Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 23 - 08:41

2013-01-23

UPN osteko biharamuna

Euskalerria irratiak antolatutako mahai inguru batean, Uxue Barkosek eta Sabino Cuadrak adierazi dute UPNren erregimena azkenetan dela. Orain erronka da alternatiba eraikitzea.

Joxerra Senar Iruñea

Uxue Barkos, Juan Kruz Lakasta eta Sabino Cuadra, Euskalerria irratiak antolatutako mahai inguruan. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Iragan udan, Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak Carlos Garcia Adanero UPNko eledunarekin topo egin zuen kalean, eta zer moduz zihoakion galdetuta, honako hau erantzun zion Adanerok: «Ondo, zuek ez zaretelako gai zuen artean bat egiteko». Anekdota soil horrek laburbiltzen du Nafarroako egungo egoera politiko nahasia. Udatik UPNren posizioa ahuldu da, eta Nafarroako Kutxaren auziaren ondorioz, beharbada UPN jada ez dago hain lasai, baina, era berean, oposizioak zailtasun handiak ditu alternatiba sendo bat altxatzeko. Euskalerria irratia, bere 25. urteurrenaren harira, hainbat solasaldi antolatzen ari da. Astelehen arratsean, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua eta Uxue Barkos gonbidatu zituen UPNren krisiaz eta alternatibaren aukeraz hitz egiteko. Juan Kruz Lakastak gidatu zuen saioa.

Javier Otano lehendakari sozialistaren agintaldi laburra salbu, UPNk agindu du bi hamarkada luzetan, eta orain krisi sakonean egonagatik, Cuadrak eta Barkosek uste dute erregimena azkenetan dela. Diagnostikoan bat egin arren, UPNren irauteko ahalmenaz ikuspuntu desberdinak dituzte. Cuadrak aurreikusten du aurten eroriko dela Yolanda Barcinaren gobernua: «Gobernua ez da eroriko, bota egin behar dugu», zehaztu du. Barkosek, dena den, gogora ekarri du 2011ko maiatzean egoera ekonomikoa ez zela hain erraza eta, hala ere, UPN izan zela lehen indarra eta PSN bigarrena.

Hori egia izanagatik, Cuadrak nabarmendu du geroztik Espainian zein Nafarroan egoera soziala eta politikoa «asko» aldatu dela. «Madrilen inkestek diote PPren sostengua 15 puntu jaitsi dela. Kongresura sartu nintzenean harroputz eta irribarretsu agertzen ziren PPkoak, eta orain begietan distira hori galdu dute. Jada ez da arrain freskoa. Nafarroan gauza bera. Barcinak bere harrotasuna galdu du».

Barkosen irudiko, Nafarroan etorkizuna hiru ardatzen gain mugituko da: ustelkeria batez ere Nafarroako Kutxari lotua; UPNren gobernuaren murrizketak, eta ETAren behin betiko su-etena. Barkosen irudiko, ETAk 2011ko urrian egindako adierazpenak «mesede handia» egin die abertzaleei. «Nafarroako aldaketarako aukerari begira, behar-beharrezkoa zen. UPNren argudioak amaitu dira. Ez du arrazoirik jokaleku politiko berrian».

Kontuz, euskaldunak datozela! izan da UPNren beste lelo errepikatu bat urte luzetan. Cuadraren ikuspuntutik, argudio horrek ere indarra galdu du. «Mezu hori pitzatuta dago, jendea ikusten ari baita egiazki arerioa ez dagoela Baskongadetan, Madril ustel horretan baizik. Kongresuan PPren lagunik fidelena UPN da», arrazoitu du, eta gogoratu du nola pentsioen murrizketak, lan erreforma eta beste hainbat neurri babestu dituela. «Askotan UPN bakarrik geratu da PPrekin».

Nahiz eta UPNk une politiko zailak izan, horrek ez du esan nahi alternatiba bat egun batetik bestera egiten denik. Azken bost urteetan eremu abertzalean izandako mugimendu guztiei erreparatu besterik ez dago. Emaitzak ere hor daude. 2011ko azaroko hauteskunde orokorretan, lehen aldiz, bi diputatu abertzale lortu zituzten, eta Geroa Bai eta Amaiurren botoak batuta, 90.000 boto inguru eskuratu zituzten.

Uxue Barkosen ikuspuntutik, hauteskunde horiek argi utzi zuten aukerak daudela bakoitzak proposamenak lasaitasunez egiteko. Haren ustez, alderdien arteko batasuna lortzen saiatu behar da, «baina uniformitaterik ez». Helburuetan eta hainbat proposamenetan berdintasunak nabaritu arren, aldeak ere ikusten ditu, baina uste du «anbizio handiz» jokatzeko unea ere badela.

Cuadraren ustez, azken urtetan eremu abertzalean sektarismoa egon da, baina «aurrerapauso politak ere» eman dira. «Esfortzu garrantzitsuak egin dira indarrak batzeko. Gure aurkako egoera politikoa eta soziala bortitza da, eta uste dut bide horretatik jo behar dugula, tinko, batasun handiagoa lortzeko. Horrek ez du esan nahi uniformitatea arrisku bat dela», aipatu du. Geroa Bai eta EH Bilduren arteko harreman normalizatuen alde egin du.

Barkosen irudiko, ustelkeriak, murrizketek eta ETAren erabakiak baldintzatuko dute UPNren gainbehera eta, neurri berean, abertzaletasunari aukerak eman handitzeko Nafarroan. Dena den, onartu du oraindik oposizioa ez dela gai alternatiba sendo eta iraunkor bat hitzartzeko: «Hori da politikan gaudenon erronka eta lana. Horretan gaude, bakoitzak bere apustuak eta berezitasunak mantendu, baina gehiengo hori sendotu behar dugu».

Cuadrak garrantzitsutzat jo du prozesua eta urratsak zehaztea. «Gero eta protagonismo handiagoa eman behar zaio gizarteari, PSNren jarrera aldarazteko».

Izan ere, beti legez, alderdi sozialistaren eskuetan dago hurrengo gobernuaren kolorea eta edukia baldintzatzeko ahalmena. UPN osteko biharamuna irudikatzea erraza izan daiteke. Alta, desio izatetik egin arteko bidea ez da hain erraza.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia