Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:42

IRITZIA;2008-08-30;(Euskal) Hiritarrok 2.0

(Euskal) Hiritarrok 2.0

Igor Calzada

Soziologoa eta Nevadako Unibertsitateko eta MIK/MU-Eteoko ikertzailea

Arazo berriak soluzio eta metodo zaharrekin aztertu eta ikustera ohituak gaude. Eta horrela ez gara oso berritzaileak; azken batean, ziklo berak errepikatu eta hiritarrak (gu guztiok) kaltetuak suertatzen gara. Guztia berrikuntza hitzarekin apaintzen ari gara egun, duela oso denbora gutxi sortu den leloari jarraiki; eta jakina da beharrezkoa dugula eta izango dugula, gure herriaren etorkizuna erein eta bermatu nahi badugu, noski. Baina hori guztia horrela izanda, galdetzen diot neure buruari: benetan aplikatu al diegu eguneroko arazo txiki baina herrigintza egiten duten horiei guztiei berrikuntzak dakarkigun errezeta? Maiz, inongo datu fidagarri eta slogan populista kaskarrenak erabiltzen ditugu, gure komunitatekoak hertsitu eta gure egia legitimatzeko, aldamenekoa ia konbentzitu behar ez dugularik gure alde jar dadin. Hori ez da berrikuntza lanabes harturik herrigintza egitea.

Herrigintza egiteko kultura parte-hartzaile berri bat behar dugula aldarrikatu nahiko nuke hemen agian. Eta batik bat, denbora berriek hori eskatuko dutelako, ezbairik gabe. Alderdi politikoei eta beren masei bakarrik baino gehiago, gizarte zibilari axola zaizkion eguneroko arazo horiek birplanteatu eta adosteko. Eta hori guztion lana da, politikariona eta hiritarrona. Horri deitu ei zaio berrikuntzatik (eta nazioarteko adibideak ari dira apurka ezagutzen) Politika 2.0.

-AEBetatik bueltan Euskal Herrian berriro, zera entzun dut: «Berrikuntzaz ari garela, politika ekuaziotik kanpo geratu behar da». Eta ez nago ados. Herrigintza 2.0. ez al dugu jada beharrezko gurean? (...) Jazzaldia, AHT eta halako kontuekin egin dut estropezu iritsi eta berehala. Bi gai ezberdin, eta sortzen dituen sentsazioak ere diametralki antipodetan. (...) Bitartean, kaleko jendeak ez die tankerarik hartzen eta ez ditu bere egiten berrikuntzak dakartzan mezu nahiz ondorioak. Hitz tabu saihestua bihurtu den horrekin parekatzea antzeman gabe: Krisia-.

Askotan pentsatzen dut zergatik herrigintza egiteko hainbeste buruhauste eta energia galtze tamalgarri, hiru barruti administratibotan banatuak gauden batez besteko 3 miloi biztanle soilik osatzen dugun herri honetan. Bestalde, esan nahi baita, Europar Batasunaren mugetan dauden herrialdeetan, hiritar parte-hartzea sustatzen ari dira, gizarte zibilean mugimenduak egotea ezinbesteko ezaugarri bihurtu denean ere gizarte aurreratu gisa kontsideratzeko. Ez du esan nahi, kontrara, edozein proiektu herri oso baten arazo bihurtu behar dugunik beti eta etengabean. Alegia, egun, gu bezalako europar eta nazioarteko herri askok horrelako proiektuak izan ditzakete eta hiritar prozesu parte-hartzaile eraginkorrak egiten dituzte, argudio tekniko eta objektiboak partekatuz, azken batean, erakunde eta gizarte mugimenduekin akordio bateratu batera helduz; non ekonomi, gizarte eta ingurugiro alorren artean, oreka bat lortzen den, «garapen iraunkorraren» ekuaziora iritsiz, eragile guztiokin batera, ondorio lazgarririk gabe. Jakina, horretarako gauzak egiteko modua aldatu egin behar da. Norberaren komunitatetik (alderdi, mugimendu...) eta gutariko gizabanako bakoitzetik abiatuta. Eta horrek «umiltasun» eta kultura parte-hartzaile handia aurresuposatzen die parte-hartzaileei.

Pena handia da, kanpotik ikusita, gure herriak aurkezten dituen gizarte kapital adierazle hain altuak emanda (alegia, konfiantza-sare sakonak, kolaboraziorako aurrejarrera eta gizarte-bizitza komunitario oparoa), ez garatu izana gizarte kapital honetatik herrigintza berri bat. Ezin al ditugu gauzak beste modu batera egin? Auzoetatik udaletara, eskualdeetatik pasatuz... Hiri-sare maila batera helduko ginateke ere inoiz. Euskal Hiritarron maila horretara. Izan ere, edozein delarik gure herriaren garapen eredua (abiadura handikoa edota abiadurarik gabea), ezbairik gabe aurreikus dezakegu, modu batean edo bestean, Euskal Herri hau, sare eta komunitatez osatuta egonda, hiri handi baten gisara egituratuko dela aurki: konplexutasun handiko gurea bezalako gizarte bati hobekien egokitzen zaion lurraldetasun-eredura, alegia, Hirira. Hiritar ezberdinez osatuta eta gizarte konplexutasun handiarekin. Horrek guztiak berrikuntzarekin ere badu zerikusia. Ez gaude herri vs hiri dikotomia zaharkituaren garaian jada, barka egidazue. Berrikuntza hirian dago, eta baita herrietan ere, jakina. Baina guneak edota nodoak hiriak dira, hemen eta munduko edozein bazterretara jotzen badugu.

Azken batean, orain arte soilik estrategia bakarra izan dugu: «Arerioaren kontra egitea». Baina herrigintzaren eguneroko arazoek egunetik egunera konplexutasun maila handiagoa aurkezten dute. Non erabaki-hartze prozesu eraginkor eta parte-hartzaileak geroz eta beharrezkoagoak izango diren. Hartara, estrategia zaharkituak alboratuz, agian, besarkatzen hasi beharko ginateke kultura politiko parte-hartzaile berri bat. Gizabanakotik abiatzen dena: gutariko bakoitza ezpada 2.0., zertarako behar dugu berrikuntza? Jakina, guztion artean herrigintza bermatzea bada kontua. Alegia, bere egunerokoari begirada berritzailearekin begiratuta eguneroko hori aldarazten saiatzen diren hiritarrak goretsi behar ditugu: Euskal Hiritarrok 2.0.

Garai berrietako arazoei behingoz konponbide berriak eskainiz. Zergatik ez abiarazi. apika, kultura 2.0., turismo 2.0., ongizatea 2.0., euskara 2.0., ekologia 2.0., lana 2.0. eta abar? Herrigintza 2.0. eginez.

Garai hauek ate joka etorriko dira. Eta hau uste baino lehenago, gainera.



 




Pena handia da, kanpotik ikusita, gure herriak aurkezten dituen gizarte kapital adierazle hain altuak emanda (alegia, konfiantza-sare sakonak, kolaboraziorako aurrejarrera eta gizarte-bizitza komunitario oparoa), ez garatu izana gizarte kapital honetatik herrigintza berri bat. Ezin al ditugu gauzak beste modu batera egin?





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia