Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:09

IRITZIA;2008-11-04;Burunda, Labraza, historia eta lurraldea

Burunda, Labraza, historia eta lurraldea

Angel Rekalde

Idazlea

Zenbait autoreri gertatuko zaiola uste dut, baina harri berean behin eta berriz estropezu egiten dudala sentitzen dut. Egunero jendaurrera agertzen diren gaiak suertatzen dira, nahiz eta hainbatek gutxiesten eta gogaikarritzat hartzen dituen. Euren aitzinean sorbaldak uzkurtzen ditugu. Orainkortasun magiko eta nonahiko baten zoriaz, oraina bizi dugu, Carpe Diem santuaren erlijio gisako bat balitz bezala.

Historia zaharkin zokoragarria bihurtu dugu, ez digu axola.

Alabaina, egiazki, gure gizartearen baliabideak alde batera uzten ari gara, gure memoria, iragana eta ondarea jendearen bizitzan zenbateraino dauden sustraituak ez dugu hautematen. Aldareetan goratzen dugun oraina zutarri horietan altxatzen da, baina, eta gure hiriez, gure etorkizunaz edo gure izaeraz pentsatu eta jarduten dugun bakoitzean azaleratzen dira.

Honen harira, bi kontu gaurkoan.

Labraza, XIII. mendea

Labrazari (Nafar Sonsierran baita, gaur Arabako Errioxa) nazioarteko sari garrantzitsu bat eman berri diote bere Erdi Aroko harresiak zaintzeko egindako plana dela-eta, monumentuak, arkitektura eta historia-ondarearen kalitatea goraipatuz.

Harrigarria da sari honen inguruan argitaratu den inongo berrik ez duela aipatu ere egin XIII. mendeko harresi hauek Nafarroa independentea zenean eraiki zirela.

Labraza muga-herria zen, gerra-hiribildua, Gaztelaren erasoen kontra eraikitako euskal defentsa-sistemaren gotorlekua. Data haietan, hain zuzen ere (1200. urtea), bereganatu zituen Gaztelak Durangaldea, Araba eta Gipuzkoa. Sonsierrak, ordea, erasoari eutsi zion, eta Nafarroa izaten jarraitu zuen ia hiru mende gehiago; 1460. urteko beste gerra batean okupatu zuten, 1512.eko konkista ofiziala baino pixka bat lehenago.

Ze irakurketa egin dezakegu ondare historikoaz historia bera ezkutatzen bada? Ze esanahi eman dakieke gure ondasunei? Ze zentzu du Harresidun Hirien Nazioarteko Sarearen sariak, hain garrantzitsua baita kultura eta turismo mailan, gertakizunen beren kontakizuna eta jatorria kentzen bazaizkio?

Burunda, 1208

Burundakoa ezberdina da. 1208an, XIII. mendean bertan, Nafarroako Antso VII.a Azkarrak Burundako biztanleei Forua eman zien, besteak beste, zergak ordain ez zitzaten; arrotz eta gerra-toki bihurtzen hasia zen herriari laguntzeko forua eman zien. Arrazoiak bat egiten du Labrazako harresitzearekin. 1200.eko konkistaren ondotik, Burunda muga-lurra izatera pasa zen. Erregeak berak sortu eta eman zien Forua bi herriei antzeko baldintzetan.

Gaur, zortziehun urte bete direla, Burundako herriek jatorri haien memoria gogora ekarri dute: Olatzagutia, Urdiain, Ziordia, Altsasu, Iturmendi, eta Bakaiku. Bailara bat eta bereko kide aurkezten dute euren burua.

Esaten den bezala, historiak geure burua ezagutzen laguntzen digu. Historia izaera ematen duen elementua da, nortasuna, garai global eta inpertsonal hauetan batik bat. Bestalde, lurraldea gizarteratze-esparrua da. Jendeak bizi den tokiarekin du harremana, tokian tokiko festekin, norbere lurrekin, toponimiarekin, jarduerekin...

Historia eta lurraldea. Nahitaezko bi alderdi, banaezinak.



 




Ze irakurketa egin dezakegu ondare historikoaz historia bera ezkutatzen bada? Ze esanahi eman dakieke gure ondasunei?





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia