Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:10

IRITZIA;2008-11-12;Euskadi vs Euskal Herria?

Euskadi vs Euskal Herria?

Mikel Luloaga

Bai Euskal Herriari ekimeneko eleduna

Maite ditut

maite

gure bazterrak

lanbroak

ezkutatzen dizkidanean




Duela urtebete aurrerapauso garrantzitsu bat eman zen Euskal Herrian. Futbolaren esparrutik harago jauzi egin zuen euskal pilotak. Pozez hartu nuen euskal kirolariek beren ekarpena mahai gainean jarri zutenean.

Ni ezagutzen nautenek aski ongi dakite ez naizela kirolaren jarraitzaile sutsua. Baina liluratuta geratu nintzen herri honetako kirolariek duten konpromiso mailagatik. Akaso kirol esparruan ere, herri gisa bizi dugun ukazioa, are modu gordinago eta estaliago batean bizi delako izango da, edo agian nire ezagutza faltaren eta aurreiritzi makalen mende nintzelako, ez dakit.

Errealitate estali bat agertu zuten. Euskal Herriko kirolariak zatituta eta elkarri bizkar emanaz aritzen direla egunerokoan. Egun kirola sustatzen eta bideratzen duten instituzioek euskal kirolari batzuk lurraldearen arabera baztertu eta besteak bultzatu egiten dituztela argiki adierazi zuten. Bai, politikak agintzen duela kirolean ere alegia! Eta nola ez zatiketa administratiboa dela oinarria eta sabaia.

Zer ezkutatzen duen

ez didanean ikusten uzten


Zazpi herrialdeetako kirolariak oinarri berri bat jarriaz agertu ziren euskal jendartearen aurrean, Euskal Herria nazio bat selekzio bat eta horretarako federazio nazionalak. Euskal jendarteak ez zuen kalerik egin abenduan, Bilbon izan zen mobilizazio erraldoi eta historikoan. Badugu garaia kirol esparrutik ere Euskal Herria eraiki daitekeela konturatzeko.

Denok gogoan dugu, nori ez zitzaion gustatu Euskal Herria izena. Baina garrantzitsuagoa dena, denok badakigu zergatik ez zitzaion gustatu Euskal Herria izena. Izenak, izana eskatzeko arriskua dakar berarekin, horregatik egin nahi dute atzera.

Gaur-gaurkoz Euskadik izan behar omen du nazio honen oinarri eta sabaia. Euskaltzaindiak ezin hobeto definitzen duen bezala; Euskadi: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak osatzen duten autonomia erkidegoa da. Euskal Herria, berriz: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziek osatzen duten lurraldea.

Orduan hasten bainaiz

ezkutukoa.....


Iazko abenduaren 29an Euskal Herria zuen izena. Aurtengo urriaren 25ean Euskal Herria zuen izena eta aurtengo abenduaren 23an Euskadi? Zergatik uste duzue ez garela konturatzen komeni bezala erabiltzen dituzuela izenak eta izanak?

Jada ez dut sinesten ukazioa eta mugak Madrilek eta Parisek jartzen dituztenik. Ez behintzat kasu honetan. Oraingoan Gasteizko Gobernua kudeatzen dutenak dira, euskal jendarteaz trufatu eta euskal kirolarien konpromiso eta borondatearekin amaitu nahi dutenak. Aitortu dezatela!

Nork agindu du Euskal Herriko selekzioari izena aldatzea? Nork agindu du kirol esparruan lehenaz gaindi, oztopo gehiago jartzea?

Batzuentzat tamalez, niri behintzat iazko lilurak irauten dit. Uste osoa dut Euskal Herriko kirolariek arduraz jokatuko dutela eta lorturiko pausoetan ez dutela atzera egingo. Gainera, euskal jendarteak ere beren babes osoa emango liekeela uste dut. Ea behingoz, herri honetan alderdi eta interes politikoez gidaturiko tertulianoen musikari entzungor egin eta gure etorkizuna eskutan hartzeko irmotasuna, zintzotasuna eta adorearen musika gailentzen den.

nire barruan pizten diren

bazter miresgarriak

ikusten.




 




Denok gogoan dugu nori ez zitzaion gustatu 'Euskal Herria' izena. Baina garrantzitsuagoa dena, denok badakigu zergatik ez zitzaion gustatu 'Euskal Herria' izena. Izenak, izana eskatzeko arriskua dakar berarekin, horregatik egin nahi dute atzera





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia