2012-07-20
Hautetsien Kontseilua. Ipar Euskal Herriaren gobernantza
Eskumenei buruzko proposamenak onartu ditu Hautetsien Kontseiluak
Euskal lurralde elkargoak izanen lituzkeen eskumenei buruzko proposamena aurkeztu zaie hautetsiei, biltzar nagusiaren kari
Gogoeta onartu dute, baina ez dute argitu biharko egiturak zer eskumen lituzkeen
Jenofa Berhokoirigoin Baiona
Hautetsien Kontseiluko zuzendaritza Baionan bildu zen atzo. / GAIZKA IROZ
Euskal lurralde elkargoak lituzkeen eskumenei buruzko proposamenak onartu zituen atzo Hautetsien Kontseiluak. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruzko hausnarketan urrats berri bat egin zuten barda elkartearen biltzar nagusiaren kari. «Pauso garrantzitsua da, gogoeta hori onarturik, prozesua aitzina doa eta gobernuaren erreforman kokatu nahi dugu gure burua, lurralde elkargoa lortzeko asmoz», zion Martine Bisauta Baionako hautetsiak. Hautetsien ihardokipenak ezberdinak ziren barda, bileratik ateratzean. Nahiz batzuk Bisautaren gisa unea «nahiko historikotzat» jo, beste batzuk, Christine Bessonart Ipar Euskal Herriko auzapezen biltzarreko presidentearen gisara, ez zuten «ezer berritzailerik» kausitu. Hain zuzen, nahiz eskumenei buruz eraman gogoeta begi onez ikusi, biharko egiturak lituzkeen eskumenak ez zituzten adostu.
Arloka aurkeztu zituzten lurralde elkargoak lituzkeen konpetentziak: garapen ekonomikoa, garraioak,euskara, kultura, etxebizitza, turismoa eta mugaz gaindiko harremanak. Sail bakoitzarentzat hiru aukera presentatu zituzten. Bata, eskumen gutxiengoak emanez, bestea, botere guztiak emanez eta azkena, erdi bideko proposamen bat. Hiru aukerak proposatu arren, lan taldeek bat lehenetsi zuten, gehienetan, erdi bidekoaren alde eginez. Hala ere, bakar batzuetan, euskararentzat edota kulturarentzat adibidez, eskumen azkarreko elkargoaren hipotesia hautatua izan da.
Nahiz bukaeran aho batez alde agertu, eztabaidatsua izan zen bilera. «Denak ados gara errateko egituraketa bat behar dugula, gero zein heinetakoa... horretan da eztabaida sendi. Nahiz inor ez aurka mintzatu, ikuspegi ezberdinak badira», zion Sauveur Bacho Arberatzeko (Nafarroa Beherea) auzapezak. Nahiko mesfidati da bere aldetik Bessonart: «lurralde elkargoaz gogoetatzen ari gara, baina batzuk beti dute buru gibelean Pays egitura edota Sindikatu Mistoaren aukera...». Hala ere, ezagupen instituzionala lortzeko «parada» ikusten du prozesu horretan.
Biltzar nagusi jendetsua
Hautetsi andana bat bildu ziren atzo Baionan burutu biltzar nagusian. Besteak beste, Sylviane Alaux, Colette Capdevielle, Frederique Espagnac eta Jean Jacques Lasserre parlamentariak, Alain Iriart eta Maris Christine Aragon kontseilari nagusiak, Jean Michel Galant eta Mixel Etxebest auzapezak, Frantxua Maitia eskualdeko kontseilaria, Alain Lamassoure Europako diputatua... Biltzar nagusi jendetsua izanak bere garrantzia dauka Bisautaren begietan: «hautetsi anitz ginen eta hori ere azpimagarria da, lurralde elkargoaren gaiaren inguruan lortuko dugun adostasun orokorra garrantzitsua izanen delako».
2009. urtean hasitako gogoeta
'Pays' egituraren desagerpena
• 2008ko otsaila. Lurralde berrantolaketaren proposamena aurkeztu zuen Nicolas Sarkozy orduko Frantziako presidenteak. Pays egituren desagerpenaz kezkaturik, Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak gogoeta bat abiatzen dute.• 2009ko otsaila. Ordezkaritza bat biltzen da Edouard Balladur erreforma daraman batzordeko buruarekin.
• 2010ko maiatza. Daniel Poulou Lapurdiko diputatuak hitza hartzen zuen Parlamentuan.
• 2010ko maiatza. Erreformari buruzko hiru aldaketa proposatzen dituzte bi Kontseiluek. Ez dira onartuak.
• 2011ko urria. Gobernantzari buruz gogoetatzeko bide-orri bat adosten dute Kontseiluek. Lan taldeak abiatzen dira eta bi legelarien esku utzi zuen egituraketa moldeak ikertzeko lana.
Lurralde elkargoa lehenetsia
• 2012ko martxoa. Estatus berezia lukeen elkargo bat esperimentatzea proposatzen dute Jean Gourdou eta Jean-Pierre Massias zuzenbideko irakasleek.• 2012ko apirila. Lurralde elkargoaren alde agertzen da Garapen Kontseilua.
• 2012ko maiatza. Lantaldeak osatzen dira, elkargoaren eskumenei buruz gogoetatzeko.
Lurralde elkargoari buruz galdeketa antolatu zuen Batera-k 2010ean. / G. I.
Udazkenean argituko dute lurralde elkargoari buruzko jarrera
Deszentralizazioaren III. Aktaren barnean sartu nahi dute landuko duten egituraketa proposamena
J. Berhokoirigoin Baiona
Estatus berezia lukeen lurralde elkargoaren hipotesia iraila arte landu eta udazkenean jakinaraziko du Hautetsien Kontseiluak bat egiten duen gobernantza tresna honekin. Nahiz beste egituraketa moldeak ez baztertu, maiatzean erabaki zuen Hautetsien Kontseiluak estatus berezia lukeen lurralde elkargoaren aukera zehazki lantzea. Eskakizuna Pariseraino eraman nahi dute, eta horregatik dute epe hori finkaturik. Frantziako Senatuak abiatu tokiko demokraziari buruzko mintegiaren kariaz, eskualdeetako topaketak antolatuko dira udazkenean, eta ordurako nahi dute egituraketa proposamena adostu. Frantziako gobernuak planteaturiko Deszentralizazioaren III. Aktaren baitan nahi dukete proposamena sartu. Abenduan iritsiko da erreforma Parlamentura.
Frantziako Gobernuak ezagupen instituzional hori onartuko duenik ez jakin arren, buru belarri ari dira egituraketaren marrazten. Atzo onartu zituzten hautetsiek elkargoak lituzkeen eskumenei buruzko proposamenak, eta gaurdanik irailera funtzionamenduari eta finantzamenduari buruz gogoetatzen ariko dira. Dena dela, legediari begiratuz gero, gauza batzuk ezin eztabaidatuak dira: Sufragio unibertsalean bozkaturiko asanblada baluke elkargoak, aurrekontu batekin eta eskumen propioekin. «Zenbat eskumen lituzkeen eta beste elkargo batean liratekeen edo ez, hori negoziatzen da. Politika aldetik, eskumenak aldatzea ez da zailena izanen. Pauso sinboliko handiena elkargoaren sortzean litzateke», dio Jean-Pierre Massias Hautetsien Kontseiluarentzat ikerketa burutu duen zuzenbideko irakasleak. Hori guztia dute funtsean zehaztekoa urrira bitartean. «Urrian lanak kasik bukaturik behar luke izan, ondotik erabaki eta gobernuari aurkezteko proposamena», Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak (Nafarroa Beherea) dionaz.
Gobernuarekin harremanak
Proposamena gobernura helaraztea izango dute ondoko pauso saihestezina. Bi molde ukango dituzte horretarako: edo, lege proiektu bihurtuz, gobernuaren mailan ikertu beharko da, gero hark duelako Parlamentuan lege proiektua pausatzen, edo bestela, lege proposamena eginez, hor parlamentari batek luke proposatuko legea. Erreformaren arduradun Marylise Lebranchu ministroarekin bilduko dira Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle Euskal Herriko bi diputatuak eta Hautetsien Kontseiluko presidentea zein senataria den Jean-Jacques Lasserre.
Hala ere, egingo den proposamena moldatua izan daitekeela dio Jean Gourdou Hautetsien Kontseiluarentzat ikerketa burutu duen zuzenbideko irakasleak: «Euskal Herri mailan nahi diren lan eta proposamen guztiak egin daitezke, eta lege proposamen horietaz inspiratzen bada ere, gero Parlamentuan zuzenketa, eta moldaketa prozesuak daude eta bukaeran dagoen legea ez da baitezpada hasieran proposatua zena». Hori badakite eta, horregatik, dute proposamen «oso zehatza eta landua» egingo. Horrez gain, eragile sozial eta politikoen partetik adostasun ahal bezain zabala lortu nahi dute: «Sostengu politiko egin ahala zabala lortuz dugu egitasmoa gauzatzeko aukera handiena ukanen», Martine Bisauta Baionako hautetsiak dionaz. Aurka mintzo diren hautetsi batzuk badira oraindik, baina abiatu lana geldi daitekeenik ez du uste Bachok: «Politikoki aitzinatuko dira gogoetak, pentsatzen dut gauza horiek ez direla horrela gelditzen ahal».
«Elkargoa egitea lortzen bada eta nolako elkargoa nahi dugu? galderari buruz baldin bada eztabaida, izanen den bilakaeraren isla ere izanen da», zion apirilean Massiasek. Eta horrela da. Bakar batzuk Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren alde mintzo ziren garaitik bide luzea egin da. Hautetsien Kontseiluak ere 2009an gogoeta abiatu zuenean, hiru aukera zituen lantzekoak: lehena, gaur egungo egoera atxikitzea; bigarrena, delegaturiko eskumenak izanen lituzkeen erakunde publiko baten sortzea; eta hirugarrena, eskumen propioak lituzkeen erakunde publiko bat eratzea. Egitura honen ordezkariek ez zuten orduan gaur egun duten diskurtsoa.
Guztien artean «adostasun orokor» bat lortzeko bidean, beste proposamen bat aurkeztu zuten Massias eta Gourdouk martxoan: Frantziako Konstituzioak ahalbidetzen duen esperimentazio prozesuari segi, estatus berezia lukeen elkargo bat gauzatzea. Hipotesi hori lantzen ari dira.
Garapen Kontseilua lurralde elkargoaren alde agertu da
Garapen Kontseiluak dio Ipar Euskal Herriarentzat estatutu berezia lukeen lurralde elkargoa dela gobernantza tresnarik «egokiena». Apirilaren 5ean egin biltzar nagusian gehiengo handia agertu zen egituraketa honen alde, «geroan izanen diren erronkei aurre egiteko» antolaketa «ona» delako azalduz.
Deszentralizazioa, Hollanden engaiamendua
Presidente izendatua izanez gero, lurralde antolaketaren deszentralizazioa eginen zuela hitz eman zuen François Hollande sozialistak. Nicolas Sarkozyk burutu lurralde erreformaren aurkako mezua luzatu zuen. Bere asmoa berretsi zuen Frantziako presidente hautatua izan bezain laster. Tokiko lurralde elkargoei eskumen gehiago utzi nahi ditu, finantzamenduak, haatik, ez ditu emendatuko,«gaur egungo heinean» mantenduko ditu. «Tokiko demokrazia indartuko» duela hitz eman du ere. Urte bukaeran egonen da erreforma Parlamentuan. Deszentralizazioaren hirugarren pausoa da. Duela 30 urte abiatu zuten sozialistek, Deferre legeekin eta 2004ean izan zen bigarren urratsa.






