Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:56

IRITZIA;2007-05-09;ZUZENDARIARI. Egunkariari Barne poza Anoetako kirolgunea, TAO eta kirol federazioetako langileak

Zu zen DarI aRI

Egunkariari

Zuzendari jauna: oso bitxia egin zait Ibon Egañak Markak liburuaz idatzi duen iruzkina, eta ezer baino bitxiagoa bere zalantza etikoak aipatzen dituen pasartea. Honela dio Ibon Egañak --azpimarrak nireak dira--: «... bestalde, bigarren atalean bereak ez diren testuak bere liburuan jasotzeak (horrek sor ditzakeen zalantza etiko eta guzti) inpresioa ematen du egilearen ezkutaketetara jolastu nahi bat dagoela Markak. Gernika 1937 honetan». Adieraz daiteke afektazio gutxiagorekin, eta baita garbiago ere; baina, oker ez banago, lapur fama jarri nahi dit gizon honek.

Atzamar akusatzaileak behartuta, hitz gutxitan azalduko dut testu-antolaketaren arrazoia. Kontua da Guernica izeneko dokumentuaren faksimilea ateratzea erabaki zuela Pamiela argitaletxeak, eta Markak izeneko liburua harekin batera. Arazo bat zegoen, ordea: dokumentuko orrialde gehienak ingelesez zeuden; ingeles txar batean gainera, transkripzio kaskarrean. Azkenean, itzultzea erabaki genuen, eta, beste aukerak zailagoak eta garestiagoak zirenez, itzulpena liburuaren bigarren atalean argitaratzea. Ondoren, Pamielak aurrez ateratako lana berreskuratuz, G. L. Steer-en bospasei orrialde gehitu genizkion liburuari. Markak-en eta Guernica-n aipatutako hainbat pertsonaien gorabeherak berritzen zituztenez, irakurleek estimatuko zituztela iruditu zitzaigun.

Bide batez esanda, Pamielak eta nik neuk bezalatsu jokatu du argitalpena erdal irakurlegoari begira egin berri duen Ediciones de La Central-ek ere (De Gernika a Guernica. Marcas) . Dokumentuaren euskarazko orrialdeen itzulpena kokatu du Marcas-en hondarrean, eta, Guernica-ren faksimilea ez ezik, New Burlington galeriek 1938an egindako erakusketaren katalogoarena gehitu dio.

Auziari beste alde batetik helduta, bistakoa da ez dugula izan inor engainatzeko asmorik. Liburuan bertan azaltzen da hartutako erabakia, eta, liburuaz kanpora, hamaika elkarrizketetan adierazi dut nik; gainera, faksimilearekin batera joan dira milaka ale.

Bestalde, zeren bila abiatu behar nuen nik Ibon Egañak seinalatutako norabidean? Zein izan liteke berak salatutako krimenaren eragingarria? Nik uste liburuaren ibilbidea paretsua izango zatekeela gehigarririk gabe.

Lagun batek azaldu didanez, txarki hartzen omen ditut kritikak, ospe hori omen daukat eremu batzuetan. Litekeena, baina litekeena kontrakoa ere. Ibon Egañaren estiloan esatearren, nago santu bat naizela, edo izan nintekeela agian, non eta hemen, hemen edo han, edonola ere asto bat euli artean santu den, edo izan daitekeen, moduan. Nago hori ere egia dela, edo izan daitekeela. Inpresio hori daukat.

Bernardo Atxaga.

Gasteiz

Barne poza



Nik dagoeneko osatua dut nire filosofia. Lehenbizi karreran buru-belarri sartuta ibili naiz inportanteena estudiatzen, gero nire ondorioak pentsatu ditut, eta idatzi eta publikatu. Egina dut nire lana eta pozik nago, osteangoa jada ez da nire errespontsabilitatea. Baina badaude inbidiatsuak, badut horren eskarmentua estudiante garaikoa, eta halakoekin pentsatzen nik nire izkribuetan han eta hemen baditut sartzen nire aieneak, tokatu zaizkidan sufrikizunak asaskatzen, desahogatzen, eta hori praktikatzen dut mediku higienista naizelako alde batetik, eta baita inbidiatsuak kontent edukitzearren. Badut bat ezagutzen nire kalamidadeen berri edukitzean pozez zoratzen geratzen dena. Eta halako etsaia arriskutsua izan daiteke, eta hortik aieneak ere, higiene mentala dena, sartzea nire izkribuetan.

Roman Garmendia.

Donostia

Anoetako kirolgunea, TAO eta kirol federazioetako langileak



AFEDEGIk, Gipuzkoako kirol federazioen elkarteak, Anoeta kirol gunean TAO sistema ezarri zutenetik, orain hiru urte, eskaera anitz egin dizkio Donostiako Udalaren Mugikortasun Sailari, egoitza Anoetan duten kirol federazioetako langileen aparkaleku arazoari irtenbidea aurkitzeko asmoz.

Eroapen handia erakutsi dugu jasan ditugun gehiegikerien aurrean. Horren adibide dira federazioek Udal kirol Patronatuarekin adostutako aparkaleku itxian sartzeko alferrik erositako urrutiko aginteak. Izan ere, aparkaleku honek astero jasaten zituen sabotajeak saihesteko AFEDEGIk egindako proposamenei ez baitzien inoiz jaramonik egin, ez Patronatuak ezta Udalak ere. Bitxia bada ere, duela urte bat geroztik, inolako arazorik gabe funtzionatzen du aparkaleku itxiak, eta bertan aparkatzen dutenak Patronatuko langileak dira. Ez ote dituzte, egungo legeriaren arabera, federazioek ere zeregin publikoak betetzen?

Gertaera horiek direla-eta, sarri jo dugu Gasco zinegotziarengana, baina tamalez, gizartearen partaidetza eta politikarien adikortasunaz hitz egiten den garaietan, ez dugu orain artean inoren erantzunik jaso eta gutxiago elkarrizketa pertsonalik lortu.

Musika, kirol eta bestelako ekitaldiengatik Anoetako sarrera murrizten dutenetan ere arazoak izan ditugu Mugikortasun Sailak emandako sarrera baimenekin. Izan ere, behin edo behin trafiko-agenteren batek gure txartelak faltsuak direla esanez kendu izan baitizkigute. Horrelako bidegabekerien aurrean, txartelak berreskuratu eta hutsegitea onartzea besterik ez dugu lortzen.

Egoerak ordezkatzen ditugun federazioekiko errespetu falta izugarria adierazten du; bada garaia Mugikortasun Sailak, gurekin elkarlanean, arazo honi irtenbide bat bilatzeko.

Jose Etxeberria Intxausti.

AFEDEGIren Zuzendaritza Batzordearen izenean (Donostia)

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia