Berria.info

Osteguna, 2013ko maiatzak 23 - 04:32

2012-08-29

Euskal presoak

Legea bete eta aske uzteko eskatu dio Uribetxebarriak berak epaileari

Jose Luis Castro epailea Donostiako Ospitalean izan da, gaixo larri dagoen presoarekin eta haren medikuarekin biltzeko

Bihar edo etzi emango du erabakiaren berri Espainiako Auzitegi Nazionalak

Oihana Elduaien Donostia

Legea aplikatzea besterik ez da falta. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea erabakitzen badu, Josu Uribetxebarria presoa aske utzi behar luke. Baldintza guztiak betetzen dira. Eta horixe bera esan zion presoak berak epaileari atzo. Bisitan izan zuen Donostiako Ospitalean, eta esateko zer zeukan galdetu zion; gaixo dagoela, larri dagoela, eta legea aplikatu eta aske uzteko eskatu zion. Epaileak aste honetan emango du erabakiaren berri, bihar edo etzi; gaur, ez.

Donostiako Ospitaleko medikuen txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuenak eskuan izan arren, presoa nola dagoen bertatik bertara jakin nahi izan zuen epaileak. Ohikoa ez den arren, presoarekin berarekin eta hura artatzen ari diren medikuekin hitz egiteko, Donostian izan zen atzo. Segurtasun neurri askorik gabe, autoa aparkalekuan utzi, eta oinez egin zuen erietxearen atzeko aterako bidea. Ama-haurren unitateko atetik sartu zen, 17:15ean. Hiru ordu inguru egin zituen eraikinaren barruan, eta 20:15 aldera joan zen handik. Denbora horretan, Uribetxebarriaren onkologoarekin eta presoarekin berarekin bildu zen; luze aurrenarekin, eta oso labur presoarekin. Onkologoa oporretan zegoen arren, lanera joan zen atzo, eskatutako azalpenak emateko epaileari.

Auzitegi Nazionaleko fiskalak Uribetxebarria libre ez uzteko eskatu dio Castro epaileari, baina argia da Zigor Kodearen 92. artikulua: «Irizpide bera aplikatuko da [baldintzapean aske uztea], medikuaren txostenaren arabera, oso larri dauden gaixoekin, jasankizun sendaezinak badituzte». Donostiako Ospitaleko medikuek egindako txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuek egindako txostenak, biek onartzen dute Uribetxebarriaren gaixotasuna larria dela eta ez duela atzera bueltarik. Auzitegi medikuen txostenak dio Uribetxebarria preso edukita ere artatu daitekeela, baina, hala izan edo ez, legeak aske izateko eskubidea ematen dio. Hala jaso du Espainiako jurisprudentziak ere gaixo dauden presoak aske uztea erabaki izan duenean, nabarmenduta presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela.

Orain, txostenak eskuan dituela eta zuzeneko informazioa jasota, fiskalak eskatu bezala 92. artikulua ez aplikatu eta Uribetxebarria preso eduki edo Arrasateko presoaren eskubideak errespetatu, legea bete eta presoa baldintzapean aske utzi erabaki beharko du epaileak. Izan ere, fiskaltzak eta auzitegi medikuek legeak aipatzen ez dituen arrazoi batzuk eman dizkiote epaileari Uribetxebarria preso edukitzea argudiatzeko. Arrazoitu dute presoa ez dagoela «fase terminalean», baina Zigor Kodearen 92. artikuluak ez dio ezer horri buruz.

Txus Martin, bakarrik

Gaixo larri dauden beste presoei dagokienez, Etxerat-ek atzo adierazi zuen Txus Martinek aplikatu duen laguntza protokoloa —bere buruaz beste egiteko arriskua dutenei ezartzen zaiena— hautsi egin diotela. Zaballako espetxean dago Martin iazko abendutik, eta orain arte beti egon da beste preso batekin —sozial edo politikoa— egun osoan. «Txusek ezin du bakartua egon espetxean, egoera honek eragin diolako egungo gaixotasuna. Eta, azken bi urteetan, laguntza protokoloaren barruan dago, hain zuzen ere, bere buruaz beste egiteko arrisku erreala duelako», salatu du Etxerat-ek.

Gotzone Lopez de Luzuriaga, berriz, Donostiako Ospitalean izan zen atzo, eskuetan duen hezurretako eta artikulazioetako mina aztertzeko erresonantzia egiteko. Lopez de Luzuriagak bularreko minbizia dauka. Etxerat-en arabera, bisita «zuzena» izan zen, eta ez zen izan «inolako arazorik».



 

Donostiatik Arrasaterako martxa debekatu du Auzitegi Nazionalak

Uribetxebarria eta gaixo larri dauden beste hamahiru presoak aske uzteko eskatu nahi zuen ibilaldiak

Oihana Elduaien Donostia

Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin du Uribetxebarria aske uzteko gaur bertan Donostiatik ateratzekoa den martxa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoak berak jakinarazi zuen atzo gauean Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari bidalitako agindua. Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean deitu dute martxa, eta gaur, 11:00etan, abiatzekoa zen. Hamalau pertsona ezagunek egin zuten martxarako deia, tartean Txaro Arteagak, Joan Mari Irigoienek, Inaxio Kortabarriak, Martxelo Otamendik, Andoni Egañak eta Ramon Labaienek. Atzo, luzatu egin zen deialdiarekin bat egiten dutenen zerrenda. Haien artean daude Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Aritz Lasa pilotaria, Castillo Suarez idazlea, Galder Perez aktorea, Iratxe Ibarra bertsolaria, Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakaslea, Paco Letamendia parlamentari ohi eta irakaslea eta Rafa Rueda musikaria.

Lau egun eta lau etapatan egingo behar duten erietxetik Arrasaterainoko bidea. Gaur Zarautzeraino joatekoak ziiren, bihar Debaraino, ostiralean Soraluzera, eta larunbatean Soraluzetik Arrasatera. Ibilbide horrekin, Uribetxebarriak egin beharreko bidea irudikatu nahi dute antolatzaileek; alegia, erietxetik etxerakoa.

Bestalde, Donostiako Ospitalearen aurrean etengabea da elkartasun urdina. Josu Uribetxebarria eta gaixo larri dauden gainerako hamahiru presoak aske uzteko eskatzeko, gose greban jarraitzen dute 31 lagunek, eta etengabea da elkarretaratze iraunkorrari batzera doan jendearen joan-etorria. Atzo, Ahotsak mugimenduko kideen babesa ere izan zuten. Legea betetzeko besterik ez dutela eskatzen nabarmendu zuten, eta Uribetxebarria libre uztea galdegin.

Aralarreko Rebeka Ubera, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bilduren bozeramaile Idoia Ormazabal, EBko Kontxi Bilbao eta Nekane Alzelai bildu ziren, besteak beste. Prentsaurrekoa eman zuten erietxearen aurrean, eta Ana Perez EILAS sindikatuko kideak nabarmendu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak erakutsi behar duela legea ez dela mendekurako. Uribetxebarriarekin egiten ari direna giza eskubideen urraketa nabarmena dela ere azaldu zuen, eta legea eskubide horiek babesteko erabili behar dela. Arrasateko presoarekin egiten ari direna «mendekua, zigorra eta injustizia» dela argudiatu dute.

Giza eskubideak guztiaren gainetik defendatu behar direla azpimarratu dute Ahotsek-eko kideek.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia