Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 18 - 07:21

2012-09-23

Euskal curriculuma garatzeko lege bat eskatu dute ikastolek

Espainiako Gobernuak egingo duen hezkuntza erreforma salatu dute Eusko Jaurlaritzak, EH Bilduk eta ELAk

Ainara Arratibel Gascon Andoain

Ikastolen Elkarteak atzo Andoainen egindako ekitaldia. / ANDONI CANELLADA / ARP

Jipoitzat eta erasotzat hartu dute ikastolek Espainiako Gobernuak hezkuntzan iragarritako erreforma. Horri aurre egiteko beharrezkoa ikusten dute neurriak hartzea: «Are beharrezkoagoa da une honetan euskal hezkuntza sistema arautuko duen lege berri bat, euskal curriculuma garatuko duen lege bat», nabarmendu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Ikastolen Elkarteak atzo egin zuen ikasturte hasierako ekitaldia Andoaingo Bastero kulturunean (Gipuzkoa). Hogei urte betetzen dira aurten Ikastolen Elkarteak erresistentzia kutxa sortu zuela. Sortzaileak omendu zituzten atzoko ekitaldian.

Tellituren arabera, ezinbestekoa da hausnarketa sakon bat egitea. «Egungo aroa amaituta dago. Gaitasunetan oinarritutako euskal curriculuma ez da garatu». Euskalduntzean ere ez direla espero ziren urratsak egin salatu du Tellituk: «Eskolak eta gizarteak ez dute euskalduntzen. Horren aurrean ezin gara eskuak sakelan sartuta geratu».

Erreforma eta murrizketen aurrean, euskal hezkuntza sistema «egonkorrago bat» beharrezkoa ikusten du Tellituk. Hori lortzeko, hausnarketa prozesu bat bultzatuko du Ikastolen Elkarteak, azaroan egingo dituen topaketetan. «Emaitzak hobetzeko neurriak hartu behar ditugu, eta hezkuntza sistema publiko bakar bat sortu».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak dimisioa emateko eskatu dio berriro ere Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari. «Erakusten ari da ez dela gai hezkuntza sistema kudeatzeko. Akordioak behar ditugu, eta ez desadostasunak». Zelaak gogor salatu du erreforma. «Atzeko atetik egindakoa da, eta adostasunerako asmorik gabe. Kontserbadorea eta zentralizatzailea da, gainera».

Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformak «Euskal Herriaren errealitatea ezagutzea debekatu nahi du», EH Bilduren arabera. «Ikas-eremu guztietan kontrol absolutua nahi duen erreforma bat da, azken finean». Hori horrela, euskal hezkuntza sistema nazional baten alde egin du EH Bilduk.

ELA sindikatuak ere gogor salatu du erreforma. «Ez die euskal hezkuntza sistemak dituen beharrei erantzuten». Hala, hezkuntza alorrean dituzten eskumenak «defendatzeko eta aldarrikatzeko» eskatu die ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Erreforma zentralizatzailea dela ukatu du Wert ministroak. «Beharrezkoa da hezkuntza sistema eraikiko duten zutarri komun batzuk izatea». Bat dator horrek Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako PPren lehendakarigai Antonio Basagoiti. «Oso ondo iruditzen zaigu hezkuntza nazionalak pisu handiagoa izatea Euskadin».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia