Berria.info

Asteartea, 2013ko maiatzak 21 - 14:04

2012-09-11

Ikas Bik dio euskara irakasleak falta direla eskola publikoan

Aurten, 289 ikasle gehiago ukan dituzte eskola publiko elebidunetan, eta 5.000 ikasleren heina gainditu

Aitor Renteria Baiona

Ikas Bi eta FCPE gurasoen elkarteetako ordezkariak Baionan, atzo. / G. IROZ

Eskola publiko elebidunaren arrakasta gero eta nabarmenagoa dela erran du Ikas Bi guraso elkarteak, baina, hala ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiola ematen behar beste euskara irakasle. Aurten, adibidez, lau irakasle postu eta erdi falta dira oraindik. Horrekin batera, nabarmendu du aurten iaz baino 289 ikasle gehiago lortu dituela eskola publiko elebidunak; 5.000 estudianteren heina gainditu du.

Itxaropentsu dago Ikas Bi, Frantziako presidente sozialistak zerbitzu publikoarekiko abegi handiagoa duelakoan. Hori erranik, eskola publiko elebidunari buruzko jarrerak zuzentzeko eskatu dio. ĢIpar Euskal Herrian biztanleen erdiak Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoan daude, eta azken urteotan ez da ireki eskola elebidun bakar bat ereģ, erran du Thierry Delobel Ikas Biko presidenteak. Horren argira, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politikak goia jo duela azaldu du. Izan ere, Akademia Ikuskaritzak euskarari emandako postu bakoitzeko frantsesezko bat kentzen du, sistematikoki. Gaineratu du horrela jokatuz eredu ele biko eta ele bakarreko ikasleen gurasoak elkarren aurka jarri nahi dituztela .

Bertzalde, Ikas Bi eta FCPE guraso elkarteak hitzarmen bat izenpetu dute, hezkuntza publikoan urriaren 12an egingo dituzten hauteskundeei begira. FCPE hezkuntza publikoko guraso elkarte garrantzitsuena da, Frantzian zein departamenduan. Ordezkaritza emendatzea igurikatzen dute.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia