Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 10:30

2012-07-28

Euskal presoak

Josu Uribetxeberria presoari metastasia diagnostikatu diote

Giltzurruneko minbizia izan zuen duela bost urte; mediku zein sendiak askotan ohartarazi dute gaitzak berritzeko zuen arriskuaz

Arrasaten 800 lagunek manifestazioa egin zuten atzo, presoa aske uzteko eskatuz

Oihana Elduaien- Hodei Iruretagoiena

800 lagun bildu ziren atzo Arrasaten. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Aurreikuspenik txarrenak bete dira: Josu Uribetxeberria presoari berpiztu egin zaio minbizia eta metastasia du. 2005ean izandako minbizia berpizteko arriskua zegoela bazekiten familiakoek eta medikuek, eta alarma guztiak piztu ziren joan zen astean, presoa erietxera eraman zutenean. Hiru nodulu topatu zizkiotela jakinarazi zuen Etxerat-ek herenegun, biriketan zituela bi eta buruan bat, baina artean diagnosi zehatzik ez zutela. Atzo jakin zen, presoari minbizia berpiztu zaiola. Etxerat elkarteak prentsaurrekoa emango du gaur Arrasaten (Gipuzkoa) presoaren egoeraren berri zehatzago emateko.

Gaixotasun larriak dituztelako berehala libre utzi beharreko 14 euskal preso politikoen zerrendan dago Uribetxeberria. 2005ean giltzurruna kendu behar izan zioten gaitzagatik —ezkerreko giltzurrunean tumore handi bat topatu zioten—. Orduan gainditu zuen gaitza, baina kasu horietan arriskua handia izaten da hura zabaltzeko edo berpizteko, eta are gehiago espetxean. Izan ere, bere konfiantzazko mediku Endika Intxaustik herenegun ohartarazi bezala, ezinezkoa da espetxean behar bezalako jarraipena egitea, eta froga eta azterketa zorrotzak egin behar zaizkio halako gaitza gainditzen duenari.

1987. urtean atxilotu zuten preso arrasatearra, eta 30 urteko zigorra jarri zioten. Hainbatetan eskatu du baldintzapeko askatasuna, eta 2006an, adibidez, gaixotasun larri eta sendaezina zuelako aske uzteko legeak ematen duen aukera aplikatzeko eskatu zuen. Espetxe Zaintzak ez zion ordea eskaera onartu.

Elkartasuna Uribetxeberriari

Egoeraren larriaz jakitun, hainbat mobilizazio izan dira Uribetxeberria aske uzteko. Esate baterako, atzo 800 lagun bildu ziren Arrasaten, manifestazioan. Arrasateko Udaleko ordezkariak Mansillako (Leon) espetxeraino ere joan ziren ekainean, presoa aske uzteko eskatzera. Mozioa onartu zuten udaletxean.

Herrira mugimenduko kideek ere gogoan izan zuten atzo Uribetxeberria. Goizean ekitaldia egin zutenean oraindik ez zekiten Uribetxeberriaren diagnosi zehatza, baina kezkatuta zeuden hala ere. Izan ere joan den uztailaren 19tik dago Leongo ospitalean (Espainia) preso arrasatearra, Mansillako espetxetik hara eramanda. Esnalek elkartasuna helarazi zien Uribetxeberriari berari eta haren senideei, eta gogoratu zuen presoak, giltzurruneko minbizia jasan ostean, tratamendua derrigorrezkoa duela bizi osoan zehar: «Hori bateraezina da espetxean egotearekin», gaineratu zuen. Presoa «berehala» askatzeko eskatu zuen.



 

14

Larri gaixo dauden arren, preso.

Gaixotasun larriak dituzten arren, giltzapean dauzkate oraindik hamalau euskal preso. Aske uzteko eskaera aurkeztuta daukate, baina ezezko erantzuna jaso dute beti. Haietako lau besterik ez daude Euskal Herriko espetxeetan..



 

Gaur Herrira Egunak egingo dira Zarautzen eta Azpeitian

Herrira mugimenduak antolatuta, egun osoan hainbat ekitaldi izango dira gaur Zarautzen eta Azpeitian, preso eta iheslariei elkartasuna adierazi eta kaleak haien aldeko aldarrikapenez betetzeko asmoz. Zarautzen, 11:00etan irekiko dute Herrira gunea, malekoian, eta herritarrei dei egin diete pasealekua atontzen laguntzeko. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute, eta bazkariaren ondoren, hainbat tailer eta jolas izango dira. 19:30ean amaituko dute eguna, poteo musikatuarekin. Azpeitian, berriz, 12:00etan, «pedalkadaz pedalkada, espetxeetara» ekitaldia egingo dute, eta 16:00etan autobus bati tiraka jardungo dira. Horren jarraian egingo dute ekitaldia, eta gauean, afaria izango da.



 

Ehunka herritar bildu dira azken ostiraleko ekimenetan

Hilero-hilero bezala, ehunka pertsona atera ziren atzo iluntzean kalera, euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurrak eskuan hartuta. Gaixorik dauden euskal presoen eta haien senide eta lagunentzako elkartasun mezuak izan zituzten, eta bereziki Josu Uribetxeberria eta Txus Martinen «egoera larria» gogoratu zuten. «[Espainiako eta Frantziako] Gobernuek oinarrizko eskubideak salbuespenez murrizten dihardute espetxe politika honekin; itzulezinezko tragedia bat izateko arrisku handia duen politika bat da», ohartarazi zuten Herrira-ko kideek. 197/2006 doktrina ezarri dieten presoak ere gogoratu zituzten, eta Estrasburgoko auzitegiak jakinarazitako epaia «albiste ona» izan dela nabarmendu zuten, «euskal gehiengoaren borondatearekin, logika demokratikoarekin eta giza eskubideen irizpideekin» bat egiten duelako. Hala ere, Parot doktrina bertan behar uzteko herritarren presioak jarraitu behar duela adierazi zuten. «Momentu hau inportantea da». Besteak beste herri hauetan egin zituzten mobilizazioak: Getaria (45), Aulesti (76), Deba (55), Zumaia (83), Eskoriatza (25), Hondarribia (53), Irun (114), Alegia (15), Amezketa (20), Anoeta (25), Berrobi (6), Berastegi (26), Gaztelu (26), Ibarra (43), Ikaztegieta (20), Leaburu-Txarama (6), Lizartza (43), Tolosa (60), Zizurkil (84). Larrabetzu (97), Abadińo (42), Zeberio (24), Zuia (20), Arraia-Maeztu (15), Urizarra (25), Irurtzun (25), Lesaka (45), Etxarri-Aranatz (117) eta Leitza (70).



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia