Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 25 - 05:36

2013-08-10

Nafarroan AHTa geratzea eta ohiko trenbidea hobetzea nahi dute hautetsiek

Madrilgo Justizia Auzitegiaren erabakia kontuan hartzea eta diru publiko gehiago ez gastatzea galdegin dute

Eneritz Albizu Lizaso

Nafarroan abiadura handiko trenaren obrak «berehala» gelditzeko eskatu du Nafarroaren trenaren aldeko eta AHTren aurkako hautetsien sareak. Taldearen hitzetan, proiektua «eutsiezina» da; ekonomikoki ez ezik, baita ingumen aldetik ere. Gogorarazi dute Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera obrak egiteko ingurumen eraginaren adierazpena legez kanpo dagoela.

Sustrai Erakuntza fundazioak salatu zuen ingurumen adierazpena berritu gabe dagoela, eta, joan den uztailean, auzitegiak arrazoia eman zion. Bost urte iraun ohi dute ingurumen eraginaren adierazpenek: Nafarroako proiektuarena 2004an onartu zuten, eta 2009an obrak ez zeuden hasita. Espainiako Gobernuak epaileari helegitea jarriko diola jakinarazi zuen abuztuaren 5ean.

Madrilgo Auzitegiak harturiko erabakiari helegitea ez jartzeko eskatu dute hautetsiek, haien hitzetan «diru publiko gehiago xahutzea» soilik lortuko baitute. Horrez gain, Luis Zarraluki Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariaren dimisioa eskatu dute, ingurumen adierazpenari buruzko abisuei kasurik ez egiteagatik.

Orain arte bezala, trenbidea

Taldeak jakinarazi du hirugarren burdinbidearen alde dagoela. Haren aburuz, AHTaren kostua baino «hamar aldiz gutxiago» da ohiko trenbidearena, eta, gainera, bidaiarientzat zein salgai trenentzat balio du. Orain arteko tren zerbitzua eskaintzen eta hobetzen jarraitzea proposatu du Nafarroako hautetsien sareak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia