Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:22

IRITZIA;2008-12-19;Txikituaren trikitixa

Txikituaren trikitixa

Joseba Tapia

Musikaria

Kantagintza txikitua dago...

Hasi zitzaidan aspaldi errepikatzen, elkar ikusten genuen aldiro, tematsu, oholtzaren gainean eskarmentu luze samarra daukan lankide bat. Nik algara egin eta erromeria txikituagoa zegoela esaten nion.

Kantagintza txikitua dago...

Halaxe aitortu zuelako, nahi gabe noski, Kultura Sailburuak berak ere: «Ez dakigu zer, baina zerbait egingo dugu Mikel Laboaren omenez.»

Kantagintza txikitua dago...

Eta frogarik nabarmenena da gure kantuaren salbaziorako gurutzadari ekin diola Eusko Jaurlaritzak.

Kantagintza txikitua dago...

Eta hainbesteraino, ze gure kantuaren salbaziorako gurutzada abiatzeko Kultura Sailak ez ezik Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak inplikatu behar izan duen.

Kantagintza txikitua dago...

Disketxeak direlako gehien hartzen dutenak Jaurlaritzaren diru-laguntzetatik, kantagintza disketxeek emandako parametroen arabera laguntzen baita, eta ez kantariek sortu nahi dituzten produktuen interesgarritasuna kontuan hartuta.

Kantagintza txikitua dago...

Herrigintzaren izenean, kantaldia dohaineko entzunkizuna bihurtu dutelako udaletxe askok, ondorio makurra ekarriz: kantua, kantaria eta kantaldia ez dira baloratzen.

Kantagintza txikitua dago...

Promotora eta antzeko «eragile» batzuen mesederako, kontratazio zuzena egin ordez, antolatzaileek haiengana jotzen dutelako, errazkeriaz. Kontratazioak zuzenean eginez gero ehuneko hogei eta hogeita hamar merkeago ateratzen direla kontuak? Ardura zaio diru publikoa xahutzeko dagoenari! Diru publikoa xahutzeko dago.

Kantagintza txikitua dago...

Azken finean promotorak direlako kantaldi askoren edukiaren erabakitzaileak: kantariak, inork deitzen ez dionez, bitarteko harraparion atzaparretan amaitu behar du.

Kantagintza txikitua dago...

Hedabide indartsuenetatik, publikoetatik alegia, atertu gabe sustatzen delako kulturaren duintasunaren aurka egiten duen guztia, dela audientzia izeneko aitzakiaz, dela ezjakintasunez, dela atrofia mentalez, entzuleria, urteetako matrakatzez, akritiko bihurtuz.

Kantagintza txikitua dago...

Daukagun telebista daukagulako, dauzkagun irratiak dauzkagulako: Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak frekuentziak banatzen dituzte, baina ez dute kuota minimorik ezartzen ez euskarazko emisioak bermatu daitezen, ez euskal musika.

Kantagintza txikitua dago...

Ez balego ez bailirateke kantariak eta oro har musikariak horren aho batez azalduko gure kultur arduradunen azken burugabekeria salatzen.

Kantagintza txikitua dago...

Eta euskararen onerako hor zeharreko erdaldunak euskaraz kantari jarri nahi dituenak ez dio mesederik egingo: kantagintza ariketa friboloa bihurtua zuten jadanik, eta orain euskara bera, gure hizkuntza, bihurtu dute fribolitatea, ezer ez esateko gauza, exotismo bat.

Kantagintza txikitua dago...

Eta hala dagoelako sortu da orain estilo baskoaren alternatiba: ez da beharrezkoa geuk euskaraz egitea, horretarako dauzkagu munduko artistak gure subentzioen zain.

Kantagintza txikitua dago...

Bestela ez baita posible kulturaren ardura duen inori bururatzea hor zeharreko erdaldun nabarmenenak euskaraz kantari jarrita bultzatuko dela «gurearen munduratzea» eta «interkulturalitatea».

Kantagintza txikitua dago...

Ez balego, ez ligukete «Zer ari zarete zuek, ez al duzue ba laguntza hartu?» horren lotsagabe, edo «Beste batzuei ere eman izan zaie!» horren miserable esango.

Kantagintza txikitua dago...

Eta horregatik jarri zait zalantza, kantarioi urtero ematen dizkiguten subentzioak hartu behar ote ditugun, ez ote garen geure burua lotzen ari, alegia, ez ote ditugun, laguntza horiek hartuta, kulturaren izenean kulturaren aurka doazen proiektuak justifikatzen. Ez ote garen konplize bihurtzen. Zalantza jarri zait.

Kantagintza txikitua dago...

Eta ez du kantu hutsak suspertuko, ez kantari batek, ez kantari guztiek. Kantariek, entzuleek, antolatzaileek, ekoizle independenteek kultura egiteko beste molde batzuk abiatzen ez baditugu, luze jarraituko du txikitua.

Kantagintza txikitua dago...

Bai, baina esateari utzi eta egiten hasten ez bagara, ez ote dugu kritikaren eskubidea galduko?



 




Kantagintza ariketa friboloa bihurtua zuten jadanik, eta orain euskara bera, gure hizkuntza, bihurtu dute fribolitatea, ezer ez esateko gauza, exotismo bat





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia