Eroskiren EMES operazioa dela eta
Anton Elorza Agustin Zugasti Simon Martinez de Arroiabe
Mondragon Taldeko kideak
Duela hilabete batzuk Eroskiko zuzendaritzak adierazi zituen asmoek kezka larria sortu zuten. Gerora, ordea, hipotesirik okerrenak ere baieztatu dira. Zuzendaritzak erdietsi nahi duen azken emaitzak Eroskiren erabakitzeko ahalmena ahulduko luke, bigarren mailako kooperatiba bihurturik, eta horrek bi ondorio ekarriko lituzke: boterean gero eta gehiengo espainol handiagoa biltzea eta eragin praktikoetarako MCCtik irtetea. Ikuspegi horretatik, bidezkoa da EMES operazioaren aurka agertzeko arrazoi pisuzkoak daudela sinestea. Objektibo samar izaki, honako hau euskal kooperatibismoaren koiuntura behinen eta latzenetako bat dela esan dezakegu. Larriena, inondik ere, MCCri dagokionez. Hemen adierazten ditugun taldeetan oraintxe -seguruenik- nagusi dabilen sentsibilitatearen behin-behineko eledun baizik ez gara artikulu hau sinatzen dugunok. Ondotxo dakigu Eroskiko zuzendaritzak gauza asko estu lotuak dituela baina, informazioak bere bidean aurrera egingo duelakoan, funtsezkoa deritzogu hurrengo gogoetak herritartzeari:
1. EMES proiektua Eroskiko zuzendaritzak estatu espainol osorako dituen asmoen araberako korporazio berri bat sortzea eta, praktikan, MCCren arau-moldeetatik irtetea da.
2. Bazkideen kolektiboak eta talde kooperatiboak, oro har, jakin gabe eratu eta prestatu dute, luzaro prestatu ere, EMES operazioa. Begi bistakoa da sentsibilitate ideologiko jakin bateko lidergo batek izan duen eragina. Sentsibilitate guztiak zilegi dira, baina kezkatzeko modukoa da herri txiki honentzat berebiziko garrantzia duen errealitate kooperatibo baten izaera norbaiten ahalegin pertsonalek aldaraztea, horren inplikazioak lasai eta sakon aztertu eta jorratu gabe.
3. Eroskiren elementu estruktural batzuek aukera ematen diote zuzendaritzari honek erabakitzeko ahalmena duten organoak baldintza ditzan. Barne-metabolismoan, behintzat, batzarraren benetako autonomia Eroskiren errealitatean ez da betetzen, organo horren erdia exekutiboak zuzenduta baitabil. Kooperatiba exekutiboa da Eroski: bertako bazkideen nahi subiranoaren aurrean errealitatea maneiatzeko exekutiboak duen ahalmena biziki handia da. Alde batetik, eskema hori indarrean dagoela, ulertzeko modukoa da zuzendaritzari hamar mila edo berrogeita hamar mila bazkide izateak bost axola diola, kohesio soziala izan edo ez izan. Beste alde batetik, ezaugarri horri esker, erabakia jendea baldintzatuz hartuko da; ez, ordea, informazio guztia agerian jarrita.
4. Euskal gizartea banaketa-talde kooperatiboa izateko aukera gabe geratu da. Eroski euskal taldea izan dena, estatu espainiarrean gehiengoa duen estruktura baten barruan geratuko litzateke eta, sentsibilitate politikoak gorabehera, ederki dakigu denok Espainian nagusi den joera estrukturala edonolako euskal erabakimenak galaraztekoa dela betidanik.
5. Gai honetan eskarmentu handia ez dutenek akaso sinetsiko lukete operazio horren justifikazioa enpresa alorrekoa bakarrik izan litekeela. Jakina denez, Euskal Herrian ekonomikoki etengabe goraka ari da Eroski, orokorrean. Baina estatuko filialetan dirutza galtzen da. Zenbaitek filialak saltzea aholkatzen du. Eroski kosta ahala kosta goitik behera kooperatibizatzeak ate hori itxiko luke eta, gainera, etorkizun konplexu bezain arriskutsuak planteatuko lituzke.
6. Proiektu horretan zuzendarien ordainsariak ikaragarri ugalduko lirateke, kooperatiben barne-erreferentzietatik urrunduz eta, jakina, banaketa-enpresa kapitalistak eredutzat hartuz.
7. Bigarren graduko kooperatiba baten bitartez botere egiturak sortuz, Eroskiko zuzendaritzak erdietsi nahi dituen jomugak hauek lirateke: boterea areago biltzea, euskal erabaki-eremua suntsitzea, zuzendarien lansariak ordaintzeko mugak erabat haustea eta MCCren arautegi jakinetatik are eta askeago geratzea.
8. Une honek Taldearen etorkizuna behin betiko markatuko du eta, gainera, kooperatibismoaren funtsezko printzipioetako batean eragin latza izango du. Une honetantxe, beraz, organo kooperatiboek beren eginkizuna bete beharko dute, gaia sakon eztabaida dadin proposatuz.
9. Sentimendu kooperatibisten erabilera da aurrean duguna. Nortasunaren eta sozietate-hedapenaren arteko orekan mantentze hori, duda izpirik gabe, erronka zaila dute euskal kooperatibek. Nortasunari eustea eta partaidetzari ateak zabaltzea uztartzeko balioko duten formulak aukeratzean asmatzea dugu oraino eginkizun. Klabea, noski, 3. oinarrizko printzipioa (lanaren subiranotasuna) 8. eta 9.arekin (lurraldeari atxikirik jarduteko bokazioa eta munduari irekitako bizipen horrek duen nortasun-premia, alegia) konbinatzea da.
10. Hauxe da artikulu honen funtsezko mezua, hain zuzen: kontua serio eztabaidatzeari bide ematea. Eta baiezkoa emateko moduko aukerak erakustea. Esperientzia kooperatiboaren 3, 8 eta 9. printzipioekin bat etorriko den Eroski baten ereduari baiezkoa ematea. Euskal kooperatiba-mugimendu osoarekin sinergiaz, bera sortu zuen herriarekin konpromisoa hartutako banaketa eta kontsumorako talde kooperatiboari baiezkoa ematea. Baiezkoa filialen egiazko balantze ekonomikoaren analisi serioari eta ordezko hainbat irtenbide (sarea, matrizea, marka bikoitza, Consum eredua, filial kooperatibizatu mistoak, eta abar) aintzat hartzeari, etorkizunean banaketarako euskal talde adimendun eta sendoa izan dezagun. Baiezkoa balio kooperatiboak zaintzeari ordezko irtenbide horietako edozeinetan, baiezkoa subiranotasun arduratsuko prozesuak gorpuz ditzaketen balioak gauzatzen ari diren kasuetan gestioaren, emaitzen eta kontrolaren kooperatibizazioa gero eta handiagoa izateari. Baiezkoa hori dena lasai, serio eta sakon aztertzeari, ordezko aukerak bereziki kontsideratuz.
Eroskiko zuzendaritzak, ordea, adimenez dihardu eta, horrela, atzerako bueltarik izango ez duen erabakia hartzear gaude, benetako gehiengoen egia adieraziko duen eztabaida seriorik antolatu gabe. Ederki dakigu, bukatzeko, esperientzia kooperatiboan funtsezkoak diren eragile batzuk gogoeta horiekin ados daudela; Eroskiko bazkideen gehiengo zabal bat ere jarrera horrekin bat datorrela pentsatzea, era berean, ez da gehigikeria. Erabakia hartu behar duten erakunde denetako pertsona guztiei premiazko deialdia egiten diegu, hortaz, asteotan arduraz eta sen historikoz jardun dezaten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
