Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 25 - 11:34

2013-05-23

AHTaren lanak geldituz deitu dute Tafallako manifestaziora

Cadreitako obretan abiadura handiko trenaren aurkako protesta egin dute 40 pertsona inguruk, proiektua salatzeko

Tafallako manifestazioa 19:00etan hasiko da, larunbat honetan, Nafarroa plazan

Edurne Elizondo Cadreita

Cadreita eta Alesbes arteko zatiko lanak hartu zituzten AHTaren aurkakoek, atzo. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS


Hondeamakina geldiarazi zuten protesta egin zutenek. / IÑIGO URIZ / ARP

Protesta sinbolikoa izan zen. AHT abiadura handiko trenaren lanak hamabost minutuz eten zituzten atzo Cadreitan (Nafarroa). Erriberako eta inguruko hainbat herritako 40 pertsona inguruk egin zuten bat. Lanean ari ziren makinetara hurbildu, eta pankartekin inguratu zituzten. Langileek haien zeregina utzi behar izan zuten, protesta amaitu artean.

AHTaren aurkako leloak idatzita zituzten pankartak erakutsi zituzten parte hartzaileek. Ama lurraren aldekoak. Dirua xahutzen jarraitzearen kontrakoak. Autoz ailegatu ziren makinak lanean ari ziren eremura; zehazki, Cadreita eta Alesbes arteko zatiko obren eremura. Ibilgailuak bazterrean utzi, eta lasaitasunez jo zuten langileengana. COMSA eta Mariezcurrena enpresak ari dira zati horretako obrak egiten. Pankartak zabaldu, eta abiadura handiko trenaren kontrako leloak oihukatu zituzten. Poliziarik ez zen agertu. Lanak hamabost minutuz gelditzea lortu eta gero, Tafallan (Nafarroa) eginen duten manifestaziora deituz amaitutzat eman zuten protesta.

Larunbatean izanen da manifestazioa, 19:00etan, Nafarroa plazan. AHTaren kontrakoek «gizarte osoa» deitu dute parte hartzera. «Orain, inoiz baino gehiago», erran dute antolatzaileek. Izan ere, oraingoa momentu berezia da abiadura handiko trena eraikitzeko Nafarroako proiektuari dagokionez. Nafarroako Gobernuak berak onartu du Nafarroako korridorearen orain arteko egitasmoa bertan behera gelditu dela. AHTaren proiektua ez dute aurreikusi bezala eginen, ondorioz. Hasierako asmoak urrun geldituko dira, abiadura handiko trenaren bidea 70 kilometro eskasekoa baino ez baita izanen, Castejon eta Iruñea artean soilik.

UPNk, hala ere,70 kilometroko ibilbide horri eutsi dio. Nahiz eta onartu behar izan iparraldetik eta hegoaldetik loturarik ez duela izanen. Irla moduko bat izanen dela, alegia. Irla garestia, gainera. Abiadura handiko trenaren kilometro bakoitzak hamar milioi euro eskaseko aurrekontua du Nafarroan. Hirugarren erraila egiteko aukerak, berriz, milioi bat eta bi arteko aurrekontua du kilometroko, Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik berak emandako datuen arabera. Hirugarren erraila eraikitzea da, hain zuzen, egungo trenbidea moldatzeko hautatu duen alternatiba.

AHT proiektua airean da, inoiz baino gehiago. Eta orain arte AHTaren atzean «ezkutatu» direnak ere inoiz baino ageriago gelditu direla nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioak. Argi eta garbi erran du: «AHTaren gisako azpiegiturak espekulazioaren paradisu bilakatu dira».

Ildo horretan baino ez dute ulertzen Nafarroak AHTaren aldeko apustua berrestea. «Azpiegiturak eraikitzea da kontua, ez ordea erabiltzea. Horrek eman dio haizea porlanaren burbuilari». Iruñeko tren geltoki berria egiteko proiektuarekin aurrera jarraitu nahi izatea ere «zentzugabekeriatzat» jo dute. «Are gehiago kontuan hartuta Adifek milioi bat euro gastatuko duela egungoan; alferrik izanen da».



 

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Pablo Lorente. Sustrai Erakuntza fundazioko kidea

«Trena suntsitzen ari dira»

E. E.

AHTaren aurka dela agertzera deitu du gizartea Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek. Tren sozialaren aldeko apustua berretsi du, aldiz.

Erran duzu inoiz baino arrazoi gehiago dagoela AHTari ezetz errateko. Gobernuak Nafarroako proiektua aldatu dutela onartu eta gero, karrikan presioa egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste duzu?

Zalantzarik gabe. Karrikan erakutsi behar dugu gizartearen gehiengoa AHTaren diru xahutzearen aurka dela; batez ere, AHTaren aldeko zentzurik gabeko apustuari eutsi dioten politikariei erakutsi behar diegu oker direla, eta badakigula gezurretan ari direla.

Zeintzuk dira gezur horiek?

AHTa ez da beharrezkoa, ez ekonomiarentzat ez gizartearentzat. Kapitalaren interesak oinarri dituen eredua bertzerik ez da. Hori gero eta argiago ikusten ari gara. Espainiako Gobernuak distantzia erdiko hainbat tren zerbitzu bertan behera uzteko asmoa agertu du. Kontua da bidaiarien tren garraioaren oinarria direla zerbitzu horiek. Beraz, argi dago gutxiengo baten interesak bultzatu nahi dituztela, gehiengo sozialaren interesen kontra.

Nafarroan orain arteko proiektua bertan behera gelditu eta gero, 70 kilometro eskaseko irla izanen da AHTa. Zergatik eusten diote asmo horri, zure ustez?

Gutxi batzuen interesak daudelako horren atzean. Datuak argiak dira. AHTaren zati hori egiteko aurrekontua 675 milioi eurokoa da. Nafarroako egungo korridore osoan hirugarren erraila eginez gero, aurrekontua 370 milioi eurokoa baino ez litzateke izanen, 185 kilometroko ibilbidean. Engainatu nahi gaituzte. Trena, zerbitzu publiko eta sozial gisa, suntsitzen ari dira. Eta horren ardura ez da bakarrik UPN eta PPrena, PSOErena ere bada. Pribatizazioa bultzatzen ari dira.

AHTarentzako dirua badela, baina aldi berean zerbitzu publikoak murrizten dituztela salatu duzue zuek.

Lotsagabe hutsak direla erakusten ari dira. Epe laburreko onurak baino ez dituzte buruan. Zerbitzu publikoei eustea ez da lehentasuna haientzat. Garraioaz ari gara, baina gauza bera gertatzen da osasunaren eta hezkuntzaren arloetan. AHTaren eskutik xahutzen ari diren dirua arlo horietara bideratu behar lukete.

Azpiegiturak garapenarekin eta enpleguarekin lotu izan dituzte. Errealitatea hala da?

Bertzelakoa da, zeharo. Txinaren ondotik, Espainia da abiadura handiko kilometro gehien duen herria, eta sei milioi langabe baino gehiago ditu. Azpiegiturek ez dute ekarri garapenik, ez enplegurik, ezta aberastasunik ere.

Zertarako egin, orduan?

Atzean porlanaren interesa dago; energiarena. Espekulazioa. Lurraldearen aurkako tratu txarra. Kapitalismoak epe laburreko onura bilatzen du, eta aurrean dagoen guztia suntsitu bertzerik ez du egiten. AHTak ingurumenari egiten dio kalte; eskualdeen arteko desoreka bultzatzen du.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia