Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:16

IRITZIA;2008-12-02;LARREPETIT. Ahotsenea

Larrepetit

Castillo Suarez

Ahotsenea

Badira Durangora poteatzera joango direnak, eta azoka-aretotik pasatu ere egingo ez direnak. Edota azokara joango direnak urtero errepikatzen den errituala delako eta joan behar dutela sentitzen dutelako, manifestazio batera edo ikastolen festara joatea bezala, ezinbestekoa dela barneratuta dutelako. Beste batzuk falta zaien aldizkariaren zenbakia edo kutxaren batek saritutako poema liburuaren bila joango dira; gauza bitxiak eta arraroak besterik ez dituzte eskuratuko, urtean zehar liburuak -euskarakoak barne- erosten dituztelako herriko liburu-dendan -bai eta irakurri ere-. Beste askok erosi beharrekoa erosiko dute -salduena, nahi baduzu- oparitzeko, apal batean edukitzeko edota irakurtzeko, berdin da; haiek ez dute liburu-dendarik urte osoan zehar, baina lasaitasun handia sentituko dute «salduena» boltsaratzen dutenean.

Badira aspertuak daudenak Durangoko Azokan saltzen denaz eta saltzen ez denaz aritzen direnei entzuteaz, eta nahi dutenak Durangoko Azoka ez dadin salerosketa gune hutsa izan, azokek berezkoa duten hartu-emana stand baten bi aldeetara mugatu nahi ez dutenak. «Zoro» horiek Ahotsenea sortu dute, sortzaileen gunea alegia, sortzaileen arteko harremana eta haiek eta entzule-irakurleen artekoa ahalbidetzeko tokia. Toki atsegina.

Ahotsenea dagoeneko bada gure elkarrizketetako gaia. Izan dadila, halaber, datozen urteetan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia