Berria.info

Ostirala, 2013ko maiatzak 24 - 01:53

2012-08-25

Euskal presoak

Uribetxebarriak hiltzeko arriskua duela berretsi du auzitegiko medikuak

Euskal presoa oso larri dagoela berretsi duen arren, Baena medikuak uste du Zaballako espetxean trata dezaketela

Fiskala baldintzapeko askatasunaren alde edo aurka dagoen azaltzea falta da bakarrik

Jokin Sagarzazu Donostia

Uribetxebarria eta gaixo dauden gainerako hamahiru presoak aske uzteko eskatu zuten atzo Bilbon. / L. J. / ARP

Josu Uribetxebarriaren egoerak oso pronostiko larria duela eta bueltarik ez duela ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena medikuak. Horixe dio atzo Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari helarazitako txostenak. Epaileak Pedro Rubira fiskalaren eskuetan utzi du informazio hori, honek Uribetxebarria baldintzapean askatzearen aldeko edo aurkako iritzia eman dezan. Azken hitza epaileak izango du.

Carmen Baena auzitegiko medikua ondorio horretara iritsi da Donostiako Ospitaleko txostena aztertu ondoren. Auzitegiko medikuak onartzen du Uribetxebarriaren minbiziak «pronostiko oso txarra» duela, haren egoerak «bueltarik ez» duela eta urtebete baino lehen hiltzeko arriskua handia dela. Horretan guztian bat dator Donostiako Ospitaleak egindako txostenarekin. Ezberdintasun bakarra hiltzeko arriskuari buruzko probabilitate zifretan dago. Osakidetzaren txostenak dio Uribetxebarriaren baldintza berdinak dituzten gaixoen %90ek urtebete baino gutxiago irauten dutela bizirik; auzitegiko medikuak, berriz, %50ek. Bi txostenek ez dute zehazten urte hori igaro ondoren hiltzeko arriskua zenbatekoa den, baina egoerak bueltarik ez duela kontuan hartuta, arriskua handitu daitekeela ohartarazten dute biek ala biek.

Gainera, bi zifra horiek nabarmen gainditzen dute gaixorik dagoen preso bati baldintzapeko askatasuna ezartzeko orduan erabiltzen den baremoa. 2000. urtean Espetxe Zuzendaritzak kaleratutako zirkular batean ezartzen ziren baldintzapeko askatasuna ezarri ahal izateko baldintzak. Zirkular horrek dio, besteak beste, urtebetean hiltzeko arriskua %10 bada, baldintzapeko askatasuna ezarri ahal zaiola presoari. Zirkular hori kaleratu zenean, Jaime Mayor Oreja zen Espainiako Barne ministroa eta Angel Yuste Espetxe Instituzioetako zuzendaria, egungo bera.

Zirkular hori ez ezik, jurisprudentziak berak ere aurreikusten du gaixotasun larriak dituzten presoentzako baldintzapeko askatasuna, «printzipio humanitario» batzuk kontuan hartuta. Hala, dio ezin dela onartu hiltzera doan preso bat espetxean hiltzea, eta presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela.

Okerrera egin dezake

Auzitegi medikuaren txostenak, gainera, presoari azterketa gehiago egitea proposatzen du, egoerak okerrera egingo duela ohartaraziz. Jatorrizko minbiziari buruzko diagnostikoa oraindik «osatzeko» dagoela dio, eta metastasien zenbatekoa zehaztu behar dela eta biriketan duen noduluari buruzko eta burmuineko metastasiei buruzko tratamenduak zehaztu behar direla.

Osakidetzaren txostenean jasotzen denez, burmuineko minbiziak lotura zuzena dauka presoari 2005an atzeman zioten minbiziarekin. Biriketakoa, berriz, jatorri bera duenik ez du argitzen, baina, bai nabarmentzen du jatorrizko minbizi horrekin lotura izango balu ondorioak are larriagoak liratekeela.

Hori ikusirik, auzitegiko medikuak dio Uribetxebarriaren sintomak ikusita, «posible» dela tratamendua Zaballako presondegian jasotzea, baina presoaren egoerak bueltarik ez duela izango ohartarazita.

«Kontua ez da espetxean artatua izan daitekeen edo ez. Kontua da gaixotasun larria eta sendaezina badu eta laster hiltzeko pronostiko bat badauka, baldintzapean aske egon behar duela», adierazi dute Uribetxebarriaren abokatuek.

Iragan ostiralean, ospitaleko diagnostikoa jaso berritan, Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion Uribetxebarriari, presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatuta. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere berretsi du Uribetxebarriaren gaixotasuna ezin dela espetxetik artatu. Gainera, baldintzapean aske ez uztea prebarikazioa litzatekeela nabarmendu du.

Bitartean, Uribetxebarriak preso jarraitzen du. Bi asteko gose grebaren ondoren, tratamendua jasotzeko prestatzen ari dela jakinarazi du Etxerat-ek. Hain zuzen, astelehenean proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Uztailean atzeman zizkiotenetik, nabarmen hazi zaizkio buruko noduluak. Gainera, birikan ere nodulu gaiztoa du presoak, 18,5 milimetroko diametrokoa.

Etxerat-ek gogoratu du Uribetxebarriaren kasuan kontuan hartu behar direla beste faktore batzuk. Batetik, bi asteko gose grebaren ondoren, defentsek behera egiten dutela, eta horrek gaitza areagotu dezakeela; are gehiago, giltzurrun bakarra duela jakinik —2005en diagnostikatu zioten minbizia lehenengoz, eta giltzurrun bat kendu zioten—. Bestetik, Uribetxebarriak espetxe erregimena bete behar du. Gainera, 56 urte ditu, eta azken hamabostak espetxean igaro ditu. Espetxean egoteak sortzen duen estresa kaltegarria da, medikuen arabera. Gauzak hala, «muturreko egoeran» dela eta kalean egon behar lukeela aldarrikatu du Etxerat-ek.



 

ESANA. AINHOA BAGLIETTO. Josu Uribetxebarriaren abokatua

«Kontua ez da espetxean arta dezaketen edo ez; kontua da egoera larria dela eta bueltarik ez duela»



 

Epaile kontserbadoreentzat, logikoa litzateke aske uztea

APM Espainiako epaile kontserbadoreen elkartearen iritziz, «logikoa» litzateke Josu Uribetxebarria baldintzapean aske uztea. «Aske uztea logikoa litzateke, gisa honetako kasuetan ezarrita dagoelako, presoari ezarritako zigorraz hara-tago, bere etxean hil behar duela hilzorian dagoen presoak», adierazi du Pablo Larenak, Espainiako magistratu gehien biltzen duen elkarteko bozeramaileak.

Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritzak, berriz, ez du auzitegiko medikuen txostenari buruzko adierazpenik egin nahi izan, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe Zaintzako epaileak hartzen duen erabakia onartu egingo duela nabarmendu du.



 

Gobernu Zibilera kateatutako seiak, atxilo Bilbon

Debekatutako bazkari baten harira txosnetan ertzainekin tentsio uneak izan direla salatu dute

Maite Asensio Lozano Bilbo

Atzo Bilbon festa eta aldarrikapena uztartzeko asmoa zapuztu zuen debekuak, baina mobilizazioei ekin zien Herrira kolektiboak. Espainiako Auzitegi Nazionalak eguerdiko manifestazioa zein Euskalguneko Konpromiso Bazkaria debekatuak zituen arren, hiriburuaren erdigunean ozen entzun ziren Josu Uribetxebarria eta larri gaixo dauden beste hamahiru presoak askatzeko oihua. Sei preso ohiren ekintza batekin ekin zioten egunari: Espainiako Gobernu Zibilaren egoitzara katez lotu ziren 11:00etan, babesa adieraztera bildutako dozenaka lagunek «Josu askatu!» aldarrikatzen zuten bitartean. Berehala heldu zen Ertzaintza: kateak hautsi eta atxilotuta eraman zituen seiak.

Han bildutakoak metro gutxi mugitu ziren, Plaza Eliptikora, bertan deituta baitzegoen eguneroko elkarretaratzea. Donostiatik heldutako hamabi grebalari eta EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegi ere batu ziren bilkurara. Manifestazioa egiteko debekua «Euskal Herriko egoera soziopolitikoaren aurkako erabaki politikotzat» hartu zuen Herrirako kide Joxean Fernandezek. «Josuren egoera oso krudela da, mingarria. Barne ministroaren azalpenak kontuan izanda, gaur bertan aske utzi beharko lukete», adierazi zuen, Auzitegi Nazionaleko medikuen txostenaren berri izan aurretik.

Bilboko Areatzan jarraitu zuten mobilizazioek, konpartsen inguruan. Debekuari jarraiki, Euskalgunean egin beharreko Konpromiso Bazkaria bertan behera utzi zuten; grebalarien baraualdiarekin bat egiteko, ordea, bazkariko mahaiak prestatu eta ur botilez hornitu zituzten. Halere, Euskalgunean izandako lekukoek adierazi zuten tentsio uneak izan zirela ertzainekin: «Ez dute ekintza sinbolikoa ulertu».



 

Aralar eta Bilduko parlamentarien itxialdia, atzo. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Aralar eta Bildu hamar orduz itxi dira parlamentuan

Legebiltzar barruan 21:30etik aurrera egotea debekatu du Catalanek, eta istilurik ez izateko, lehenago atera dira

Joxerra Senar Iruńea

Hasiera batean 24 orduko itxialdia eta baraualdia egin behar zuten Nafarroako Parlamentuan Aralarreko eta Bilduko parlamentariek, Josu Uribetxebarria aska dezatela eskatzeko. Azkenean, hamar ordukoa egin zuten. Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak jakinarazi zien parlamentariek gehienez 21:30era arte egon daitezkeela euren bulegoetan, eta horretarako Parlamentuko Araudiko 35.1 artikulura jo zuen, esanez lanegun batean gehienez 21:30era arte egon daitekeela eraikin barruan. Agindu horri erabateko ezadostasuna azaldu arren, «probokazioetan ez erortzeko asmoz» Bilduk eta Aralarrek erabaki zuten 21:00etan uztea Parlamentua.

Zortzi parlamentariok egin zuten itxialdia: Bilduko Bakartxo Ruiz, Aitziber Sarasola, Koldo Amezketa, Victor Rubio eta Bikendi Barea, eta Aralarreko Txentxo Jimenez, Asun Fernandez de Garaialde eta Xabi Lasa. Goizean egindako prentsaurreko baten bitartez ekin zioten itxialdiari. Uribetxebarria zein gaixo diren gainontzeko presoen askatasuna aldarrikatzeko helburua duen «ekimen sinbolikotzat» jo zuten itxialdia. «Argi dugu Nafarroako Gobernuari eta hainbat sektoreri gai hau agenda politikotik at geratzea interesatzen zaiela, baina gure ustez instituzioei ere badagokie gaiari heltzea», azaldu zuen Asun Fernandez Garaialdek.

Zazpi parlamentariek salatu zuten «heriotzaren korridorean» mantendu dutela Josu Uribetxebarria, eta agerikoa dela legea ez duela berdin ezartzen Espainiako Estatuak kasu guztietan. «Espainiako Gobernua da gertatzen ari denaren errudun bakarra». Euren ustez «modurik krudelenean eta ulertezinean» muturreraino eraman dute presoaren egoera.

Hala, gizarteko beste esparrutan egiten ari diren aldarrikapena Parlamentura eraman nahi izan zuten, eta itxialdia egitea erabaki. «Ziur gaude herritarren gehiengoaren nahiarekin bat egiten duela», arrazoitu zuen Fernandez Garaialdek.

Alberto Catalan legebiltzarreko presidenteak epemuga jarri zion itxialdiari. Bere arabera, Parlamentuko araudiak ez du baimentzen bulegoan 21:30etatik aurrera egotea, «araudian aurreikusitako jarduerak egiteko ez bada». Catalanen arabera, baraualdi eta itxialdi bat ez dira ohiko jarduera. Horregatik, 21:30rako eraikina uztera dei egin zien.

Bilduk eta Aralarrek Catalanen erabakia gaitzetsi zuten. «Gure ohiko lanetan aritzen garenean, urteko 365 egunetan, 24 ordutan egon gaitezke Parlamentu barruan». Hala ere, probokazioetan ez zirela eroriko eta sektore atzerakoienei ez dietela argudio hutsalik emango adierazi zuten. Era berean, «harridura» azaldu zuten goizeko lehen ordutik «ezohiko polizia presentzia» egon zelako. «Ez dugu ulertzen 11:00etara arte ez badugu gure ekimen publikoki iragarri, nola den posible Foruzaingoak aldez aurretik bertaratu behar genuenaren berri izatea, eta ekiteko prest agertzea».



 

Herenegun gauean atxilotu zituzten. / IŃIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iruńeko katedraleko ekintzaileak epaitu dituzte

Gaixo dauden euskal presoen egoeraz ohartarazteko, Iruńeko katedralean itxialdia hasi zuten herenegun bederatzi pertsonak. Asmoa hamalau orduko itxialdia egitea zen; ordu bat gaixo dagoen preso bakoitzeko. Gauerdian, baina, poliziak atxilotu eta goiz partean epaitu dituzte. Hasieran katedraleko artzapezpikuak salaketa jarri, baina kendu egin du. Dena den, fiskaltzak legez kontrako sartzea egotzi die bederatzi akusatuei. Ondorioz, lau hilabetez egunero hamar euro ordaintzera behartuko ditu epaileak. Osotara 10.000 euroko isuna. No-lanahi ere, atxilotuek ez dute onartu deliturik egin izana. Hori dela eta, bigarren epaiketa bat izango dute irailaren 6an.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia