Euskara 2.0
Igor Calzada
Soziologoa eta Nevadako Unibertsitateko eta MIK/MU-ETEOko ikertzailea
AEBetako Portland-etik Seattle-era gidatzen noala, mundu globalizatuan gure hizkuntzak, euskarak, eduki lezakeen tokiaren inguruan hausnartzen nabil. Izan ere, 30/10 Mintegian, Euskara 2.0: Hiritartasuna hitzaldiarekin parte hartuko baitut (http://www.igorcalzada.com/euskara-20). Jadanik bidenabar, AEBetatik Euskal Herrira konektaturik egingo dugun bideokonferentziaren lekua erabakia dut: Boise (Idaho). Boisera bidean noala beraz jarraian, nire hitzaldiaren zenbait gogoeta, BERRIAko irakurle, zurekin konpartitu nahi nituzke, AEBetako koordenatuetatik:
Zein izan liteke euskararen egoera globala?
A) Mundu globalean, Euskararen GloKalizazioa ote liteke erantzun posible bat?
Alegia, egungo testuinguruan, gauza orotarako, mundu globalean, txikitasun eta nortasun lokalek garrantzia hartzen ari diren ideia litzateke GloKalizazioa. Hartara, dudarik ez dut gure hizkuntzaren txikitasun horrek izan lezakeela bere lekua mundu zabal, anitz eta azkar honetan. Horra hor ba, nire hausnarketaren abiapuntua:
A.1.- Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dut trantsizio bat: Euskararen Unibertsotik, Euskara google-hizkuntza modura kontsideratua izaten hastea. Hizkuntzak, egun, hirugarren espazio dugun ziberespazioan ari dira lehian. Eta, beraz, gure hizkuntza ezin al da inon baino hobeto mundu horretan murgildu, lehiakortasun abantaila etekin handiagoak lortuz, beste hizkuntzen alboan? Axola al dio ni neu Boisen izatea? Ez, esango nuke beraz. Are gehiago, Seattle edota Portland, eta munduan zehar barreiatuta euskara hiztunak ere aurkitu ditut, badira (!). Hartara: «Euskara, gutariko, euskal hiztun bakoitzaren maleta beharko luke izan aurrerantzean geroz eta digitalagoa izango den mundu honetan». Erronka hiztunak Euskal Herriko geografia barru eta kanpoan konektatuak egotea litzateke.
Sakon dezadan gai honetan: munduko hizkuntzen analisia egiten badugu egun, hiztun kopuruaz gain, hiztunen konektibitate digital maila aztertu beharko genukeela proposatzen ari naiz zuzen-zuzenean artikulu honetan. Axola beharko ligukeena sarean euskararen presentzia handitzen joatea litzateke, besteak beste, nazioartera begira baina baita gure hizkuntzaren hiritartasun nozioa egituratzen joan ahal izateko, espainolarekin ez ezik, gerturatzen eta barneratzen ari zaizkigun beste hainbat hizkuntzaren kudeaketa orekatua egiteko asmoz. GloKalizazioa, beraz, ez da soilik nazioartekotasun kontu bat; gure muga fisikoen barruan ere hizkuntz aniztasunaren bermea eta elkarbizitza aurreikusi eta kudeatu behar ditugu. Alegia, «euskarak ba al du lekurik» galdetuko bagenu, nire iritziz, erantzuna baiezkoa litzateke, dudarik gabe. Niretzat erantzun posible horren posizionamendu berriak izen bat izango luke: Euskara 2.0. Argudio horri eusteko, bi datu maneiatzen ditut: Bata, Eusko Ikaskuntzaren txosten batean, euskararen presentzia ziberespazioan handituz doala modu aktiboan (blogosferan batipat). Biga, munduko 112.800.000 weblog-etatik, euskarazkoak 7.523 dira. Laburbilduz, bi datu baikor bide honi eutsi eta erakunde publikoen aldetik baliabide gehiago jarri eta eraginkortasunez kudeatzeko gomendio zuzenarekin.
A.2.- Zein beharko luke, beraz, Hizkuntza Gutxiagotu bezala, gure Estrategiak? Diferentziazioarenak beharko luke, ezbairik gabe. Orduan, nola jar genezake balioan Euskara, marka GloKal bezala, edozein delarik euskarria?
A.3.- Ez ote gaude jadanik Elebitasunaren Dikotomiaren Amaieran? Izan ere, gure herrian, 20 urteren buruan, euskara eta espainolaren hizkuntz elkarbizitza kudeatzea ez baita izango erronka bakarra, ezta? Esan beharra dago, bestalde, ikastolen mugimendu eta hainbat eta hainbat gizarte mugimenduren kemenari esker lortu dela egun dugun euskararen normalizazio maila (erakunde publikoekin nola edo halako elkarlanean), eta hori ere azpimarratzekoa da. Hala ere, hizkuntz aniztasunaren maila igoko den susmoa dut aurrerantzean. Eta horrek aurretik behartzen gaitu aurrea hartu eta egoera prestatzen hastera, fokua dagokion lekuan jarriz. Erronkak, Euskara 2.0 deitzen dugun euskararen posizionamendu berri honetan.
B) Ekuazio hau litzateke oro har sistemikoki kudeatu beharrekoa: (a)Konektatuak + (b)Hiztunak + (c)Hizkuntz-Komunitateak + (d)GloKalizazioa.
B.1.- Etorkinen erronka berria eta Hezkuntza-Sistemaren indarguneak kontuan izan beharko genituzke:
Oro har, ume etorkinen hazkundea ikusirik, 1998an 1.462 ume izatetik 2007ko 63.376 umeetara igaro gara. Hazkunde esponentzial horren kudeaketa euskarari dagokionean, zein klabetan egin beharko ditugu?
B.2.- Eta guri dagokigunean: euskal hiztun komunitatearen erronkak zeintzuk lirateke? Euskal(dun) HIRItarrak 2.0 bihurtu beharko genuke agian gu guztiok? Zein litzateke gure rol berria Euskara 2.0 aro honetan? Irekiak, digitalak, sare-logikadunak, gloKalak, hizkuntz hackerrak (bertsolariak bezala?), militantziatik marketinera igaroz, garbizaletasuna sakrifikatuz (?). Galdera asko. Baina, ene ustez, beharrezkoak.
B.3.- Hiritartasuna: ez ote gaude orduan Euskal Hirirantz lerratzen?
Azken urteotan, Euskal Hiriaren kontzeptua errealitatearekin txertatzeko bideak lantzen nabilenean, iruditzen zait hipotesi hau berriro planteatzen dela euskara hartzen badugu aldagai bezala. Alegia, honek guztiak garamatzala gizarte-konplexutasun maila altuago bateko errealitate bat asumitzeko beharrera. Hori al da Euskal Hiria? Bai. Eta euskarari dagokionez, hiritartasun nozio bat aplikatzera behintzat eraman beharko gintuzke. Azken ohar bat gai honen inguruan: hiritartasuna aldarrikatzeak, euskal gizarte sare moduan ikusita, ez du esan nahi landa (herri) vs. urbanoaren (hiri) ika-mika zaharra planteagarria denik egun. Alegia, ez dikotomia faltsurik sustatzea gomendatuko nuke. Baina, noski, Euskal Hiriak bere baitan Euskal Herriaren nortasun lokal guztiak jaso behar lituzke, eta kanpotik etortzen direnekin elkarbizitzan jarri. Horra hor Euskal Hiriaren erronka: Euskal subjektibitate zentrala duen nortasun anitz eta partekatuak sortzen joatea. Ba al du inork errezetarik? Ez dago errezetarik. Ekin, besterik ez.
Azken pasadizozko oharra: Boiseko (Idaho) ikastolako 16 umeak euskaraz hitz egiten ikusten ditut, eta aldi berean, facebook-arekin daude etengabe konektatuak. Eta pentsatzen dut nire baitarako, posible izango al da etorkizunean Boiseko ume hau Urrestillako beste ume batekin konektaturik... Euskara 2.0 horren 2020. urteko adibide bizia izatea?
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
