Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 09:47

2012-08-12

Salbuespen neurriak amaitzeko eskatu dute Donostiako kaleetan

Lehen urrats gisa exijitu dute sakabanaketa amaitzeko, 'Parot doktrina' bertan behera uzteko eta gaixo dauden presoak askatzeko

Herrira-k mobilizatzeko deia egin die herritarrei, «gobernua mugiarazteko»

Jokin Sagarzazu Donostia

Saguestik Okendo plazarainoko bidea egin zuten atzo Gipuzkoako hiriburuan bildu ziren herritarrek. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jendetza bildu zen atzo Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika salatzeko eta euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko Donostian eginiko manifestazioan. Protestaren leloa orokorra izan arren — Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira—, euskal presoekin lotuta asteon izan diren bi gertakari nagusiak izan zituzten gogoan. Batetik, Donostiako ospitalean preso jarraitzen duen Josu Uribetxeberria aske uzteko eskatu zuten, eta, bestetik, Iñaki Egibarren senideek asteartean izan zuten auto istripua salatu zuten. Gertakari «larri» horiek Espainia eta Frantziako estatuen espetxe politikaren «ondorio» gisa aurkeztu zituzten. «Tamalez, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika da gaur egun protagonista nagusia», salatu zuten Herrira-ko kideek manifestazioaren amaieran.

Manifestazioa 17:30ean abiatu zen Saguestik eta ordu erdi inguru geroago iritsi zen burua Okendo plazara. Manifestazioa amaitu zenean jendea oraindik Kursaal inguruan zegoen. Donostiako Aste Nagusiarekin hasierarekin bat egin zuen mobilizazioak, eta ezohiko ibilbidea egin behar izan zuten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren aginduz.

Parte hartzaileen artean alderdi politikoetako ordezkaritza zabala izan zen. Han izan ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Pernando Barrena eta Joseba Permach ezker abertzalekoak, Alberto Unamuzaga Amaiurreko senataria, Iñaki Ostolaza EAko kidea eta Mikel Izagirre EBkoa. Sindikatuen artean, han izan ziren, besteak beste, LABeko eta ELAko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz Txiki. Horiez gain, ehundik gora eragilek babestu zuten atzoko martxa.

Bakea egonkortzeko urratsak

Manifestazioaren buruan, mobilizazioaren leloa zuen pankartarekin batera, Josu askatu. Hamalauak herrira zioen beste bat eraman zuten, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak gogoratuz. Herrira-ko kideek ireki zuten manifestazioa, kamiseta urdinak soinean zituztela. Buruan ere Donostiako ospitalean Uribetxeberriarekin elkartasunez gose greban dauden bederatzi herritarrak zeuden, eta, haiekin batera, Uribetxeberriaren senideak eta lagunak. Ibilbidean zehar, besteak beste, «Josu askatu» eta «Presoak kalera, amnistia osoa» oihukatu zuten. Manifestazioaren amaieran, dantzari talde batek agurra egin zien pankarta eraman zutenei, eta bertsolari batek Uribetxeberriarentzako hitzak izan zituen. Bi neska gazteren kantuekin amaitu zuten protesta ekitaldia.

Manifestazioaren deitzaileen izenean, Agustin Rodriguezek eta Amaia Zurutuzak irakurri zuten amaierako testua. Euskal presoek bizi duten «salbuespen egoera» salatu zuten, eta hiru eskaera jakin egin zizkieten Espainiako eta Frantziako estatuei: amaitzeko euskal presoen sakabanaketa; askatzeko gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten hamalau presoak, eta bertan behera uzteko Estrasburgoko auzitegiak errefusatu berri duen Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina (Parot doktrina). Neurri horiek lehen urrats gisa eta «berehala» hartzeko deia egin zieten, horiei indarrean iraunaraztea «giza eskubideen aurkakoa» delako eta gatazkaren konponbidea zailtzen duelako. «Muturreko egoerak amaitzea ezinbestekoa dugu, soilik horrela lortuko dugulako bake egoera sortu eta egonkortzeko urratsak egitea». Horri buelta emateko, herritarren mobilizazioa eta konpromisoa «ezinbestekoa» izango dela adierazi zuten Rodriguezek eta Zurutuzak. «Gobernuek bere eskuetan dute espetxe politikaren giltza. Pilota haien teilatuan dago. Baina euskal gizartean dugu gobernua mugiarazteko giltza. Horixe da euskal pilota: bakea eta konponbidea eraikitzeko, preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko erronka historikoa».



 

Bihar egingo diote azterketa medikua Uribetxeberriari

Laugarren eguna egingo du gaur gose greban Josu Uribetxeberriak. Ostiralean kaleratutako oharrean Donostia Ospitaleak jakinarazi zuen presoa egonkor dagoela eta astelehenean egingo ziotela hurrengo azterketa. Uribetxebeberriak, halaber, diagnostiko probak egiteko zain dago; Espetxe Zuzendaritzak dio proba horien emaitzen arabera erabakiko duela aske uzten duen edo ez. Bitartean, harekin elkartasunez, gose grebak hasi dituzte hemeretzi espetxetan eta modu askotako protesta ekintzak beste batzuetan. Donostiako ospitalean bertan, halaber, gose greba hasi zuten bost lagunei beste lau batu zitzaizkien atzo, eta bihar beste bi.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia