2012-08-23
Euskal presoak
Uribetxebarriak gose greba utzi du, «bizitza lehenetsita»
«Muturreko larritasun egoerara» heldu da, eta adierazi du osasunaren eta askatasunaren alde borrokan segituko duela
Hodei Iruretagoiena Donostia
Josu Uribetxebarriak gose greba uztea erabaki zuen atzo, bi asteren ondoren. «Berak argi zeukan hasieratik bere bizitzaren eta askatasunaren alde ari zela borrokan», azaldu du Fran Balda Herrira mugimenduko kideak, eta argi utzi erabakia «erabat pertsonala» izan dela. Baldak esan du presoaren osasun egoeraren «muturreko larritasuna» izan dela arrazoi bakarra: «Bere bizitzagatik hartu du erabakia, eta adierazi du bere osasunaren eta askatasunaren alde borrokan jarraituko duela». Goiena agerkariari egindako adierazpenetan, presoaren anaia Jabier Uribetxebarriak zehaztu du sendagileek aholkatutako erradioterapia tratamendua jaso ahal izateko utzi behar izan duela gose greba Arrasateko presoak. Tratamendu hori egin ahal izateko, derrigorrezkoa da indartsu egotea, eta azken egunotan Uribetxebarriak indar asko galdu duela azaldu du haren anaiak. Goizean, zorabitu eta lurrera erori dela ere esan du.
Donostiako Ospitale atarian egindako adierazpenetan, Fran Baldak esan du ezin litekeela ulertu zein interes politiko dauden egoera hori luzatzeko, «mendekua ez bada». Gauzak hala, Herrira mugimenduak mobilizazioak eta presio soziala areagotuko dituela iragarri du: «Euskal gizarteak hartu behar du lekukoa, Josu zein beste hamahiru gaixo larriak askatzeko». Erietxe atarian bertan izan ziren atzo Donostiako Piratak, Gasteizko blusa, neska eta zanpantzarrak eta Bilboko konpartsetako kideak. «Josuri, bere senide eta lagunei, eta gose greban direnei gure babesa eta maitasuna ekartzera etorri gara», esan zuen Txori Barrote konpartsako partaide Haize Goikoetxeak.
Donostiako Ospitalean gose greba mugagabean diren hamabi lagunek berriz, protestarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. Batzuek hamahirugarren eguna dute baraualdian, eta ahultasuna nabaria zaie. Bataz beste, hamar kilo inguru galdu dituzte.Hamabi lagun hauek dei egin diete herritarrei Donostiako Ospitalean egiten ari den gose grebara batzeko, gaur goizeko 11:00etatik aurrera. Euskal Herri osoan zehar mobilizazioak ugaltzeko deia ere egin dute Herrira mugimendutik: «Kalean egoteko unea da. Egoera hau ezin da errepikatu».
Orain artean bezala, Bilbon, Gasteizen eta Iruńean elkarretaratzeak egiten dituzte egunero, Gobernu Ordezkaritzen aurrean. Baionan, baraualdia egingo dute gaur Espainiako Kontsulatuaren aurrean, eta egunero elkarretaratzeak egingo dituzte arratsaldeko lauetan. Bilbon kalejirarako deialdia egina du Herrira-k ostiralerako, 12:30ean Eliptika plazatik. Herriz herri ere hainbat protesta egiten ari dira, eta asteburuan zehar ere mobilizazio ezberdinak izango dira. Herenegun Buenos Airesen (Argentina) ere manifestazioa egin zuten ehundaka herritarrek, Euskal Herriaren Lagunak elkartearen deiari erantzunez.
Espetxeetan ere protestekin jarraitzen dute. Etxerat elkarteak jarkinarazi duenez, 558 preso ari dira borrokaldian, 71 espetxetan. Hauetako gehienak gose greba mugagabean dira, eta askok hamar eguntik gora daramate horrela. Etxerat-ek jakinarazi du preso asko ondorioak nabaritzen hasiak direla. Gose greba mugagabean ez daudenak baraualdiak, itxialdiak, elkarretaratzeak... egiten ari dira. Bestalde, herenegun espetxera itzuli zutenGonzalo Rodriguez presoa, giltzurruna puztuta zuela-eta bi egun erietxean igaro ondoren.
Fiskaltzak zer esango zain
Bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku dago Uribetxebarria aske uzteko erabakia. Astelehenean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak esan zuen Espetxe Zuzendaritzak bidalitako txostenak ez zirela nahikoa, eta erabakia atzerarazi zuen horrela. Atzo, Angel Yuste Espetxe Zuzendaritzako idazkariak esan zuen «baliozkoak eta erabakigarriak» zirela txosten horiek. Dena den, Fiskaltzak esku artean ditu irtzia eman ahal izateko eskatu zituen agiri guztiak. Herrira-k «aitzakia onartezintzat» jo zituen halako gorabeherak, egoera «oso larria» dela argudiatuta.
Gose greba uzteko presoaren erabakia «txalotu» egin du ezker abertzaleak, «duintasunez bizitzeko eskubidearen defentsari» eutsi baitio, «heriotzera zigortu» nahi duten arren. Dena den, Uribetxebarriaren egoerak oso larria izaten jarraitzen duela gogoratu du Maribi Ugarteburu bozeramaileak, eta ahaleginak biderkatzeko deia egin die herritarrei. PPko Leopoldo Barredak, aldiz, gose greba eta horren inguruan sortutako babesa «antzerki hutsa» izan direla esan du. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berriz, «gaixotasuna hain aurreratua» duten presoak aske uztearen alde egin du, nahiz eta «zaintzapean mantendu» behar direla uste.
Herrira-k azpimarratu du «giza eskubideen apologia» besterik ez duela egiten
Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak herenegun Auzitegi Nazionalera txosten bat igorri zuen azkenaldian gaixotasun larriak dituzten presoen aldeko elkarretaratzeetan «terrorismoaren gorazarrea» egin ote den iker dezan. Herrira mugimenduak erantzun du giza eskubideen apologia baizik ez duela egiten. «Hemen ez dago bestelako apologiarik. Hemen egiten dugun apologia da Josu Uribetxebarria askatu egin behar dutela, eta gaixotasun larriak dituzten beste 13 presoak ere aske utzi behar dituztela», azaldu du Sergio Labaien Herrira-ko eledunak. Haren ustez, delitu bakarra Espainiako Gobernuak egin du, presoen eskubideak urratzen ari delako. «Mehatxu guztien gainetik, Herrira gaixotasun larriak dituzten presoen eskubideak aldarrikatzen jarraituko du», gaineratu du Labaienek.






