Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 25 - 07:18

2013-07-02

Kultura bat dugu lurrari lotua

Nafarroako ubidearen lehenengo fasea handitzeko proiektuak arriskuan jarri du Miranda Argako eta inguruko herrietako nekazarien geroa; Argako ura erabiltzeko eskubidea kendu nahi diete, Itoizkoa hartzera behartzeko.

Edurne Elizondo Iruea

Miranda Arga izen bereko ibaiaren ertzean hazitako herria da. Uraren ondoan daude herritarren baratzeak. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS


Monika Carcar eta Azucena Zabaleta, Miranda Argan. Atzean, ibaiaren ondoko baratzeak. / JAGOBA MANTEROLA / ARP

Ekainaren 9ko uholdeek arrastoa utzi zuten Miranda Argako baratzeetan (Nafarroa) hurrengo egunetan. Ez da harritzekoa, Arga ibaiaren uholde arriskuko ordokian baitaude. Ibaiko ura erabiltzen dute herriko Ureztatzaileen Komunitateko kideek haien lurrak bustitzeko. Ia 300 dira. Lur sail txikiak dituzte gehienek, eta bizitza osoa lurra lantzen eman duten adineko pertsonak dira haietako anitz. Bizikletaz mugitzen dira herritik baratzera, eta baratzetik herrira. Frutaz eta barazkiz betetako saskiak erakusten dituzte, harro. Erakutsi, eta zabaldu. Miranda Argan ez da frutak poteratzen ez dituen inor. Urte osorako badugu zer jan. Kultura bat dugu lurrari lotua.

Azucena Zabaletarenak dira hitzak. Miranda Argako nekazari txiki horietako bat da. 4,5 erregu lur ditu, hamaika fruta arbol eta barazkirekin. Gurasoengandik jasotako lurra da nik lantzen dudana; eta aurretik haien gurasoek landu zuten. Nahiko nuke noizbait nire hiru alabek ere lur hau jasotzea. Laster haiei uzteko lurrik izanen ote duen ez du argi Zabaletak, ordea. Nafarroako ubidearen lehen fasea handitzeko lanek Itoizko ura eraman nahi dute Miranda Argara eta ondoko herrietara. Egitasmoa gauzatzen bada, egun ondoan duten Arga ibaiko ura ezin izanen dute gehiago hartu nekazariek; 100 kilometrora duten Itoizko urtegikoa erabili beharko dute, halabeharrez. Erabili, eta garesti ordaindu.

Miranda Arga izen bereko ibaiaren ertzean hazitako herria da. 1300. urtekoa da bertako baratzeetako erretenen sistema, azaldu du Monika Carcarrek. Larragatik hartzen du sistema horrek ura. Eta ibaira itzultzen da, baratzeetako lurrek iragazi eta gero. XX. mende hasierakoa da hori egiteko Ebroko Ur Konfederazioak herriari emandako baimena. Eta orain galtzeko zorian dira herritarrak. Tartean, Carcarren senitartekoak. Bide ingeniaria da Carcar, eta Italian ibaien kudeaketa parte hartzaileari buruzko masterra egin berri du. Etxera itzuli, eta Nafarroako Gobernuak inposatutako proiektuarekin egin dut topo.

Herritarren eta herrien parte hartzea kontuan hartu gabe mamitutako proiektua dela salatu du Carcarrek. Dena eginda aurkeztu diete udalei, haien iritzia agertzeko aukera eman gabe. Hilaren 23an amaitu zen proiektuari alegazioak aurkezteko epea. Miranda Argako eta inguruko nekazari txiki anitzek prestatu zituzten haienak; 800 baino gehiago aurkeztu zituzten. Argi dutelako Nafarroako Gobernuaren asmoak ez diela deus onik ekarriko.

Dirua da mahai gainean jarri duten argudioetako bat, baina ez da nagusia. Bizitzeko modu bati, izateko modu bati lotutako kulturaren galerak kezkatzen du, batez ere, Azucena Zabaleta. Inposatu nahi diguten ureztatzeko sistemak herri osoaren egunerokoan izanen du eragina. Gure seme-alabek ezin izanen dute guri begira ikasi lurra nola lantzen den. Denoi egiten digu kalte, erran du. Egungo zuhaitzak eta hamaika animaliari aterpe ematen dieten ekosistemak desagertuko dira; arbolak desagertzen direnean, fruta erosi egin beharko dugu, erantsi du Carcarrek.

5.300 euro, hasteko

Egun, hamabi euro ordaintzen du nekazari bakoitzak, urtean, erregu lur bakoitzeko, Argako ura erabiltzeko eskubideagatik. Itoizko ura anitzez ere garestiago ordaindu beharko dute. Batetik, ura jasotzeko eskubidea izateko, 954,53 euro ordaindu beharko du nekazari bakoitzak, hektarea bakoitzeko; eta bertze 4.356 euro, hektarea bakoitzeko, lur sailean ureztatzeko sistema jartzeagatik. Hau da, 5.300 euro baino gehiagoko inbertsioa egin beharko dute hektarea bakoitzeko, ura jasotzen hasteko. Nafarroako Gobernuak diru laguntzak aurreikusten ditu inbertsio horiei aurre egiteko (%15 eta %75 artekoak), baina ubidearen lehen faseko nekazari askok, adibidez, oraindik ez dute agindutako dirua jaso. Nekazari anitz dago inbertsioei ezin aurre egin, lurra lantzeko modu berriak eskatzen dizkien makinak erosteagatik, azaldu du Carcarrrek. Miranda Argan ere diru laguntzak inoiz ailegatuko ez ote diren beldur dira.

Lurrak ureztatzeko sistema ezartzeko, gutxienez bost hektareako sailak behar dira. Horrek erran nahi du lur puska txikiagoak dituzten nekazariek bat egin beharko dutela, denen artean ureztatzeko puntu bat edukitzeko. Sistema berrira egokitu nahi ez badute, lur puska galtzen ahal dute, gainera. Egoerak, neurri batean, nekazari handiei egiten die mesede. Miranda Argako kooperatiba, errate baterako, hasi da nekazari txikien artean haien lurrak erosteko gutunak zabaltzen. Nekazari handiak ere, berez, ez dira ubidearen alde. Kontua da aspalditik gaudela erretenen sistema hobetzeko proiektuen zain, eta, orain arte deus egin ez denez, ubidea da haientzat aurrera egiteko bidea, erran du Zabaletak.

Miranda Argan nekazari txikiek dute ureztatzeko lurren %45; handiek %35 dute; eta udalak, berriz, %20. Udalak, hain zuzen, nekazarien artean kontsulta egiteko asmoa agertu du. Udalak badu eskumena herrian ubideari lotutako ureztatze sistema berria bazter uzteko, nabarmendu du Zabaletak. Bozketa eginen du Ureztatzaileen Komunitateak, ubideari buruzko jarrera zehazteko. Botoa neurtua izanen da. Hau da, gero eta lur gehiago, orduan eta boto gehiago. Udalaren jarrera, beraz, erabakigarria izanen da, gaineratu du.

Zabaletak ezezko borobila emanen dio Nafarroako ubideari. Zalantzarik ez du. Carcar ere ezezkoaren alde ari da lanean. Proiektu honen asmo bakarra da ura ondasun pribatu bilakatzea, salatu du. Gogoratu du ubidearen lehen fasea handitzeko proiektua sortu zela gobernua konturatu zelako bigarrena egiteko arazo anitz izanen zuela. Garestiegi ateratzen zitzaion. Lehen fasea handitzeko proiektua ordaintzeko dirurik izanen den ere ez du batere argi Carcarrek. Argi dago proiektu hau ez dela bideragarria.

Itoitzek hektarea guztiak ureztatzeko ur nahikoa izanen ote duen ere ez dago argi. Konfederazioak berak dituen datuek erakusten dute urtegiak ezin izanen dituela lur guztiak ureztatu hainbat urtean, erran du. Aurrera jarraitzen du gobernuak. Miranda Argan bada nork kontra egin.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia