Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:42

IRITZIA;2008-07-04;'Where are you from?'

'Where are you from?'

Igor Calzada

Soziologoa eta Nevadako Unibertsitateko eta MIK/MU-ETEOko ikertzailea

Oporrak datoz aurki. Eta hori izaten da seguruenik Euskal Herritik kanpo gaudenean, gutariko bakoitzari erantzutea suertatzen zaigun galdera edozein momentutan. Orduan etortzen dira kontuak galdera horri, zuzen (eta geure buruari iruzur egin ez eta) koherenteki, gu arrotz izanda bizitzen ari garen herrialde horretako gizabanakoari azalpenak emateko instantea. Euskaldunak bai, Euskal Herrian. Eta atzerrian... nondik hasi? Hor dator jada benetako froga. Izan ere, azken aldian Euskal Herrian bertan, globalizazio eta gure nortasunaren posizionamendu ekonomiko, sozial eta kultural berriaren beharra entzuten ari gara edozein iturburu ideologiko ezberdinetatik ere. Horrek zer pentsatua ematen dit: Euskalduntasunaren diskurtsoa maila globalean oraindik egiteke dagoela alegia. Eta hor dabiltza, alderdi eta ideologia ezberdinetako pentsalariak buruari bueltak ematen eta formula zein den asmatu nahian. Bitartean, hitz anpulosoak erabiliz guztiak. Baina, ohartu ez direlarik; kanporako ematen dugun erantzun horrek, barneko gure herrigintza egiteko modua ere aldatuko duela seguruenik. Eta hori da erronka nagusia.

Azken batean, atzerrian nola eta zein nomenklaturarekin aurkezten dugun gure izate kolektiboa, gakoa izaten da, geure buruan dugun barne herrialde sinboliko hori irudikatzeko. Hor sortzen dira galderak. Har dezadan adibide gisa hausnarketarako, gaia ilustratzearren, Atxagak dioena horren inguruan:

«Euskal Herria hamaika uhartetxoz osatutako lurralde bat da. Eta uhartetxoak ez daude beti ondo komunikatuta. Errepasa ditzagun gauden leku honi ematen zaizkion izenak: "Euskadi", "Euzkadi", "Euskal Herria", "Vascongadas", "País Vasco", "Pays Basque", "País Vasco-navarro", "País vasco-francés", "País Vasco-español", "Comunidad Autónoma", "Erkidego autonomoa"...bistakoa da, izen asko dira mapan ikusi ere egiten ez omen den leku batentzat. Gainera, zalantzan jarrita daude denak, alde batetik edo bestetik: batzuek ez dute, kasu, "Vascongadas" sekula esaten, edo umore zakarrez bakarrik esaten dute; beste batzuei higuingarri egiten zaie "Euskadi" aditzea ere...».

Belfast-en duela zortzi urte, bake prozesua hain justu pil-pilean zegoenean, «Where are you from?» galderari, hutsean «From the Basque Country» erantzun eta segidan gertatu zena datorkit gogora; pint erreka batez bustitako elkarrizketa amaigabe bat ETA eta IRAren inguruan. (Emakume ilehori unionista egokitu zitzaidan elkarrizketakide, esan behar baita bestalde). Lisboako Itunari ezezko borobila eman, Celtic Tiger-aren hazkunde ekonomiko izugarria bizi eta bake prozesuaren ondorio baikorraren uzta jasotzen ari den Irlandan; egun, agian elkarrizketa bera ez litzateke suertatuko.

AEBetan aldiz, Nevada, Idaho edota euskal diasporaren aztarren bat erreferentzia moduan izanda, bertako komunitate hurbilarekin lotuko gaituzte. Gainontzekoek, ideia zipitzik ez eta ez dute jakingo Europako zein lurralde puskari buruz ari garen ere.

Hona iritsi nahi dut: Gure identitatea, mundu globalean egiteke dagoela. Eta seguruenik, Euskal Herriko gizabanako bakoitzari galdetuz gero, artxipelago horiek guztiak aterako zaizkigu. Ez baitago Euskal Herri bakar bat. Norberak berea du. Eta hori atzerrian, oso garbi azaltzen da.

Zer egin, ordea, erreferentzia baliozkoa (nire iritziz) zaigun, herrialde nordikoetatik abiatu den Norden 2020 txosten prospektiboak lau mega-joera handien aurrean (a.- Garapen teknologikoa, b.- Globalizazioa, c.- Zahartze-demografikoa eta d.- EB gainegitura), gure izatea eta nortasuna mundu mailan ekinbide bihurtu ahal izateko?

Bi ideia bota nahiko nituzke hausnarketa piztuarazteko:

Lehenengoa, Euskal Blogosferari dagokiona, eta, bigarrena, e-Parte-hartzea-ren kontzeptuarekin lotua:

1.- Euskal Blogosfera:

Eusko Ikaskuntzako euskal nortasunaren inguruko ikerketa batean aipatzen zen herrialde eta hizkuntz gutxiagotuak, beste edozein komunitate baino lehenago jarri direla blogosferaren lurralde birtualaren konkistan. Eta, noski, txostenak dioenez, Euskal blogosferak, oso modu proaktiboan erreakzionatu omen du. Horren testigantza bezala euskararen beraren presentzia sarean. Ez al da mapa globalean, gure lurralde hori eraikitzeko modua. Bai, ziberespazioaz ari naiz, mundu birtualez, badakit. Baina... zein izan da, Obamak Hillary irabazteko faktore erabakigarria? Ziberespazioa eta sareak oso modu egokian kudeatu izana.

2.- E-Parte-hartzea:

Entzuten ari gara EBen parte-hartze digitalaren aroan gaudela. Eta pentsatzen dut, nola da posible hori, aukera politiko batzuk nonbait hitzik ez dutenean? Nola da posible hori, herri kontsulta baten aukera plazaratzean, Estatu baten debekua, horren gainetik jartzea? Nola da posible hori, AHT bezalako azpiegitura erraldoi eta estrategiko baten aurrean, adostasun eza nagusi eta izpiritu demokratiko parte-hartzailerik ez bada inon ikusten? Zertan oinarrituak daude jarrera kontrajarri horiek? Non daude ebidentziak eta datuak? Eta auzoetan e-parte-hartzea, posible izango al da ba?

Euskal Herriari, mundu globalean bere lekua aurkitzea ezinbestekoa zaio. Gutariko euskaldun bakoitzak berea aurkituko duen moduan; norberak bere moldea aukeratuz, noski. Hori bai, Euskadi 2020, Donostiako 2016 Europako Hiriburu Kulturalaren hautagaitza, eta hainbat eta hainbat proiektu estrategiko entzuten gaudenean etengabe, etortzen zait gogora honako galdera: Nongoak izan nahi dugu?

Laburbilduz, gure herrigintza (eraikuntza nazionala?) artikulatzeko abagune berri honen klabeak maneiatu behar ditugu. Hor daude adibideak, blogosfera eta e-parte-hartzea. Erabiltzeko daude. Azken batean, Friedman-ek esan zuen bezala, «mundua laua da» eta agian, Euskal Herria «maldatsu» izatetik, «lau» izatera pasatu beharko genuke, apika, ez orografian(!), gizarte-hartu-eman eta ziberespazio geroz eta zabalagoan. Eta guztia, munduari zabalduta beti leiho handi eta koloreanitz bat irekita utzita, haizea, etengabe, sartu eta atera dadin bertatik.



 


© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia