Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 20:22

2012-08-11

Darwin eta gu

Zapotecak

Jose Mari Pastor

Munduan barrena saltoka dabilen erreportari bidaiariaren joan-etorrien berri ematen du telebistako programak: leku exotikoak, hango jendearen bizimodua eta kultura, hemengo bisitarien iritziak... Kazetaria Mexikon dago, Riviera Mayako hondartza gardenetan. Handik beste leku batera egin du salto: oraingoan, kaleko merkatu bateko saltoki xumearen aurrean dugu. Saltzaileak edadeko emakumeak dira. Erreportariak zerbait galdetu dio bati, baina andreak ez du hitzik egin. Irribarrea izan da erantzun bakarra. Aldameneko batek zerbait esan dio orduan neska kazetariari. «A, ez daki espainolez hitz egiten?», galdetu du horrek, harrituta. Eta gero, kamerari begira: «Emakume honek zapotecez hitz egiten du. Zapoteca eskualde honetako dialekto bat da. Ez daki espainolez. Oso jende itxia da».

Zergatik deitu dio mintzaira horri dialektoa? Zeren dialektoa? Kazetaria ez ezik, hizkuntzalaria ere bada neska? Hizkuntzalaria izanez gero, bazuen azaltzea Kolon Ameriketara iritsi aurretiko zer hizkuntzaren dialektoa den zapoteca. Alta, beste arrazoi bat izan liteke tartean zapotecari dialektoa deitzeko: inkontzienteak traizionatu egin du kazetaria, eta zenbait espainiarren espiritu kolonizatzailea azaleratu zaio. Francoren garaian katalanari eta galegoari ere dialektoak deitzen zieten mespretxuz. Zuzen zeuden, dialektoak dira katalana eta galegoa, espainola bezalakoak, latinetik eratorriak baitira. Baina zer ardura dio, dialektoa izan edo ez. Babelgo dorre mitikoan dialektoak hitz egiten ziren ala gero sortu ziren horiek, hango hizkuntza bakarretik? Era batera edo bestera, dialektoak dira egungo hizkuntza gehienak. Ingelesari eta espainolari ez, zapotecari deitu dio dialekto, mintzaira horri hizkuntza osoaren kategoria kentzeko, prestigioa. Kolonialismo kulturala. Maltzurkeria. Kolonialismo hori salatu zuen ostegunean Victor de la Cruz poeta eta itzultzaile zapotecak Hizkuntzaren Akademia Mexikarreko kidea aukeratu zuten ekitaldian —Hizkuntzaren Errege Akademia da erakunde horren parekoa Espainian—. «Onartu behar dugu kultura eta hizkuntza aniztuneko herri batean bizi garela. Batez ere, espainoldunek onartu behar dute hori, herrialdea Mendebaldeko kulturaren kanonen arabera uniformatu nahi dutelako».

Kazetariak itxia deitu dio saltokiko andreari, espainolez ez dakielako. Emakume indigena zahar horri ez zioten, seguruenik, aukera txikiena ere eman eskolara joateko, are gutxiago espainola ikasteko. Inork ez zion galdetu espainola ikasi nahi zuen edo ez. Kazetari espainiarra ez dadila harritu, haren logika berari segituz, AEBetako metropoliko turistak itxiak deitzen badie Andaluziako zaharrei, horiekin hitz egiten hasi eta ingelesez ez dakitela ohartzen denean. Zer deituko die kazetariak Euskal Herrian jaio eta bizi arren euskara ikasteko batere gogorik ez duten herritar moderno unibertsalei? Itxiak? Ezjakinak? Okupazio kulturalaren armadako kideak, nahi gabekoak edo gogotsuak?

Guztira, 800.000 lagun inguruk dute zapoteca lehen hizkuntzatzat. Gehienak Oaxaca aldean bizi dira. Euskaldun adina zapotec hiztun dago munduan, ia-ia. Zapotec guztiak mintzo dira zapotecez; horietako asko elebidunak dira; beste batzuk, elebakarrak. Hemen ez gara hain itxiak; hemen ia den-denok gara elebidunak. Irekiak gara euskaldunok, irekiegiak. Geure buruko eta bihotzeko irekitasuna hizkuntzarekiko hain da handia, ezen tontotasunaren mugaraino iristen den: Donostia erdiko saltoki gune bateko jatetxean kartelak dituzte jarriak, menuak ingelesez eta frantsesez badituztela jakinarazteko. Euskarazko menurik, ez; euskaraz egin eta ulertu, ez. Hala ere, beteta egoten da asteburuetan. Bezero euskaldun gehiago ditu bezero ingeles edo frantses baino. Halakoxeak gara, ba, hizkuntzaren arloan: zapotec bat baino irekiagoak; zipote bat zipoteka baino baldarragoak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia