Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 25 - 09:34

IRITZIA;2007-05-30;AHT ala bizikletak?

AHT ala bizikletak?

Rosa Lago

Ekologistak Martxan-eko kidea

Garraiobide unibertsala eta biztanlerik gehienen premiak aseko lituzkeena al litzateke Abiadura Handiko Trena Hegoafrikan? Eta hau aitortu du aurrez aurre dudan AHTren aldeztaile suharrak: «mugikortasuna da arazoa». Salgaien garraioa etengabe ari dela hazten, hori da arazoa batetik, laurogeita hamarreko hamarkadan batez beste %28 hazi baitzen urtero EAEn; eta, bestetik, ikasketak eta lana bitarteko direlako lekualdaketen tasa gero eta handiagoak, % 2,4 urtero. Datu zehatzik izan gabe ere, litekeena dirudi AHT ez ikustea inolako konponbidetzat nigeriarren %90ek --ozta-ozta bizi baitira egunero dolar batekin baino gutxiagorekin--; ezta mugikortasunari dagokionez ere. Eta paradoxa makabroa da, hain zuzen ere, EAEk 2005ean inportaturiko gas naturalaren %87 Nigeriatik etorria izatea (Iturria: Icex edo Kanpoko Merkataritzaren Espainiako Institutua): alegia, kontsumituriko ia energia guztia, La Gaviota aspaldi agortu baitzen. Erantzukizunak saihesten eta horiek herrialde pobretuen gobernu diktatorialei egozten eskarmenturik handien dutenek ere, buruargi horiek ere kolonialismo kiratsa hartu bide diete hainbat herrialderi --esate baterako, Euskal Herriari--, baliabide fosilik izan ez eta horiez jabetzen baitira, abiarazi duten bizimoduaren erritmoari eustearren.

Alde batera utzirik, kontsumoaren hazkundea abiaduraren berbidurarekin berdintzen ote den --galgatze kopurua txikiagoa izaki, bihurgune eta geldialdirik gabe--, AHT eraikitzeko lanek energia asko xurgatuko dute hasiera batean; eta, nolanahi ere, ez du joera irauliko eta energiaren kontsumoa murriztuko, mugikortasun gero eta handiagoa baita funtsean arazoa. EAEren barnean, hiru hiriburuen arteko lekualdaketei erasango lieke gehienez ere, ozta-ozta iristen baitira lekualdaketa guztien %0,72ra. Gainera, bidaia-txartelaren salneurria garestiagoa izango da, autobus edo tren txartel ohikoekin alderatuz gero: Bilbo eta Gasteiz arteko bidaiak 20 eurotik gora balioko luke, AHTren lineari dagozkion Renferen gaur egungo tarifetan oinarrituriko kalkuluen arabera. Beraz, ez dago pentsatuta langile soldata txikidunentzat edo ikasleentzat; eta, jakina, akabo bat-batean ama itxaropentsuaren ametsa ere, semea Bilbotik Gasteizera unibertsitatera egunero trenez bidaltzeko asmoarekin liluraturik omen baitzirudien. Herrialde aberatsentzako garraiobide berariazkoa da AHT. Pertsona jakin batzuentzat berariaz pentsaturikoa: egunero Madrilera joan-etorrian dabiltzan exekutiboentzat, baldin eta hegazkina erabili ordez trenez bidaiatzea aukeratzen badute.

Hirurogeita hamarreko urteen hasiera ingurutik ia hirukoiztu egin da gure energia kontsumoa; alabaina, hirukoiztu egin al dira gure bizi itxaropena, alfabetatze maila...? Eta krisi benetakoa datorkigu petrolio findugabearen krisia dela-eta, nazioarteko panorama gero eta gerrazaleago bilakatzen ari da baliabide fosilak kontrolatzeko ahalegin lasterrean --eta horren adibide garbia dira Irakeko gerra eta okupazioa--. Energiaren Euskal erakundeak energia aurrezkia eta eraginkortasuna sustatzen ditu, batetik; eta, bestetik, tokian tokiko ekoizpena, energia berriztagarriak bitarteko direla. Baina ez EEEk (EVE) ez Eusko Jaurlaritzako inork ez dirudi ikusi nahi duenik zer-nolako hondamendira garamatzan kapitalismoaren logikak, zeinaren gaur egungo bandera ontzia AHT baita Euskal Herrian.

Aurreikuspenen arabera, azken hogei urteetan EAE osoan eraikitako azpiegitura berri guztiek eragindako lur mugimenduen erdiak eragingo dituzte AHTren lanek, eta 331 nekazaritza ustiategiri erasango diete. AHTk panorama atsekabegarria utziko diete etorkizuneko belaunaldietakoei, alegia Txiletik sagarrak edo Marokotik tomateak inportatzen jarraitu ordez, eusko label sor-markadun produktuak kontsumituz beren elikadura subiranotasuna aldeztu nahi dutenei; salgaien zirkulazioa zinez gutxituko lukeen aukera politikoa, inondik ere.

Bizikletazaletasun grinatsu nirea kontuan harturik, Bilborako garraiobide praktikoen eta zoragarriena iruditzen baitzait --baita egun euritsuetan ere-- ibaiertzetik pedalei eraginez ibiltzea, metroaren txistu kirrinkaria jasan beharrean, hauxe galdetu zidan lagun batek maltzurki irribarre eginez: «Eta, zer egin beharko nuke, nik? Egunero bizikletan joan Bilbotik Gasteizera?». Jomugan jarri zitzaidan: «Ez, Gasteizen bizi beharko zinateke». Nire erantzunak min egin zion lagunari, eta ez dakit zehatz-mehatz zer ihardetsi zidan, baina nola-hala babestu nahi izan zen argudiatuz bere buruak gehiago balio zuela kontsumituriko energiak baino. Euskaldun guztiok, emakume zein gizon, baliotsuak gara, baina ez dugu balio nigeriarrek edo etorkizuneko belaunaldietakoek baino gehiago. Mundu guztiarekin harmonian bizi den herri batek bere baliabideez baliatu behar du bizitzeko, eta AHTk ez dio inolaz ere erantzuten irizpide horri. Ez dago astirik, lehenbailehen gerarazi behar dugu AHT.



(Erredakzioan itzulia)

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia