Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 09:08

2012-07-18

Euskara. Egoeraren azterketa Udako Ikastaroetan

Euskara, «bidegurutzean»

Sagrario Aleman, Paxkal Indo, Ińaki Lasa eta Iker Martinez de Lagos euskararen egoeraz mintzatu dira EHUko Udako Ikastaroetan

Erabilera sustatzeko beste politika eta diskurtso batzuk behar direla azaldu dute

Ainara Arratibel Gascon Donostia

Paxkal Indo, Sagrario Aleman, Rosa Ramos, Iker Martinez de Lagos eta Ińaki Lasa, atzo arratsean, EHUko Udako Ikastaroetan. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Azken hamarkadetan euskaldun berriak sortzea izan da administrazioen eta euskalgintzaren erronketako bat. V. Inkesta Soziolinguistikoaren eta kale erabilerari buruzko neurketaren emaitzak ikusita, kantitateari bainoago, kalitateari begiratzeko eta erabileran eragiteko unea dela uste dute euskalgintzako ordezkari askok. Orain arteko diskurtsoak bazterrean utzi, eta beste politika batzuk ezarri behar direla esan dute. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaie administrazioekin koordinazioan eta elkarlanean jardutea. Hizkuntza komunitate gisa trinkotuago aritzeko beharra ere nabarmendu dute.

Hain zuzen ere, euskararen egoeraz aritu ziren atzo solasean Topaguneko Iker Martinez de Lagos, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Ińaki Lasa, IKAko arduradun Sagrario Aleman eta Seaskako lehendakari Paxkal Indo. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan.

Martinez de Lagosen arabera, «ausart» jokatzeko unea da. «Beste kontzeptu batzuek hartu behar dute garrantzia: motibazioak, harrotasunak, trinkotasunak...». Erabileran urratsak egiteko «inoiz baino baldintza aproposagoak» daudela uste du. «Euskara sustatzearen aldeko jarrerak ugaritu egin dira; gainera, ezagutza gero eta handiagoa da».

Helduen alfabetatzean eta transmisioan jarri du arreta Alemanek. Haren esanetan, ez da behar beste baloratu euskaltegiek egindako lana, eta administrazioek ez dituzte behar adina baliabide jarri horietan. «Indar gehiago jarri behar zen 25-65 urte arteko jende multzo hori euskalduntzen. Azken batean, talde hori da handiena, eta ardurak dituena: ekonomian, politikan, gizartean...». Alemanen iritziz, halaber, euskaldun berriei ez zaie behar adina aukera ematen euskaraz bizitzeko. «Erabilera handitzea nahi badugu, hori aldatu behar dugu: lan mundua eta astialdia euskaldunduz, lehen hitza edo erantzuna euskaraz eginez...».

Transmisioan urrats gehiago emateko, hainbat uste faltsuek amaitu behar dutela nabarmendu du Alemanek: «Nafarroan, adibidez, oso errotua dago guraso askoren artean, ez dutela mailarik seme-alabei euskara irakasteko; eskolan hobeto ikasiko dutela iruditzen zaie. Irakasteko ahalegin hutsak, ordea, merezi du».

Euskarak bizirik irautea «miraria» da, Lasaren ustez. Haren esanetan, diskurtsoak aldatu behar dira. «Erakargarriagoak izan behar dute, eta ez horren ezkorrak». Egungo hizkuntza politikak «errotik» aldatu behar direla adierazi du. Administrazioen, herri mugimenduen eta euskalgintzaren arteko «koordinazioa eta elkarlana» hobetu behar direla ere nabarmendu du. Hiztun berriak sortzean eskolak duen garrantziaz ohartarazi du: «Ezin dugu gehiago onartu euskalduntzen ez duten irakats ereduak izatea».

Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko inkesten emaitzek «denetik» dutela uste du Indok. Kezka agertu du euskal hiztunak gutxitu direlako. «Egia da, ordea, jaitsiera urrituz doala. Baina ez ote da izango non galdu ez dugulako?». Halere, uste du baikor izateko datuak ere badirela. «Iparraldean euskaraz hitz egin behar dela uste dutenen kopurua handitu da, eta gazteen ezagutza gora doa.Kantitateari ere begiratu behar diogu guk». Indok lege babesa eskatu du euskararentzat. «Horrekin batera, hizkuntza politika gidatuko duen bertako erakunde bat behar dugu».



 

Ikerketa eta diskurtso berrien peskizan

Balorazioak egiteko eta egoera aztertzeko unea iritsi da, V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutu ostean. Horretan jardun dute Ińaki Iurrebaso eta Ińaki Martinez de Luna soziologoek, EHUk antolatutako udako ikastaroetan, Donostiako Miramar jauregian.

I. Gonzalez - M. Peruarena Donostia

Kale neurketek eta inkesta soziolinguistikoek hogei urteko bidea egin dute, eta datu zerrendek azterketa zorrotzagoak egiteko ematen duten aukera hustiatu du Ińaki Iurrebaso soziologoak. Bi ikerketetako datuak haztatu ditu, euskararen erabilerari buruzko eboluzio bat itxuratuz. Atzo aurkeztu zuen emaitza, Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntzak Politikarak Sailburuordetzak elkarrekin antolatutako saioan, EHUren Donostiako Udako Ikastaroetan. Iurrebasoren azterketen arabera, hezkuntza da euskara gehien erabiltzen den esparrua, baina horren datu estatistikorik ez da. Ikerketek jasotzen dutena beste hau da: lankideekin (%13,7k), lagunekin (%12,5ek), eta eremu formalean (%12,1ek) hitz egiten da euskaraz gehien; kaleko erabilera (%11,5) eta etxekoa ere (%10,4) gertu daude, eta hedabideen kontsumoa da euskarak presentzia gutxien duen lekua (%6,6). Sare sozialei buruzko daturik ere ez dagoela, baina horietan erabilera oraindik txikiagoa den susmoa agertu du.

1991tik 2011ra bitartean aldaketa handia gertatu da lankideen eta lagunen artean eta eremu formalean (administrazioarekin batik bat), euskararen erabilerak asko egin duelako gora, Iurrebasoren hitzetan. Etxeko erabilerak, aldiz, beherakada txiki bat izan du. «Iraultza txiki bat da hori». Beste iraultza, zahar baino gazte gehiagok egiten dutela euskaraz orain. Bestela zen 1991n.

Herrialdeka, ordea, alde handiak daude. Gipuzkoako egoera bereizi du Iurrebasok. «Igoera askoz bizkorragoa» izan du herrialde horrek euskararen erabileran: «Gainontzeko guztietan, poliki, baina behera egin du». Zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eremu formalean gehiago egiten dela euskaraz; Ipar Euskal Herrian eremu informalean egiten da gehiago, nahiz familiako erabilerak jaitsiera handia izan. Nafarroan, kale erabilerak behera egin du. Nolanahi ere, euskararen erabilerak hazkunde bizkorragoa izan zuen 1990eko hamarkada hasieran, eta 1996tik moteldu egin da. Alde horiek aztertzeko, «premiazko azterketa» bat behar dela uste du, eremu euskaldunen joera zein den jakiteko adibidez.

Diskurtso berri baten bila

Bestalde, Ińaki Martinez de Luna soziologiako doktore eta EHUko irakasleak euskararen gaur egungo egoera aztertu du. Horretarako, euskararen inguruko jarrerak hogei urteotan izan duen bilakaera ekarri du gogora. De Lunaren aburuz, trantsizio garaian, herritarrek euskararen aldeko jarrera nabaria zuten. Gaur egun, berriz, aldeko jarrera hori «zalantzazko edo aurkako» bilakatzen ari den susmoa du. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Euskal Herriko biztanleen %55ek aldeko jarrera dute; ez alde eta ez kontra daude %28; %17, berriz, euskara sustatzearen aurka daude.

Inkesta horrek «zenbait argibide» eman ditu, de Lunaren ustez. Batetik, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman direla nabarmendu du. Esku hartu den tokietan «eragin positiboa» izan dute neurriek; biztanleen erdiak baino gehiagok «aldeko jarrera» erakutsi dute leku horietan. Hala ere, de Lunaren hitzetan, urrats horiek mugak ere badituztela ikusi da inkestan; neurriek ez dute lortu biztanleen aldekotasuna «erabatekoa» izatea. Hizkuntza baten normalizazioa lortzea «zaila» da, haren ustez, herritarren erdiek soilik badute aldeko jarrera. Hori aldatzeko, bi irtenbide ikusten ditu soziologoak: «Beharrezkoa da aurkako jarrera dutenak neutralizatzea, bere lekuan eustea. Horrez gain, beharrezkoa da euskararen aldeko jarrerak areagotzea».

Azken urteetan euskararen inguruan zabaldu den diskurtsoa «zaharkitua» geratu dela uste du de Lunak. Beste «sektore» batzuengana iristeko, diskurtso berri bat eratu behar dela esan du, hizkuntzen ekologia kontzeptuan oinarrituz. Hizkuntzak ondare unibertsal gisa hartzen ditu diskurtso horrek, ekologiatik hartutako kontzeptuetan oinarrituz: iraunkortasuna, berdintasuna, aniztasuna...



 

«Hizkuntza politika burujabea» beharrezkoa da, EH Bilduren ustez

Azken hogei urteetako hizkuntza politikak ez direla «nahi bezain eraginkorrak» izan adierazi du EH Bildu koalizioak. V. Inkesta Soziolinguistikoak utzi dituen datuak «oso urriak eta pobreak» direla zehaztu du, ezagutza «oso motel» ari dela hedatzen, eta gorakada hori ez dela erabileran nabaritzen. Herritarren %17,1 euskara sustatzearen aurka egotea ere oso datu kezkagarritzat hartu du. Euskarak hizkuntza politika burujabea» behar du, koalizioaren ustez, «hizkuntz galera» gelditzeko eta «hizkuntz aniztasunaren iraunkortasuna» bermatzeko.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia