Anjel LertxundiGelan, andereño bat haurrekin. Andereñoari atsegin zaio asmakizunen jolas giroa bere ikasleen irudimena, logika eta hizkuntza lantzeko. «Tipitaki, tapataki, zer ote den nork daki?» formula esan eta gero, zabuari buruzko asmakizuna bota die: «Joan eta etorri, joan eta etorri, haurren jolasgarri». Haurretako batek hatza jaso eta erantzuna bota du: «Amona!».
Ez, zabua! zuzen zezakeen andereñoak, baina txalotu egin du erantzuna, ikusi berri baitu hizkuntza ez dela norabide bakarrekoa, eta nik errotatzat daukadana erraldoia dela beste batentzat. Ikusi berri du hizkuntza tresna egokia dela errealitatea islatzeko ere, haurrak aitona-amonen esku uzteko joera islatu baitu ikaslearen erantzunak. Eta hizkuntza-adituek aipatzen ez duten ebidentzia zaharra ere etorri zaio burura: «hizkuntzaren irakaskuntzak, ororen gainetik, hitzaren poza eta lilura transmititu behar ditu».