Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:07

IRITZIA;2008-10-10;ZUZENDARIARI. Gotzon jatorra. Gero arte, Gotzon. Durangoko Azokako kartelaz.

Gotzon jatorra

Asteazken goizean zure berri izan nuen, Gotzon. Non eta eskolako liburutegian. Jakin banekien egunkarietan irakurrita zer edo zer bazenuela, baina hori baino ez. Horregatik, bat-bateko danbatekoak ustekabean harrapatu ninduen, eta egia esango badizut atzamarrak baino bihotzaren zati handia utzi nuen atearen zirrikituan, eta negar egin nuen. Zoriona ere negar egitea omen da, baina begi bakar batekin eta nik begi biak erabili nituen malkoak askatzeko. Negarrez nengoela zeuk aspaldian unibertsitatean esandako bitxikeria etorri zitzaidan gogora. «Badakizue zergatik emakumezkoek gizonezkoek baino urte gehiago hartzen duten?». Inozo halakook! Hantxe aritu ginen ahoa zabaldu aurretik zientzia liburuek egindako ekarpenak hausnartzen erantzuna txukuna emate aldera. Baina ez, zientziatik haratago joaten zinen sarri askotan eta gu umeen antzera lelotuta gelditzen ginen. «Negar eta abestu gehiago egiten dutelako».

Gero, eguerdian telebista piztu nuen zure gaineko informazioa izateko. Ez dakit zergatik, baina zu protagonista izatea espero nuen; baina ez, zu baino lehenago bestelako berriak entzun behar izan nituen Euskal Telebistan krisia dela, ekonomia dela... Badakizu, literaturak ez du dirurik ematen herri honetan, baina tira!, ez gara horretaz arituko: horrelakoetan denbora galdu eta berotu baino ez baikara egiten. Hori bai, betiko moduan ikusi zintudan liburu potolotan igerian. Ez dakit nola ez zaren itotzen. Zer moduz leku berrian? Nola konpondu zara zure jakintza horren urrutiraino eramateko? Ziur nago buruaren disketean eraman duzula oraingo paraje berriak ez kutsatzeko. Hain zara ekologista...!

Egunkari, telebista eta irratietan zure izena eta izana bolo-bolo zabaldu badute ere, inork ez du esan non zauden. Baina horrek ez du axola, edozein lekutan zaudela ere, nik Bernart Etxepare, Txomin Agirre, Pedro Miguel de Urruzuno, Jose Antonio Loidi... eta enparauekin ikusi zaitut literaturaren gainean berriketan; eta, nola ez, baserritarrekin aspaldiko esaera zaharrak ikasten eta zure koadernoan apuntatzen. «Nola erran duzu, amona? Nola zuen izena Zuberoakoak? Eta Zeberioko aitonak?». Zenbat izen, zenbat leku, zenbat ordu euskararen alde, Gotzon. Gaur egungo auto eder horiek noranahikoa dute izena, ezta? Bada, zu horrelakoa izan zara eta zara, ze...

Gauzatxo bat ahaztu aurretik: oraindik ez dakit zure helbidea eta ez dakit nora bidali eskutitz hau. Dena den, ez dut uste kezkatzeko arazoa dagoenik, zeren eta laster antzarak, kurriloak... pasatuko dira guretik eta beraiek eramango dizute. Ondo segi, eta zertxobait idazten baduzu bidali, gustura irakurriko dugu eta.

Juan Luis Mugertza.

Berango.

Gero arte, Gotzon



Asteazken goizean, irratian, Gotzon Garate josulaguna, Filosofia eta Letren Fakultateko katedraduna, idazlea eta euskaltzalea, hil dela, entzun nuen. Jakin banekien aspaldi gaixo zebilela, baina berria entzun eta gero triste sentitu nintzen, gero bere irria eta bere alaitasuna gogoratu nuen eta hobeto sentitu nintzen.

Euskaltzaleok ondo baino hobeto dakigu gure herri honetan euskalgintzak askotan dakarren motibazio galtzea. Horrelakoetan, behin baino gehiagotan, Gotzon Garaterengana, nire irakaslearengana, jotzen nuen eta indar berrituz euskalgintzara bueltatzen nintzen.

Gotzon Garate ez da joan, Gotzon Garate asko daude munduan, euskararen alde eta bidezkoak diren borroka leialetan lan egiteko prest, umore on eta baikortasunez.

Gotzon maitatu eta ezagutu dugunok beti izango dugu Gotzon bihotzean. Gotzon ez da joan, bizitza honetan maitasuna, alaitasuna eta gizatasuna dagoen bitartean hor dago Gotzon.

Eskerrik asko, aita Gotzon.

Aitor Azkuenaga.

Bilbo.

Durangoko Azokako kartelaz



Hasteko eta ezer baino lehen Anjel Lertxundik egindako kritika eskertu nahi nuke, nire lanari erreparatzeagatik. Ondoren, kartelaren inguruko azalpen batzuk ematea gustatuko litzaidake, harrituta geratu bainintzen egindako erreferentziarekin.

Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da besterik gabe, kasualitatez gizona dena. Irudiari dagokionez; alde batetik betaurrekoak neska batenak dira eta bestetik zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok badugu burua? Agian gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da hobe «feminismokerian» erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?

Aritz Zabala.

2008ko Durangoko Azokako kartel lehiaketaren irabazlea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia