Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 23:23

2013-07-25

Goi tentsioko linearen ordezko irtenbideak galdegin dituzte

Proiektua gauzatzearen beharra ez dagoela justifikatuta salatu dute Euskal Herriko 69 erakunde publikok

Eneritz Albizu Lizaso Donostia

69 erakunde publikok sinatu dute Lurra kolektiboak eginiko goi tentsioko linearen aurkako helegitea; 41 udalek eta 28 udalbatzak, hain zuzen. Alegazioan salatu dute Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko goi tentsioko linearen proiektua bideraezina dela, eta, horretarako, zortzi argudio aurkeztu dituzte. Autopista Elektrikorik Ez plataformak idatzian bildu dituzten zortzi argudioak aurkeztu zituen atzo Donostian eginiko prentsaurrekoan.

Argudio horien artean, herritarren desadostasuna nabarmendu zuten lehenik; plataformaren hitzetan, 216 erakundek erakutsi baitute proiektuarekiko guztizko desadostasuna. Herritarren osasunari eta ingurumenari proiektuak egin diezaiokeen kaltea ere gogoratu zuten. Bestalde, inguruko herrietako jarduera ekonomikoarentzat oztopo izango dela salatu zuten.

Autopista Elektrikorik Ez plataformaren hitzetan, egingo diren instalakuntzen beharra ez dute justifikatu, eta inguruetan horrelako azpiegiturak badira lehendik ere. Hori dela-eta, uste dute ordezko irtenbideak ez direla bilatu eta proposamen berriak egiteko garaia dela: Ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik gutxiago kostatuko diren alternatibak ez dira kontuan hartu orain arte.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia