Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:15

IRITZIA;2008-11-21;BIRA. 'Morte Bianchi'

Bira

Itxaro Borda

'Morte Bianchi'

Meettok donostiar argitaletxeak duela zenbait hilabete, Angelo Ferracuti italiar postari kolega ohiaren Los recursos humanos liburua plazaratu zuen. Elkarrizketa eta erreportaje bidez idazleak lanaren mundua azaltzen zigun, uholde gogorra, gosetia, jendea despertsonalizatzen eta suntsitzen duena denborarekin: isiltasun eta dolorezko karrasi.

Samanta di Persiok Morte bianchi ikerketa obrarekin, harri gotor bat gehiago aurtikitzen du lan baldintzen inguruko eztabaiden urmelera, prud'hommetako hauteskundeak ditugula iparraldean datorren abenduaren 3an. Lanaren ondoriozko herio eta gaixotasunak ditu aipagai Di Persiok, solas eta lekukotasun zuzenak bilduz. Desagertzen doan lana, politikoki goretsia eta jendetasunaren bermarritzat hauspotzen den garaiotan, ez da jagoitik Pavesek zioen bezala lavorare stanca erraten, baizik eta Zuberoan nola oano kuntent lanaen ükeitez.

Nagusiak, sindikalista alferren eta egoera ekonomikoaren biktima antzera erakusten dizkigute masamediek. Omertá handia dago lanean edonork jasan dezakeen zirika moralari dagokionez adibidez, depresio eta suizidioez, istripuez ere bistan dena.

Heriotza zuriz zedarritua da lanaren infernua.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia