Berria.info

Osteguna, 2013ko maiatzak 23 - 06:20

2012-10-06

Erakunde publikoek erdara lehenesten dute

Komunikazio lanean, paperezko ohar eta deialdiak ele bitan egiten dituzte sarri, baina ahozkoan gaztelaniaz aritzen dira gehienbat

Ele bitan egitea ezinezko zaienean, inoiz ez dute euskara lehenesten, gaztelania baizik

Jon Rejado, Ibai Maruri Bilbao, Mikel Peruarena, Aitor Renteria, Edurne Elizondo

Urrats handiak egin ditu euskarak administrazio publikoen komunikazio jardunean, baina badira lan eremu eta lurralde batzuk aurrerapen hori sentitu ez dutenak. Ipar Euskal Herria da adibide argiena: ia erabat frantsesez lan egiten dute administrazio publikoek. Hego Euskal Herrian, euskararen ofizialtasuna aitortua dagoen lurraldeetan, ele bitan lan egiten dute gehienetan. Ez beti ordea. Presak edo ezintasunen batek eragiten badute, gaztelaniaz lan egiteko joera dute administrazio publiko gehienek. Laburtuz: administrazio publikoen informazio eta komunikazio guzti-guztiak daude gaztelaniaz. Euskaraz, asko bai; ez denak.

Aste honetan ezagutu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia: agerraldi publikoetan eta komunikabideekiko jardunean euskara lehenestea erabaki du, kazetariei itzultzaileak jarriz. Eztabaida eragin du erabakiak, eta Ģinposizioģ gisa hartu dute alderdi politiko batzuek. Gipuzkoakoa ez da ohikoena, ordea: administrazio publikoek erdarak lehenesten dituzte beren jardun komunikatiboan, euskaraz lan egiten duten kazetarien kaltetan. Hau da egoera zehatza, eremuz eremu:

Araba

Elebitasuna, paperetan

Arabako instituzio nagusien artean ezberdintasunak daude hedabideekin komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntzari dagokionez, baina ezaugarri komunak dituzte. Idatziz —prentsa deialdiak, oharrak...— elebitasun formala mantentzen dute, egoerak behartuta hizkutzaren bat aukeratu behar izanez gero euskara kaltetuta ateratzen den arren. Ordea, arazo nagusia ordezkarien agerraldiak dira. Euskaldun gutxi daude horien artean, eta titulu nagusiak euskaraz irakurtzera ohituak daude. Hau da, gehienak ez dira gai euskarazko galderei erantzuteko. Arabako Foru Aldundiaren zein Gasteizko Udalaren webguneak ele bitan daude. Menu eta albiste gehienak euskaraz daude, baina berri batzuk gaztelaniaz baino ezin dira irakurri.

Bizkaia

Argazkietarako hizkuntza

Bizkaiko erakunde publikoen agerraldietan gaztelania da nagusi. Foru aldundiaren eta Bilboko Udalaren prentsaurrekoetan, hasieran izan ohi du euskarak lekua, agurtzeko eta jarraian gaztelaniaz sakonduko duten gaiaren laburpen bat egiteko. Euskarazko irrati eta telebistek nekez eman ahal izaten dute horren berri euskarazko adierazpenekin. Berba egingo duen ahaldunaren edo zinegotziaren euskararen ezagutzaren arabera, tarte gehiago edo gutxiago izango du euskarak, baina gaztelaniak baino gutxiago betiere. Salbuespenak badira. Asteon, adibidez, bertso txapelketa aurkezteko agerraldian, foru aldundiko Euskara zuzendari Miren Dobaranek euskara hutsez egin zuen berba. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako urteroko agerraldian, duela hilabete, ordu eta erdiko berbaldian %10-15 inguru baino ez zuen egin euskaraz.

Idatziz, aldiz, ele bitan zabaltzen dituzte oharrak. Bilboko Udalak, baina, hainbat arlotako komunikazioa agentzia pribatuen esku utzita dauka, eta horietako beharginen artean oso urria izan ohi da euskararen ezagutza.

Gipuzkoa

Euskara ezin nagusitu

Gipuzkoako erakunde publiko nagusiek, Batzar Nagusiek, diputazioak, Donostiako Udalak... oharrak eta komunikazio kanalak ele bitan erabiltzen dituzte; ez da joera berria. Agerraldi eta ekitaldi publikoetan izaten dira desorekak, gaztelaniaren mesede. Azken agintaldian, euskarari lehentasuna emateko ahalegina egin dute agintariek. Desoreka kazetariekin sortzen da; gaztelaniazko hedabideentzat lan egiten dutenek gaztelaniazko adierazpenak eta galderak egiten dituztenez, sarri euskarazko agerraldia azkenean gaztelaniaz izaten da.

Euskarari lehentasuna emateko erabakiaren berri eman zuen Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak astelehenean. Diputazioak argitu du galderak gaztelaniaz egin ahal izango dituztela kazetariek, eta agintari bakoitzak erabakiko duela zein hizkuntzatan erantzun. Oharrak ele bitan bidaltzen segituko du, eta agerraldietan itzultzaileak jarriko ditu.

Ipar Euskal Herria

Desertuan barrena

Euskararen aldeko hizkuntza politika plantan egon arren, erakunde publiko guztiek, Prefeturak, Akitaniak eta Kontseilu Nagusiak, frantses hutsez komunikatzen dute. Prentsa txostenak eta ikerketak frantses hutsean banatzen dituzte. Galderarik ezin zaie egin agintariei euskaraz, ez dakitelako. Herri elkargoetan badira aldeak. Hego Lapurdiko Herri Elkargoak, adibidez, batzuetan, agiri zenbait euskaraz ere idazten ditu. Agerraldietan gutxitan baliatzen dute euskara, baina presidentea euskalduna izanik, galderen sailean edo bakarka, euskaraz mintzatzea onartzen du. Ez da horrela Baiona-Angelu-Miarritzek osatu hirigunearekin, ezta horietako herriko etxeekin ere, nahiz Miarritzek euskararen alde urratsak egin azkenaldian.

Nafarroa

Ahoz ia beti erdaraz

Nafarroako Gobernua gaztelaniaz mintzatzen da hedabideekin. Gobernuko kideek hizkuntza hori erabiltzen dute agerraldi guztietan, eta ez dago itzulpenik kazetari euskaldunentzat. Idatzizko komunikazioan, aldiz, euskarak badu tokirik. Nafarroako Gobernuak gaztelaniaz eta euskaraz kaleratzen ditu prentsa oharrak; gaztelaniazkoak lehendabizi ailegatzen dira hedabideetara, hala ere; euskarazkoak, beti geroago. Agerraldietan, oharrak gaztelania hutsez ematen dituzte. Gobernuaren webgunean ere bi hizkuntzak ageri dira, bai eta frantsesa eta ingelesa ere; dena den, gaztelania da nagusi: euskarazko bertsioan, anitzetan, izenburua bai euskaraz, baina informazioa gaztelaniaz egon ohi da.

Iruņeko Udaleko egoera hagitz antzekoa da. Gaztelaniaz da ahozko komunikazioa, itzulpenik gabe, eta webgunean ere hizkuntza hori da nagusi. Prentsa oharrak gaztelania hutsean bidaltzen ditu. Euskaraz eta gaztelaniaz ailegatzen dira, ordea, Nafarroako Parlamentuko prentsa oharrak, eta ele bitan da, halaber, erakunde horren webgunea. Euskaraz dakiten parlamentariek badute hizkuntza hori erabiltzeko aukera, eta ez dakitenentzako itzulpen zerbitzua bada. Legegintzaldi honetan euskara gehiago entzuten da parlamentuan, hala ere.



 

Jaurlaritzan, euskara gaztelaniaren itzalpean

J. R. Gasteiz

Eusko Jaurlaritzak hedabideekin duen harremanak bi alde ditu. Idatzizko harremana elebiduna izan ohi da; prentsa deialdi eta oharrak elebitan idatzi ohi ditu. Alor hori ondo zaintzen duten sailak badaude, baina harreman elebiduna lehenesten ez dutenak ere badira. Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak ohikoa du mezu elektronikoak gaztelaniaz bakarrik bidaltzea; Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua da kasu argiena. Ez da arraroa Enplegu Sailak eta beste batzuk, Industria eta Herrizaingo Sailak kasu, oharrak bi txandatan bidaltzea: gaztelaniazkoa lehenik, eta euskarazkoa, originala itzuli ondotik. Bi mezuen artean ordu erdi eta lau ordu arteko aldea egon daiteke; batzuetan ez da euskarazko itzulpenik iristen, hala ere.

Ahozko komunikazioei dagokionez, hizlariaren gaitasunaren araberakoa da harremana. Sailburu batzuek euskaraz egiten dute, baina beste batzuek euskaraz irakurtzen baino ez dakite. Kazetarien euskarazko galderei gaztelaniaz erantzun edo beste pertsonei ematen diete hitza. Lehendakariak ere ez du agerraldietan oreka gehiegi zaintzen. Esaterako, Global training bekadunen aurrean irakurri zuen hitzaldiko 724 hitzetatik 63 izan ziren euskaraz, Ģegunonģ eta Ģeskerrik askoģ barne.

Badira gaztelaniaz bakarrik egiten duten kanalak ere. Prentsa oharretan ez, baina Twitterren ia gaztelania hutsez egiten dute Osakidetzak eta Ertzaintzak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia