Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 20:55

2013-05-26

Analisia

Teilatua egiten, baina paretarik gabe

Edurne Elizondo

Tafallako manifestazioan parte hartu dutenek eskaera argia egin dute: bertan behera utz ditzatela abiadura handiko trenaren obrak. Mezu bera zabaldu dute azken asteotan hainbat elkartek; bertzeak bertze, AHTaren Aurkako Hautetsien Sareak, Mugituk eta Sustrai Erakuntza fundazioak. Abiadura handiko trenaren bultzatzaileek beraiek hartutako azken erabakiak jarri dituzte taldeok mahai gainean, AHTaren kontrako haien iritzia berresteko.

Izan ere, Nafarroako Gobernuak herrialde horretako korridorearen proiektua bertan behera gelditzen zela onartu eta gero, AHTaren aldekoentzat ere barregarri bilakatu da Castejon eta Iruņea artean 70 kilometro eskaseko bidean abiadura handiko trena ezartzeko egitasmoa. Loturarik gabe, inondik inora doan lerro zuzeneko bidea baino ez da izanen AHTaren proiektua. Irla bat, trenaren bidean.

Garestia, gainera. Hamar milioi euroko aurrekontua du kilometro bakoitzeko. Kopuru horrek ez du kontuan hartzen lanek ingurumenean eragin dezaketen kaltea. Ezta AHTaren gisako azpiegitura batek zergak ordaintzen dituzten guztien poltsikoetan eragiten ahal duen zuloa ere. Eta dirua eskas denean, murrizketak pilatzen direnean, deigarria da zenbait proiekturentzat beti dirua badela ohartzea.

Nafarroako Gobernuak ez du bazter utzi nahi izan etorkizunean AHTaren orain arteko proiektua gauzatzeko aukera. Baina egungo egoerak zalantzarako tarte gutxi uzten duen errealitatea islatzen du: etxearen teilatua egiten ari direla, jakinda hari eusteko paretarik ez dela izanen. Hori da orain ziurra den gauza bakarra. Eta halako testuinguruan, teilatuan teilak jartzen jarraitzen duen gobernuaren arduragabekeria agerian gelditzen dela pentsatzea erraza da.

Eusko Jaurlaritzan ere, paretarik gabe geldituko ote diren kezka agertu dute jada. Iruņea hirugarren errailaren bidez lotuko dute Gasteizekin. Burgosen ere, Espainiak aukera horren alde eginen ote duen beldur da Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Antonio Aiz. AHTa airean da. Haizerik gabe gelditzen ari da puxika.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia