Berria.info

Astelehena, 2014ko apirilak 21 - 12:58

2013-02-01

Euskoa, Ipar Euskal Herriko dirua

Euskoa moltsaz moltsa ibilki

Ipar Euskal Herriko dirua erabiltzen hasi dira ehunka herritar, tokiko ekonomia eta harremanak sustatzeko xedez

Saltegi, enpresa eta elkarteen sarea ahal bezain zabala nahi dute; 190 dira dagoeneko

Jenofa Berhokoirigoin Baiona

Herritar bat Euskal Moneta elkarteko kide egiten eta euroak euskoz trukatzen. / BOB EDME

Baiona Ttipia izenaren gisan izanez ere ttipia da, eta giroan berehala sendi da zerbait berezi gertatzen denean. Atzo goizetik sumatzen zen zerbait gehiago zuela egunak: euskoaren bidezko trukaketak hasiak ziren. Baionan baino orokorkiago Ipar Euskal Herrian zehar. Batak, jasotako eusko billete guztiak mahai gainean hedaturik; besteak, jatetxean eskatzen zergatik ez duten euskoa onartzen eta beste hainbat karrika erdian tokiko diru hori komentatzen.

«Proiektu honetan sinesten dut, hurbileko salerospenei on eginen duela uste dut», dio Sandrine Dulong-ek, Pyrenees Baionako ostatuaren jabeak. «Erronka polita» denez, berehala onartu zuen euskoaren erabiltzaileen sarean sartzea.

Ez dute, haatik, saltzaile eta elkarte guztiek bat egin; batetik, ez dutelako denek interesik ikusten, baina ere dena dela denek ezin dutelako sartu sarera. «Euskaldun, ekologiko eta solidario» gisa aurkeztu du dirua Euskal Moneta elkarteak, horren sortzaileak, eta zentzu horretara doazen baldintza batzuk errespetatu behar dira erabili ahal izateko. Tokiko ekonomia sustatzeaz gain, gizarte eta ingurumenaren errespetuan jardun behar da. Aurkako zentzura doazen eragileak ez dira onartzen sarean.

Batzorde berezi bat dabil banan-banan eskaerak aztertzen. Engaiamenduen betetzeari buruzko kontrola ere egiten du lehen urtearen hondarrean. Hain zuzen, lehen bi urteetan bi desafio betetzeko engaiamendua hartzen du hornitzaileak. Batetik, bertako hiru produktu erabiltzera engaiatzen da. Ezin baldin badu, eusko sareko hiru zerbitzu emaile lanean harrarazi beharko ditu edo hondakinen bereizketa selektiboa egin beharko du. Euskararen erabilpena sustatzeko bidean, afixaketa elebiduna ezarri beharko du. Bestela, nagusiak edo langileek euskarazko kurtsoak hogei orduz segitu beharko dituzte.

700 erabiltzaile dagoeneko

Atzo goizean zazpiehun herritarrek zuten euskoa erabiltzeko konpromisoa hartua. Egun guztian aritu zen jendea euro trukatzen. Euskal Moneta elkarteko kide egin eta hainbat euro euskoekin trukatu zituzten. Horietariko bat da Thierry Michel: «Euskoa hartzen duten saltegiek izenpetu ituna ezagutzen dut; euskara, ekologia eta tokiko ekonomiaren alde jardun behar izatea interesgarria iruditzen zait». Lokalki erabilitako eusko bakoitza sistema kapitalistan ez den euroa dela jakitea ere gustatzen zaio. «Agian, ur tanta bat besterik ez da, baina hor da, eta hori gogoko dut». Trukaturiko euroak NEF sozietatean plazatuak dira, zeina Credit Cooperatif bankuaren barne den. Dirua soilik ekonomia sozial eta solidarioan inbertitzen dabil egitura hori, eta hori jakiteak ere pozten du Michel.

Saltegi, enpresa eta elkarteei dagokienez, 190 dira jadanik sarean. Denetarik dago hornitzaileetan: medikuak, laborariak, ile apaintzaileak, eskoletako kantinak, herriko igerilekuak... Donapaleun (Nafarroa Beherea), Frederic Turpin sarean da adibidez, zeinak Gogotik jantzigintza saltegia duen. «Diruaren jarioak lokalki kontrolatzea ideia xarmanta da, gure destinoaren jabe gara, eta eragile izateko sentsazioa ere handiagoa dugu». Frantziatik Nafarroa Beherera etorri zen bikotekidearekin orain dela bost urte, eta «bertako bizitzako parte izateko gogo handia» dute. Hori dela eta, euskarari dagokionez, hartu beharreko engaiamenduak begi onez ikusten ditu. Tokiko hornitzaileak ezagutzeko aukera ikusten du ere euskoaren sarean.

Nahiz egitasmoarekin bat egin, zalantzak ditu oraindik Elizabeth Grenier de Cardenak, Baionako Taco-Taco jatetxeko jabeak: «Tokiko ekoizpenez hornitzeko arazorik ez genuke, jada egiten dugu, baina jaso euskoak nola erabili... horretan dut zalantza». Gogoetatzeko denbora hartzen du, eta haren gisa beste anitzek ere. «Hasi aitzin jada kide egin direnek dute meritu handiena, konfiantza egin digute», erran du Sebastien Christy diruaren sortzaileetarikoak.

Enpresaz enpresa, elkartez elkarte eta plazaz plaza ibili dira azken hilabeteetan proiektua aurkezten Euskal Moneta elkarteko militanteak. Xinaurri lan horri esker da osatu 700 herritarren sarea. «Proiektua aurkeztera etorri ziren bilkura batera, eta ondotik sarean parte hartu ala ez bozkatu genuen, eta baia nagusitu zen», dio Matieu Bordatok, Ttattola Hazparneko (Lapurdi) gaztetxeko kideak. Euskoz pagatuko dituzte, beraz, hornitzaile batzuk eta gaualdietan ere onartuko dute tokiko diru hori.

Harremanak sendotzeko

«Dirua lurralde batean trukeak ahalbidetzeko tresna ekonomikoa izaki, Euskal Herriko dirua sortuz Euskal Herrian trukeak ahalbidetzen ditugu, zirkuitu labur eta tokiko trukeen bidez», dio Dante Edme-Sanjurjo diruaren sortzaileetariko batek. Beraz, euskoak tokiko garapena sustatzeaz gain ekologikoa ere badela dio, garraio distantzia handirik ez izaki berotegi efektua dakarren gas isurketa gutxiago delako. Tokiko enplegua sustatzen duenez, sozialki ere eragina dauka.



 

ESANA. DANTE EDME-SANJURJO. Eusko diruaren sortzaileetariko bat

«Historiari begiratuz, bakarra, zentralizatua eta demokratikoki kontrolatua ez den dirua da berria»



 

Frantziako komunikabideen interesa sortu du euskoak

Frantziako komunikabideetan interes handia piztu du eusko diruaren sortzeak. Herenegun hasi, eta atzo hainbat telebista kate eta egunkarik aipatu zuten luze eta zabal proiektua. Besteak beste, BFMTV eta TF1 telebista kateak egon ziren euskoa onartzen duten saltegietan, irudi hartzen.



 

Eusko-Herrikoa funtsa ere bada, ekonomia sustatzeko

Ipar Euskal Herriko ekonomia sustatzen dabilen Herrikoa sozietatea eta Euskal Moneta elkartearen artean hitzarmen bat izenpetu zuten azaroan. Besteak beste, Eusko-Herrikoa deitu funtsa sortu dute. Trukaturiko euro bakoitzarentzat euro bat ezarriko du Herrikoak funtsean, Euskal Monetak Herrikoari aurkeztu egitasmoak diruztatzeko. Elkartearen balioekin bat egiten duten proiektuak izanen dira. «Euskal Moneta eta Herrikoak hainbat helburu berdin dituzte: Euskal Herriko garapenaren indartzea, gure lurraldeko lantegien arteko elkartasuna eta euskararen erabiltzea», Pierre Mendiburrek, Herrikoaren lehendakariaren hitzetan. Hitzarmenak bost urterako balio du.



 

126.500

Eusko inprimatuak.

Orotara, 126.500 eusko ditu inprimaturik Euskal Moneta elkarteak. Atzo goizean, 10.000 eusko ziren jada harturik. Orenak joan arau, emendatuz joan zen zenbakia. Adibidez, Baionako Pyrenees ostatuan, 3.345 eusko gehiago banatu ziren atzo.



 

@sarean

Euskal Moneta elkartea www.euskalmoneta.org webgunea elikatzen dabil egunez egun. Internet gunera sartu eta elkarteko kide egiteko aukera eskaintzen dute. Haatik, dirua aldaguneetan truka daiteke bakarrik. Hemendik gutxira diru elektronikoa sortuko dute, zama handiko trukaketak errazteko.



 

Euroak euskoz trukatzen. / BERRIA

Ehun lagunez gora Euskal Monetaren biltzar nagusian

Iragan larunbatean egin zuten Euskal Moneta elkartearen biltzar nagusia, Uztaritzen. 112 lagun bildu ziren, eta elkartearen estatutuak onartu zituzten, aho batez. Bertan egon zen Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidentea ere, eta «bizi luzea» desiratu zion diru berriari.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia