Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:16

IRITZIA;2008-11-28;Erreferentziako egitasmo bat

Erreferentziako egitasmo bat

Xabier Iturbe Otaegi

Kutxako presidentea

Hedabideek eragindako hotsaz eta ardailaz harago, eta alde batera utzirik gaiaz behin eta berriz eta nabarmenki baliatu izan direla politikariak eta sindikatuak, eta kontuan izanik gure Biltzarrak gaur, ostirala, azaroak 28, hartuko duen erabakiak berebiziko garrantzia duela, Kutxa berri bat sortzeko egitasmoari buruz -Kutxak eta BBk-k bultzaturikoaz- dudan iritzia jakinarazi nahi diot gizarteari.

Ekonomia eta estrategia aldetik ez ezik -arrazoi horiek ere bermatzen baitute-, teknika aldetik ere lan bikaina da aurkeztu berri dugun egitasmoa; are gehiago, erreferentziako eredu izango delakoan nago.

Lehenik eta behin, gogora ekar ditzagun bat-egite horren arrazoiak, dagoeneko nahikoa zehaztu izan baitira: hala nola eraginkortasuna hobetzea, kaudimena sustatzea, arriskuak emateko eta hartzeko gaitasuna areagotzea, tamaina handitzea eta mozkinak sortzeko gaitasuna areagotzea... Aurrezki Kutxen alorrekoek aho batez uste dute ez dagoela bat-egite bideragarriagorik, sinergia aldetik, euskal kutxen arteko hori baino. Alde horretatik, azaldu dezadan bat-egitea ez dela itxia, eta zabalik dagoela, beraz, Vital Kutxa egitasmoari atxiki nahi bazaio ere; alegia, bi gehi bat egitearen emaitza da bat-egitea.

Ezin ukatuko dut xurgatze eta nortasun galera hitzak erabili izan direla esateko Gipuzkoarentzat arrisku eragiketa bat zela bat-egitea. Kutxa berriak, baina, gezurtatu egin du baieztapen hori, bat egin duten erakunde bien balioa orekaz eta objektibotasunez banatu baitu. Abiaburuko errealitateari doi-doi dagokio 60/40 proportzioa, nola kaudimenari eta ondareari dagokienez, hala tamainari eta mozkinak sortzeko gaitasunari dagokienez.

Kutxa berria diseinatzeko eta estrategia erabakiak hartzeko, berriz, batzorde parekide bat osatu zuten, kutxa bietako presidenteak buru zituena. Batzorde horrek erabakiak aho batez hartu behar zituen, eta honako esparru honetan bakarrik:

-Ezinbesteko baldintza bat ezarri zuten, Kutxa berriak zerga neutraltasuna izatea, kutxa biei zegozkien foru ogasunek ez zezaten gal zerga sarrerarik.

-Funtzioen organigrama bat definitu zuten, finantzei ez dagozkien egoeretatik gotortzeko Negozio Arloa.

-Langileei lan eskubide guztiak bermatu zizkieten. Soberakin mugatuak, berriz, erretiro arrunten edo kanporatze itunduen bidez konpondu beharko zituzten.

-Jarduera egutegi bat ezarri zuten, egitasmoa behin betiko onartzen bazuten ere.

Bat-egitea joan den urriaren 30ean onartu zuten Kutxako eta BBK-ko Administrazio Kontseiluek. Erakunde bietako zuzendaritzetakoek, ordea, lehenagotik aritu gara bilerak egiten alderdi politiko guztiekin, bai eta eragile sozio-ekonomikoekin eta lan alorreko eragile guztiekin ere, beharrezko informazioa izan zezaten eta jakinaren gainean jarduteko gai izan zitezen.

Oro har, aldeko giroa gailendu izan da erabat bilera horietan, eta egitasmoaz adierazi izan dituzten iritziek -laster batean, behintzat- hura ontzat jotzea ekarri dute azkenean. Orain arte jasotako iruzkinek ez baitute bestelako interpretaziorik: guztiek daukate beharrezkotzat bat-egitea.

Eztabaida ireki horrek eta bat-egitearen inguruan emandako iritziek berebiziko eragina izan dute Gizarte Ekintzan, hura etorkizunean nola kuantifikatu eta bideratu zehazterakoan. Alde horretatik, egitasmoak proposamen jakin batzuk dauzka bat-egitetik eratorritako Kutxa berriaren Gizarte Ekintzaren inguruan.

Kantitateari dagokionez, Gipuzkoak gutxienez %20eko kopuru bat izango du baliabide gehigarrietan, Kutxak orain arte sortu ahal izan duen mozkin mailaren aldean. Kalitateari dagokionez, berriz, buru-belarri emanda gabiltza 2009 eta 2012. urte bitarteko Gizarte Ekintzari buruzko Estrategia Plana lantzen, eta ahalik eta parte-hartzerik handiena izatea nahi dugu, gure Biltzarra osatzen duten talde guztiek beren ekarpenak egin ditzaten eta elkarren arteko adostasuna lor dezaten. Kanpoko taldeek ere parte hartu ahal izango dute.

Ezin ukatuzkoa da eragin sozio-ekonomiko nabarmena duten enpresa liderren arteko estrategia egitasmoa dela bat-egitea, eta, halaber, ataka labainean jartzen dituela kutxa bietan lan egiten duten 6.000 pertsona inguru. Haiei dagokienez, erdietsitako lan itunak bermatu egiten du ez diela inolako ondoriorik edo eragin kaltegarririk ekarriko, Kutxa berriak sor ditzakeen enpleguetan, ez kantitateari ez kopuruari dagokienez.

Baina, batik bat, honako hauek izango dituzte onurarik handienak kutxetako langileek: erakunde berriaren sendotasuna eta handitzeko gaitasuna, eta langile taldea berritu ahal izateko aukera.

Jardun dugun bezala jarduteko, sinetsita geunden gizarte eta finantza egitasmoa bera zela garrantzitsuena, bai eta merkatuari eta gure bezeroei dakarkien onura ere, horiexek baitakakarkiote arrakasta eta sendotasuna gure erakundeei.

Agerikoa da, dena den, aurrerantzean egingo ditugun bileretan harturiko erabakiek nolabaiteko ardura historikoa izango dutela -inori ez dakioke halakorik itzuri- ; erabaki horiek, hain zuzen ere, bilerako kide bakoitzak eta kontseilari nagusi guztiek nork bere kontzientziari jaramon eginda hartutako erabakiak batzetik eratorritakoak izango dira. Eragin sozio-ekonomikoari buruz ez ezik, lehen aipaturiko alderdi horiei guztiei buruz ere erabaki ahal izango dute: gure finantza gaitasunaren etorkizunaz, gizarte ekintzaren etorkizunaz, langileen etorkizunaz...

Bestalde, uste osoa daukat gure kutxetako langileen profesionaltasunean, sektoreko ratiorik hoberenen artean kokatu baitituzte, eta sinetsita nago helburu arrakastatsua lortzeko bidea emango digutela.

Azkenik, elkarlanean aritzeko beharraz ohartarazi nahi ditut instituzioak, eta elkarren artean ados jar daitezen estrategia egitasmo kolektiboen inguruan. Eta Kutxa berria horietako bat da.

Egitasmo komun batek, izan ere, uko egiteak baitakartza berekin batez ere, eta ez eskariak egiten ibiltzea; lehentasuna ematen die ekarpenei eta gehikuntzei, eta ez norberarenari bere hartan eusteari; ikuspegi aniztuna eskatzen du, eta ez banakakoa. Eta, horri, balio handiagoa eman beharko genioke maizago. Horrexegatik nabarmendu nahi dut borondateen batuketa bat dela Kutxa berria -KUTXA, letra larriz-, eta horren harira iragartzen dut lan eredu bat izango dela, erreferentziako egitasmo bat.

(Erredakzioan itzulia)

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia