2012-09-09
Hondarribiko alarde parekidea
Ibilbidea berreskuratu dute
Jaizkibel konpainia azken urteetan baino jendetsuagoa izan da; 350 gizon-emakumek desfilatu dute Hondarribiko kaleetatik
Arratsaldean istiluak izan dira, eta jasotako tratua salatu du Jaizkibel konpainiak
Ainara Arratibel Gascon Hondarribia
Jaizkibel konpainiako kideak, atzo, desfilatzen. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Arratsaldean istiluak eta tentsio uneak izan ziren. / AITOR KALTZAKORTA
Urteroko ezinikusia. Horixe islatu zen berriro ere atzo Hondarribiko (Gipuzkoa) jaien egun handiko ekitaldi nagusian: alardean. Gizon eta emakumez osatutako Jaizkibel konpainiak plastiko beltzez inguratuta eta betiko alardea! zioten oihu artean desfilatu behar izan zuen beste behin Alde Zaharretik. Haatik, plastiko beltzek ez zituzten kikildu. Alderantziz. Inoiz baino jendetsuagoa izan zen alarde parekidea, eta ozen entzun ziren haien danbor eta txilibitu doinuak. Jende askoren babesa eta animoak jaso zituzten, gainera. Halaber, iazko debekuaren ostean, berriro ere Gernikako Arbolatik igaro ahal izan ziren. «Kaleak berreskuratu ditugu», zioen amaieran hunkituta Izaskun Larruskain kapitainak. Arratsaldean, ordea, istiluak izan ziren. Ertzaintzak esku hartu zuen, eta Jaizkibel konpainiak jasotako tratua salatu zuen. «Noiz arte onartu behar da hau?», galdetu zuen Larruskainek.
08:20 inguruan iritsi zen Jaizkibel konpainia Zumardira. Olaia Arbelaitz kantinera jasotzetik zetozen, eta urrutitik antzeman zitekeen konpainia jendetsua zela: 350 gizon eta emakume inguru. Ertzainen presentzia nabaria zen, baina ohi baino txikiagoa. Larruskainek lerrokatzeko eta abiatzeko agindua eman ostean, bidea hasi zuten. Aurretik Emakumeak alardean, alarde publikoa zioen pankarta zeramaten.
Alde Zaharrera sartzeko arkua igaro, eta azken urteetako irudia errepikatu zen: alarde parekidearen aurkakoak plastiko beltzak eta betiko alardea zioten kartoi meheak zabaldu zituzten. Horiei eusten, batez ere, neska gaztetxoak zeuden. Bateren batzuek mozorro zuriak zeramatzaten. Baina handiak izan ziren baita ere animo oihuak: Gora Jaizkibel!; Aupa neskak!. Beroa izan zen Jaizkibel konpainiako kideei emandako babesa.
Udaletxeko balkoian aurten ere ez zegoen udal gobernuko inor, eta elizako ateak itxita zeuden. Udaletxearen arkupeetan, ordea, Jaizkibel konpainiako kideei txalo egiten zeuden, besteak beste: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi, Ikerne Badiola eta Helena Franco foru diputatuak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, EAEko ararteko Ińigo Lamarca, Emakundeko zuzendari Maria Silvestre, EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegi eta Aralarreko, Eusko Alkartasuneko, Ezker Anitzako eta Alternatibako ordezkariak.
Minutu gutxian iritsi ziren Arma Plazara. Han txaloak are nabarmenagoak ziren. Aurreko urteetan deskarga egin ohi zuten han. Aurten, ordea, ez. Iaz, emakumeak soilik kantinera gisa onartzen dituen alardeko parte hartzaile batek botatako tiro batek jota, emakume bat hil zen: Mari Carmen Gonzalez. Hori dela eta, Jaizkibelek esana zuen ez zuela deskargarik egingo.
Beherako bidea antzera egin zuen, Alde Zaharreko kale estuetatik. Txistu eta irainak entzun ziren. Baina amaierara iritsi ahala, gero eta nabariagoak ziren txaloak. Desfilatzen zuten gizon eta emakumeen artean ere irribarreak gero eta ageriagoak ziren. Arkua zeharkatu, eta Saindura bidean jarraitu zuten.
Bide horretan, unerik berezienetakoa Gernikako Arbolatik igaro zirenean izan zen. Iaz, Herrizaingo Sailak debekatu egin zien kale horretatik igarotzea, segurtasun arrazoiak argudiatuz. Baina aurtengo apirilean, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «modu arbitrarioan» aldatu ziotela ibilbidea Jaizkibeli. Epaiaren arabera, konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu zitzaien.
Hantxe zeuden irteteko alarde tradizionaleko konpainietako kideak. Gehienak bizkarrez jarri ziren Jaizkibel handik igaro zenean, baina izan ziren desfilea ikusi zutenak ere.
Saindura gerturatu ahala, txaloak eta animoak handiagoak ziren errepide bazterretik. Amaieratik gertu, konpainiaren atzetik zihoan jende multzoa handituz joan zen. Alarde parekidea babestera joan ziren ordezkari politikoak haiekin batera egin zituzten azken metroak.
Bukatzean, poza eta lasaitasuna antzeman zitezkeen Jaizkibel konpainiako kideen artean, jasotako babesagatik. Senideak eta lagunak agurtzeko unea izan zen ondoren.
Pozik, baina konponbide eske
Salaketarako tartea ere izan zen. Larruskain: «Sinestezina da 2012. urtean Alde Zaharra plastiko beltz nazkagarri horiek inguruan ditugula desfilatu behar izatea. Oso bortitza egiten da. Ez du inork ulertzen, ezta Hondarribiko herriaren gehiengoak ere. Alarde tradizionala babesten duten asko ere horren aurka daude. Noiz konponduko dute hau? Esaten digute ahalegina egingo dutela, baina ez dute egiten».
Dena den, pozik zegoen konpainiak gero eta kide gehiago dituelako, eta berriro ere Gernikako Arbolatik igaro zirelako: «Gero eta gehiago dira kale bazterrean gu babesten daudenak. Babes keinu ugari jaso ditugu». Iaz tiro baten ondorioz hildako Mari Carmen Gonzalez izan zuen gogoan Larruskainek. «Senideei besarkada beroena bidali nahi diegu. Une zailak bizitzen ari dira».
Alarde parekidearen aurkakoak. / A. CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Izaskun Larruskain kapitaina. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Jaizkibel konpainiaren mugarriak
• 1993. Andre talde batek alardean parte hartzeko eskaria egin zuen. Eskari hura «emeki-emeki» egin zutela diote, eta erantzunik ez zutela jaso.
• 1996. Irunen hilabete batzuk lehenago hainbat lagunek urratutako bidea abiatuz, soldaduz jantzitako hainbat emakume Hondarribiko alardean parte hartzen saiatu ziren. Kale Nagusiko atari batetik abiatu ziren. Erasoek eta irainek eragotzi egin zieten desfilearekin bat egitea.
• 1997. Jaizkibel konpainian antolatuta, hainbat andre eta gizon alardean parte hartzen saiatu ziren; andre talde handi batek ez zien utzi pasatzen.
• 1998. Andreek gizonen parean desfilatzeko baimena zutela onetsi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta horretarako baliabideak jartzeko eskatu zien udalei. Bai Irunen eta bai Hondarribian, emakumeak soldadu gisara irtetearen kontrakoek alardeak pribatizatzea erabaki zuten, hartara legea saihesteko. Ertzainek galarazi egin zieten Jaizkibelgo kideei desfilean sartzea, baina metro batzuk egin zituzten.
• 1999. Abiatu ere ezin izan ziren egin. Ertzainen hesi batek eragotzi zien bidea. 12 lagun zauritu ziren.
• 2000. Berriro eragotzi zieten bidea Jaizkibelgo kideei.
• 2001. Ehun metroko bidea egin zuen Jaizkibelek, lehendabizikoz.
• 2003. Aurrenekoz ibilbidea egin zuen Jaizkibelek, San Pedro kalea ere zeharkatuta. «Mugarria» izan zen hori konpainiarentzat.
• 2005. Goizez eta arratsaldez desfilatzea lortu zuen Jaizkibelek.
• 2006. Plastiko beltz bat zabaldu zuten kontrakoek Jaizkibel konpainia igaro bitartean. Ondorengo urteetan, horren antzekoak egin dituzte.
• 2011. Hainbat urtetan iskanbilarik gabe desfilatu ostean, ibilbidean aldaketak ezarri dizkio Jaizkibel konpainiari Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Erreakzioak
Martin Garitano
Gipuzkoako ahaldun nagusia«Uste dugu badela garaia jaiak berdintasunean bizitzeko, eta oinarri matxista duten gatazkak amaitzeko. Jaizkibel konpainiari babesa azaltzera etorri gara, hori lortzeko borrokan eredu delako».
Lohitzune Txarola
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria«Pozgarria da ikustea Jaizkibel konpainia handituz doala. Baina penagarria da Alde Zaharrean gertatzen dena. Batzar Nagusietan onartu zen proposamen bat errespetua eskatzen zuena bi alardeentzat, baina ez da bete».
Maria Silvestre
Emakundeko zuzendaria«Betiko alardearen alde dauden hainbat pertsonak beren ikuspegiaz egiten duten defentsa salatu nahi dut. Bortizki egiten dute. Konponbidea ez dut gertu ikusten. Urte batzuek igaro beharko dute lortzeko».
Ińigo Lamarca
EAEko arartekoa«Hemen, berdintasun eskubidea dago jokoan, eta arartekoak beti babestuko du hori. Oraindik asko dago egiteko. Gaur ikusi dugun moduan, herritar asko daude, gehiegi, berdintasun eskubide horren aurka».
Laura Mintegi
EH Bilduren lehendakarigaia«Emakumeen eskubideak ez direla soilik Martxoaren 8an defendatzen. Ez du balio gainontzeko egunetan emakumeen eskubideak ez defendatzea; are gutxiago, gaurkoa bezalako festa batean».
Ainhoa Beola
Aralarreko kidea«Bada interes bat hau betikotzeko. Idoia Mendiari galdetu beharko litzaioke Emakunde saria eman zen egunean zergatik egon zen alarde parekideetako kideekin, eta gaur ez den Hondarribian egon».






