Hitzerdi patsetan
Pako Aristi
'Orgasmus'
Norbaitek txiste erraza egin zuen Erasmus bekak direla eta Orgasmus bezala bataiatu zituenean, Europara barreiatu ziren euskal ikasle gazteen kronikak iritsi zirenean.
Euskal literaturan Erasmus belaunaldi bat ere agertu da azken bi urteotan, Berlinen, Londresen, Suedian edo beste leku askotan kokaturiko liburuak ordezkari dituena; orgasmo batzuk ere agertzen dira orriotan.
Dena den, Erasmusen aurrekoa da bere herritik atera eta, ordura arte ez bezala, bata bestearen atzeko orgasmoekin topo egiten zuten euskal ikasleen historia; eta ikasle guztiena oro har. Bere herrian urtean behin ligatzen zuenak Bartzelonara joan, esate baterako, eta urtean hiru, lau, bost edo hamar aldiz ligatzen zuen. Azpeititik Bilbora joan, eta berdin. Amezketatik Galiziara joan, eta beste hainbeste. Etumetatik Madrilera joan, eta antzera. Antzeko istorio asko kontatu dizkidate.
Hasieran uste nuen lotsa galtzearen kontua zela, baina ez; ikusi ditut oso lotsagabeak Azpeitian ligatu ezinik.
Gero pentsatu nuen ikasleen kontua zela, ikasle-pisuetan sortzen den giroagatik, edo karrera ikasiz batera bizitzan barneratzen ere ikasten zutela mimetikoki, baina ez; lanera doazenei ere gertatu izan zaie.
Edo oporretara joan direnei ere: ezagutu dut azpeitiar bat, Peñiscolara joan eta beste azpeitiar batekin ligatu zuena. Gero herrian bertan jarraitu zuten pare bat urtez.
Uste dut oroimenarekin daukala lotura, eta oroimen horrek gure juzkuan eragiten duen distortsio batekin: behin zerbait ikusi dugunean jada dena ikusia daukagula pentsatzeko daukagun ohituarekin.
Ohitura horrek pobretu egiten gaitu, ez diolako ezusteari lekurik uzten bere aurre-ikuspenetan.
Inor ez da txikitako lagun batekin maitemintzen, ezagutzen dugula uste dugulako. Ezagunokin gure elkarrizketak ezarrita dauzkagun mugetan garatzen ditugu beti. Jakintzat ematen dugu esango digutena, eta inork ez dio entzuten inori. Nola bere jarrera bitala zein den badakigun, erantzun ere ez diogu erantzuten hark esan duenari, bere jarrera bitalari baizik.
Baina bizitza ez da egonkorra, aldakorra baizik, eta pertsona ere prozesu bizi bat da, ikasten ari dena, sustoak pasatzen, nahigabeak jasotzen, iritziak aldatzen, samurtzen.
Guk irudi bat egin badugu norbaiti buruz, hil dugu pertsona hori: aurrerantzean irudia ikusiko dugu beti, ez bera.
Horregatik, gure ingurutik ateratzen garenean gutaz ezer ez dakien jende artera goaz, eta haiek guk nahi dugun bezalakoak izateko aukera ematen digute. Horixe da maitemintzea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
