Berria.info

Igandea, 2014ko apirilak 20 - 22:54

2013-06-06

AHTaren ibilbidean lur sailak erosi ditu CADEk, barrikada jartzeko

Duela hiru urte banatu ezinezko erosketa egin zuten 494 kidek taldean, ibilbidea trabatzeko 80 zentimetroko sailak erosiz

Desjabetzeari buru egingo diotela erran dute, auzibidea bururaino luzatzeko asmoz

Aitor Renteria Baiona

CADEko kideak, erosi dituzten lurren agiriak erakusten, atzoko agerraldian. / GAIZKA IROZ

Lapurdiko AHT abiadura handiko trenaren ibilbidean dauden lur sail batzuk erosi ditu CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak, AHT xedea egitea deliberatuko balu RFFk afera auzira eramateko eta prozedura guztia bururaino eramateko. RFFk AHTko lanak egitea deliberatuko balu, desjabetze prozedurari helegitea ezarriko lioke CADEk, lurjabe gisa, auzibidea luzatuz eta AHTaren eraikuntza lanak geldiaraziz.

494 pertsonek hogei euroko partaidetzak ezarri dituzte, lur sail txikiak erosteko AHTaren bidean. Orotara 860 metro koadro erosi dituzte, balizko bi pasabidetan. Bagenekien zein zen RFFk hautatutako pasabidea, eta hori trabatzeko lur sail txikiak erosi ditugu, batzuetan 80 zentimetrokoak, barrikada gisa jartzeko AHTari, erran du Victor Pachon CADEko presidenteak. Erosketa taldean egin dute, eta, banaezina denez, ezin da lur hori saldu erosle guztiek adostasuna adierazten ez badute. Erosleen artean CADEko kideak daude, baita Jose Bove Europako diputatua eta Micheline Chaban-Delmas Jacques Chaban-Delmas Frantziako Biltzar Nazionaleko lehendakari izan zenaren emaztea ere.

Duela hiru urte eta erdi deliberatu zuten urratsa egitea, isilpean. Orduan RFF konpainiak xedeari buruzko eztabaida publikoa ezarri zuen abian, eta ez zegoen ibilbide zehatzik. Guk RFFren barne dokumentuak eskuratu genituen, eta parioa egin, bukaerako ibilbidea RFFk hastapenetik proposatzen zuena izanen zela. Kasualitatez edo ez, asmatu genuen. Bi sailak Mugerre-Hiriburu arteko mugan daude, preseski AHTak tunel bat hartu beharko lukeen tokian. Bata sarreran, bertzea balizko irteeran.

Ibilbidea zehaztu dutenetik, debekaturik dago lurren salmenta AHTaren ibilbidean. Salmenta guztiek RFFren oniritzia behar dute, eta debekaturik dago bertan eraikitzea. Alta, RFFren arreta eraikitzeko lurretan finkatu zen, laborantza lurren salmentari arreta handirik ezarri gabe. Azpiegitura handiak trabatzeko asmoz, lurra erostea ez da urrats berria. Ipar Euskal Herrian berean, ber gauza egin zuten laku artifizial baten xedea trabatzeko; Italian ere erabili dute, AHTaren kontrako borroka tresna gisa.

Prozedura amaitzeko prest

RFF lur eta etxe jabeekin biltzen hasia da, adostutako salmenta egiteko. Argiki jakinarazi nahi diegu lur eta etxeen jabeei ez saltzeko deus RFFri, guk traba bukaeraraino atxikiko dugulako eta, ororen buru, orain merkeago salduko luketelako, azaldu du Pachonek.

Berez ez da abiatua desjabetze prozedura. Horretarako, onura publikodun inkesta egin beharko dute, eta gero horren aitorpena lortu beharko du RFFk. Alta, prozedura abiatuko balu, desjabetze prozedura ahal bezainbat trabatzeko deliberoa du CADEk. Helegite auzitegiko ebazpenak lau urte har ditzake, eta, ondoren, Estatu Kontseilura joko genuke, bertze bi urte atzeratuz, erran du Pantxo Tellier CADEko kideak.

Heldu den ekainaren 23an elkarretaratze bat eginen du CADEk Senperen, Lapurdin, AHTaren ibilbidean. Izan ere, urritik aitzina edozein unetan ezar dezakete abian onura publikoa lortzeko inkesta. CADEk argi adierazi du zundaketa eta salmenta guztiak oztopatuko dituela.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia