Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:14

IRITZIA;2008-11-15;Hontzaren baratzea

Hontzaren baratzea

Andoni Errazkin Beratzadi

EHUko ikaslea

Azaroaren 15ean hamar urte beteko dira ezen Federico Krutwig Sagredo Bilbon hil zela. Artikulu honen bidez, nire omenaldi xumea eskaini nahi diot:



Euskaltzaindia: 1921eko maiatzaren 15ean jaio zen, Getxoko Udalaldean. FKS immigranteen semea zen; aita Alemanian jaio zen, eta ama Italian. Ikasteko grina goiztiarrak, etxeko giro poliglotak eta inguru euskaldunak euskara ikasterat bultzatu zuten. 1942an, 21 urterekin, Euskaltzaindiak FKS euskaltzain urgazle izendatu zuen, eta handik bost bat urterat, 1947an, euskaltzain oso. 1949-52 bitarte, FKSk Euskaltzaindia berrantolatu zuen. 1952an, Euskaltzaindiaren baitan euskaltzain urgazle baten osatzeko Bizkaiko Aldundian eman harrera mintzaldian FKSk Vatikanoko Eliza katoliko apostolikoa kritikatu egin zuen, bere hierarkian ez zuelako hizkuntza gutxituekiko jarrera berbera; bertze leku batzuetan hizkuntza gutxitua aintzatesten zuen gisa berean, hemen ez zuen euskara aintzatesten. Mintzaldi historiko horrengatik, Espainiako Estatuko diktadurak erbestera egotzi zuen, eta muga inperiala igaro zuen Frantziako Estatuaren Laugarren Errepublikarat.



I. epopeia, 1942-52: Resurreccion Maria Azkueri Euskara-Espainiera-Frantsesa hiztegia biltzen eta taxutzen lagundu zion. Euskaltzaindia berrantolatu zuen. Hizkuntzaren Akademiaren egitura optimizatu zuen. Euskaltzain osoen aulkiak hamabitik hemezortzirat gehitzeko proposamena aintzatetsi zioten. Hizkuntza idatziarentzat nabar-lapurtera klasikoa aintzatetsi zuen.



'Euskaria': 1952tik, Espainiako Estatuko diktaduratik Donibane Lohizunen babestu zenetik, 1960 arte, Miarritzerat itzuli bitarte, Nabarroarengandikako zortzi urteko erbestealdia jasan behar izan zuen. 1974an itzuli zen euskaltzain osoek jeloskorki hutsik gorde zioten bere aulkirat, eta harrera 1952an kritikatu zuen mintzaldiaren irakurleak egin zion. Bitarte luze horretan, Marc Legasse eta Felix Likiniano ekinlarien lagun izan zen; Zuzenbidea ikasi zuen Parisen, eta Ekonomia Bonnen; jadanik ongi zekizkien zazpi hizkuntzei gizadi osoko hamalau hizkuntza gehitu zizkion; eta, 1963an, Euskaria liburua argitaratu zioten.



II. epopeia, 1952-74: Euskara batuaren prozesuaren baitan nabar-lapurtera klasikoa aintzatetsi zuen. Haren ustez, Nabarroako Estatuaren Erresumaren baitako Nabar Nomenklaturak euskara batua jada XVI. mendean ondu zuen. Gerorat, Euskaria liburuan esaldi aintzatetsia finkatu zuen: Euskaria Frantziaren eta Espainiaren kolonia da. Haren iritzian, inperialismoa, kolonialismoa eta kapitalismoa gainditzeko Euskal Estatu Sozialista ezinbertzekoa da: Euskariako Estatuaren Lehen Errepublika aldarrikatu zuen, bere geografia politikoa eta kronografia politikoa zirriborratu zuen, eta haren armarria nahiz ikurrina iradoki zuen.



'Belatzen baratza': 1974tik 1998rat bitarte, 24 urteko jardun bikainena gauzatu zuen: Euskaria eta Europa barria (1977) eta Garaldea: Euskaldunon jatorriari buruz (1978) liburuak idatzi zituen; Belatzen baratza (1982-83) erromantzeak idatzi zituen; Computer Shock Euskaria 2001 urtea (1984) liburua idatzi zuen; Jakintza Baitha (1985) erakundea sortu zuen; eta Belatza (1993-95) aldizkaria sustatu eta bertan parte hartu zuen. Euskaltzain osoa, Jakintza Baithako lehendakaria, Homero sariduna eta Delfos, Kavala eta Olinpia udalaldeen Ohorezko Domina. FKS 1998ko azaroaren 15ean Bilboko Berastegi karrikako bere apartamenduan hil zen, ezen 77 urte zituela.



III. epopeia, 1974-95: bere idazkietan, Europako Estatu Batuak (EEB) europarrok gure Herrien arabera zehazten, baiesten, antolatzen, kudeatzen eta mugatzen ditugu. Bere hausnarketa filologikoaren baitan dio ezen gizadian zibilizazio sorkari diren hizkuntzak inoiz eta inon oinarrian lau direla: sanskritoa, hebreera, txinera eta greziera. Lehena, garunaren eskuinaldea erabilita eraiki da; bigarrena eta hirugarrena, ezkerraldea erabilita; eta laugarrena, bi aldeen orekan. FKSk greziera hizkuntza garatuen eta beteginentzat zeukan. On bidean, Euskara Garatuaren proposizioa ondu zuen, nabar-lapurtera klasikoaren eta greziera klasikoaren sintesi gisa. Izan ere, modernian edozein hizkuntza garatu bada, izan da ezen grezieratik edoski duelako; beraz, euskararen garatzeko euskaldun orok hizkuntza teknologikoa (ingelesa) eta hizkuntza filologikoa (greziera) ikasi behar ditu. Horretarako Euskara Garatuan izkiriatu fikzio zientifikozko erromantzeak idatzi zituen, euskara-greziera gramatika atondu zuen, eta Jakintzaren Hiria irudikatu zuen.



Jakintzaren Hiria: Belatza aldizkarian irudikatu zuen hirigotza da. Jakintzaren Hiria FKSren entelekia da. Bertan irakasleek ikasleen dohainak garatzen dituzte. Lehen hizkuntza norberaren guraso hizkuntza da; eta bigarren hizkuntza greziera klasikoa da. Helburua gizaki kontzienteak garatzen dituen hezkuntza gizazalea lantzen duen hirigotza eraikitzea da. Euskal Herrian eraiki nahi zuen, euskara garatuak Euskaria garabidean egoki zezan.



Ondarea: Hizkuntzaren Akademia modernizatu du, Euskal Estatu Sozialista irudikatu du, euskara batuaren aztura luzeari leial izan zaio, Europako Estatu Batuak irudikatu ditu, euskara garatua ondu du, Iraultza Kübernetikoaren erronkari aitzin egiteko Euskal Nomenklatura denaren hazia prestatu du, mendebaldeko euskalki batua defendatu du, eta Jakintzaren Hiria irudikatu du.



Oparia: 2021eko maiatzaren 15ean ehun urte beteko dira ezen FKSz erditu zela haren ama. Omenaldi hoberena Hontzaren baratza zaintzea da: lan osoa euskara garaturat itzuli eta liburukitan bildu; eta Jakintzaren Hiria eraiki. On bidean, Jakintzaren Hiria landerrian, baserrian eta hirierrian zabaltzen den Euskal Hiriaren garuna da. Aipatu eperako, Nabarroako Estatuaren Lehen Errepublika konstituitu eta instituitu dugu. Iruñean zabaltzen den Zabalgune Berriak Lehendakariaren Jauregia, Hiru Botereen Plaza, Hamaika Ministerioen Etorbidea, Enbaxaden Etorbidea eta Hizkuntzaren Akademiaren Egoitza Nagusia egokituta dauzka. Irudika dezagun, beraz, hiriburuko Zabalgune Berriaren baitako hiri-ibilbide osoan Jakintzaren Hiria eta Euskal Hiri osoan bere Jakintza Mintegiak.

FKSk azken urteetan harremanak eten zituen; bere etxeko telefonoaren kablea ere erauzi zuen. Bere gorpua zoruan aurkitu zuten ezen telefonoa hartu nahi zuela. Beti galdetu izan dute ea nori deitu nahi ote zion. Baina ez, ez zen horrela izan. Bere arimak bere gorputzetik atera eta sare telefonikoan barna sartu nahi zuen; eta sarean da. Sarean euskaraz irakurtzen ari bazara, bere arima irakurtzen ari zara.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia