Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:23

IRITZIA;2009-01-10;Araba eta euskara

Araba eta euskara

Imanol Garcia Uriarte

Euskal Filologia lizentziaduna

Iruña-Veleia aztarnategiko aurkikuntzen ustezko iruzurra dela eta, Araba eta euskararen arteko harremanaren gaineko hainbat iritzi irakurri eta entzun ditut azken egunotan. Hobeto esanda, Araba eta euskararen arteko erlaziorik ezaren gaineko hainbat iritzi irakurri eta entzun ditut. Zenbait kasutan halako baieztapenak fede onez egiten direla onartzeko prest nago, baina kasu gehienetan argi dago atzean dagoen politikakeria zein fede txarra. Argi dago ikuspuntu guztietatik Veleiako kulebroia erabat negatiboa dela, baina orain amorrazio gehien ematen didana da ikustea zelan batzuk baliatzen diren gertatutakoaz arabar guztion hizkuntzaren kontra aritzeko. Zelan da posible oraindik ere Arabako euskalduntasuna zalantzan ipintzea? Zer egin behar da zenbaitek uler dezaten euskararik gabe ezin dela Araba ulertu? Zer irakatsi edota irakasten da ikastegietan zenbaitek euskararekiko inolako atxikimendurik ez edukitzeko? Batzuetan, Araban euskara inoiz berba egin den ere kolokan ipintzen da!

Nire ustez, hori biziki larria da. Araba eta euskara guztiz lotuta daude, Euskal Herriko beste herrialde batzuk eta euskara lotuta dauden modu berean. Hori ez da iritzi bat, errealitate historiko eta kulturala da, eta errealitate hori ukatzen denean, Araba bera ere ukatu egiten da. Ez dut esaten gaztelania gure herrialdean arrotza denik, inondik inora, baina lotsagarria eta justifikaezina da euskararen kontrako aritze sistematikoa.

Euskarak atzerakada inportantea izan zuen gure herrialdean XIX. mendean. Baita XX. mendean zehar ere. Aipatu atzerakada hainbat arrazoik eragindakoa izan zen, ez naiz aipatzen hasiko, baina ziurtatzen dizuet ez zela kasualitatez gertatu... Horren guztiaren ondorioetako bat, euskara arrotza delakoan, jende askoren hizkuntzarekiko atxikimendu falta da. Hori, neurri batean, uler daiteke, baina hortik Arabako euskararen beraren existentzia ukatzerainoko saltoa ulertezina da.

Zorionez, badago Arabako euskararen gaineko bibliografia ugari: Arabako alderdi ugarietako euskaldunek idatzitako testuak edota barietate arabarrak jasotzen dituztenak (horra hor, Larreako Juan Perez de Lazarragaren eskuizkribuak, 2004an topatutakoak, Betolatzako Juan Perez de Betolazaren dotrina, Juan Bautista Gamiz sabandoarraren olerkiak, Zigoitian jasotako kondaira euskaldunak... batzuk aipatzeagatik), mendeetan zehar Arabako eskualdeetako euskaldunen (gehienbat euskaldun elebakarrak) gaineko informazioa ematen diguten testigantza zuzenak, toponimiaren gaineko lanak (Diaz de Gereñu, González Salazar...), leku ugaritako arabar hizkeren gaineko lanak (Aramaio, Oleta, Legutio, Zigoitia, Baranbio...). Horiek eta beste asko esku-eskura ditugu, ez dute kosk egiten, eta irakur daitezke. Horretaz aparte, Arabako euskara gaur egun ere bizirik dagoela jakin beharrean gaude. Betiko euskara Aramaion izateaz gain, Legutio aldean (Gasteiztik oso gertu) eta Zigoitiko zenbait baserritan ere gorde egin da. Gainera, eman berri diren euskararen gaineko azken datuen arabera, arabarren %25ek euskara ezagutzen dute, eta erabilera ere gorantz doa.

Veleian gertatutakoa penagarria da, bai. Hala ere, Landazuri historialariari esker, Okako Iruñan ia XIX. mendera arte euskaraz berba egin zela esan dezakegu. Gainera, Araba gehienean bezala, toponimiak berak euskararen presentziaren gaineko informazioa ematen digu. Ez da bidezkoa zenbaitek Perez de Lazarragaren eskuizkribua bezalako dokumentu inportanteak baztertzea, eta aldi berean Veleiako ustezko iruzurra erabiltzea euskararen kontrako gorrotoa erakusteko. Horrela jokatuz gero, beldur barik esan dezakegu Veleian ez zela inoiz latinez berba egin, latinez idatzitako idazkunak ere faltsuak baitira.

Ez du zentzurik gure euskara ukatzea, horrelako jokaerak ez dira ulergarriak. Baliteke hau guztia gure kulturaren ezagutza luzaroan debekatzearen ondorio izatea.



 




Ez da bidezkoa zenbaitek Perez de Lazarragaren eskuizkribua bezalako dokumentu inportanteak baztertzea, eta aldi berean Veleiako ustezko iruzurra erabiltzea euskararen kontrako gorrotoa erakusteko





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia