patua aldatzea eskatzen du, ez kudeatzea. Historian izan diren aldaketa sozio-ekonomikoek, politikoek, kulturalek euskal herria boterik gabe utzi eta ia suntsitu dute. Horregatik, euskal herriaren eragileei dagokie esatea zer gizarte mota eratu behar den, zer irauli, aldaketa sakonaren subjektuak nor izan daitezkeen, zein estrategiari jarraitu beharko zaion. Gure bizimoduan astindurik nahi ez badugu, aurrerapenaz gozatu eta Jaurlaritzak bezala joka dezagun: zainketa paliatiboak -hizkuntza-politika deritzo- gaixoa sufrimendurik gabe hil dadin; poesia asko -kultur politika deritzo- heriotza lirikoa eta polita izan dadin.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
