Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 07:01

2012-07-07

Euskara. Kale erabileraren neurketa

Euskarak goiena jo du kalean

Azken hamabost urteetan %13an egonkortu da euskararen kale erabilera; euskal hiztunak ugaritu ezean, horretan «trabatu» liteke

Euskararen erabilera %3koa da Donostian ez beste hiriburuetan, eta erdararena, %90ekoa

Mikel Peruarena Donostia

Kale neurketaren emaitzen aurkezpena, atzo, Donostian. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Euskararen kale erabilera «trabatua» dago; «geldiune» batean. 1989az geroztik, 2,5 puntu egin du gora; baina 1997tik hona ez du %13ko ehunekoa gainditu. Ezinean ari da. «Esan dezakegu, egungo baldintza soziolinguistikoekin, goia jo duela euskararen kale erabilerak», nabarmendu du Olatz Altunak, Soziolinguistika Klusterreko kideak. Kaleko erabilerak goia jo du, baina, gainera, gorago ez duela egingo uste dute soziolinguistikan ari direnek. Ez dela hedatuko, ez badira baldintzak aldatzen: «Euskal hiztun kopuruak gora egiten ez badu, edo harremanak euskaraz izateko aukerak handitzen ez badira», erabileran ez da aldakuntza handirik gertatuko hurrengo urteetan.

2011n, elkarrizketen %13,3 egiten ziren euskaraz kalean; %83,1 gaztelaniaz zein frantsesez, eta %3,7 beste hizkuntzetan. Horiek dira Hizkuntzen Kale Erabileraren VI. Neurketak eman dituen datuak. Atzo aurkeztu zuten ikerketa, Donostian, Euskaltzaindiaren Tolarea egoitzan. Olatz Altunarekin, Xabier Isasi eta Ińaki Martinez de Luna EHUko irakasleak eta Ińaki Iurrebaso soziologoak egin zuten aurkezpena. Kale neurketaren batzorde teknikoa osatzen dute, Rosa Ramos Berriozarko euskara teknikariarekin.

Euskararen kaleko erabilerak sabaia jo duela uste duten arren, erabilera ez da izan zitekeen bezain txarra. Eredu matematikoak azaltzen du horren arrazoia, Xabier Isasiren hitzetan. Euskal hiztunek ezin dute euskaraz egin nahi duten guztietan. Alegia, Euskal Herriko herritarren %33k baldin badakite euskaraz, gehienez ere elkarrizketen %7,7 egin ahal izango dituzte euskaraz. Estatistika erabiliz kalkulatzen dute datu hori; herritar guztiek gaztelaniaz edo frantsesez badakitela aintzat hartuta. «Euskararen ezagutza kontuan izanda, erabilera tasa oso ona da» %13koa, Isasiren ustez: «Estatistikaren arabera itxaro daitekeena baino handiagoa». Euskaldunek bere hizkuntzari eusteko egiten duten «ahalegin handia» islatzen du datu horrek.

Herrialdeen artean, kale neurketaren arabera, Gipuzkoak jarraitzen du euskaldunena izaten, ezagutzan bezala, erabileran. Izatez, erabilerak gora egin duen herrialde bakanetakoa da: 2006an %32,1ekoa zen euskararen erabilera; 2011n, %32,7koa. «Goranzko joera nabarmena du, nahiz eta zertxobait apaldu den azken bost urteetan», Altunaren esanetan. Ipar Euskal Herrian ere zerbait gora egin du erabilerak (0,2 puntu), eta duela hemezortzi urteko mailan mantentzen da.

Besterik da gainerako herrialdeetan. Bizkaian eta Araban ez da «aldaketa esanguratsurik» gertatu azken hamarkadetan. %9,4koa da euskararen erabilera Bizkaian —1,3 puntu egin du behera 2006tik—; %4koa da erabilera Araban —0,7 puntu jaitsi da bost urtean—. Nafarroan ere behera egin du erabilerak: elkarrizketen %5,7 dira euskaraz, 2006an baino 0,3 puntu gutxiago. «Datozen urteetan arretaz begiratu beharreko datua» izango dela uste du Altunak, erabilerak beheranzko joera hasiko ote duen jakiteko.

Beste hizkuntzak gora

Beste datu bat nabarmendu du neurketaren batzorde teknikoak: «Hizkuntza aniztasunaren hazkundea». Euskara, gaztelania eta frantsesa ez ziren hizkuntzetan elkarrizketen %2,6 egiten zirela agertu zen 2006ko kale neurketan. Iaz, %3,7ra igo zen ehuneko hori. Izatez, gora egin duten bakarrak dira hizkuntza horiek. Euskarazko elkarrizketak 0,4 puntu jaitsi dira 2006tik, eta gaztelaniazko zein frantsesezkoak 0,6 puntu.

Hiriburuetan egiten da nabarmen errealitate hori. Donostian ez; kaleko elkarrizketa guztien %15,9 dira euskaraz, %81,1 gaztelaniaz, eta %3 beste hizkuntzetan. Aldiz, Bilboko, Gasteizko eta Iruńeko kaleetan, euskara baino gehiago entzuten dira gaztelania ez diren beste hizkuntzak. Gasteizen elkarrizketen %3,1 dira euskaraz, %4,7 beste hizkuntzetan; Bilbon, %3,2 elkarrizketa dira euskaraz, %5 beste hizkuntzetan; Iruńean elkarrizketen %2,7 dira euskaraz, eta %2,9 beste hizkuntzetan. Hala ere, gaztelaniak nagusi izaten jarraitzen du hiriburu guztietan: kaleko hizketaldien %94,3 dira Iruńean, %92,2 Gasteizen, %91,8 Bilbon eta %81,1 Donostian. Ipar Euskal Herriko hiriburuen datuak ez ditu jaso Soziolinguistika Klusterrak, akats tartea handiegia litzatekeelako.

Hego Euskal Herriko biztanleen ia hiru laurdenak bizi dira euskararen ezagutza %25 baino txikiagoa den herrietan. Eta toki horietan dago euskararen erabilera ahulen; kale neurketak egiten hasi zirenetik, %3 inguruan dabiltza. Euskararen ezagutza %25 eta %50 artekoa den herrietan elkarrizketen %14,4 izaten dira euskaraz; euskararen ezagutza %50 eta %75 artekoa den herrietan, %39,7koa da erabilera. Eta ezagutza %75etik gorakoa den herrietan, %66,5ekoa da erabilera. «Ezagutzak erabat baldintzatzen du erabilera», seinalatu du Altunak.

Euskaraz gehien egiten dutenak 15 urtez azpiko gazteak dira; eta gutxien egiten dutenak 65 urtez gorakoak. Neurketa guztietan errepikatu izan da hori, baita azkenekoan ere. «1991n baino euskaldunagoak dira gazteak, baina adin piramidean pisu gutxiago dute», azaldu du Ińaki Martinez de Lunak. Gazteen pisu demografiko txikiak eragiten du euskararen ezagutza eta erabilera handiagoak ez izatea datu orokorretan.

Haurrekin, euskaraz

Beste irudipen bat ere berretsi du neurketak: haurrekin maizago egiten dela euskaraz. Araban datu esanguratsua utzi du kale neurketak: haurrek beren artean eginiko elkarrizketen %2,1 dira euskaraz; helduen artekoetan, %2,4 dira; orain, haurrak eta helduak nahasten diren elkarrizketetan, euskarazkoak dira%7,6.

Andrazkoek euskaraz egiteko joera biziagoa dutela ere azaldu du Altunak. Adin tarte guztietan gertatzen da hori, eta herrialde guztietan ia ea berean errepikatzen da.



 

363.616

Aztertutako elkarrizketak.

Hizkuntzen kale erabilera neurtzeko, 97 herritan egin dute behaketa 200 bat ikertzailek. 2011ko udazkenean egin zuten inkesta, eta 154.277 pertsona behatu zituzten. Guztira, 363.616 elkarrizketaren datuak jaso dituzte.



 

Soziolinguistika Sarietarako deialdia egin du klusterrak

Soziolinguistika Klusterrak antolatu ditu Soziolinguistika Sariak. Aurten egingo dute bosgarren deialdia. Euskarari buruzko soziolinguistika teorikoari edo metodologikoari buruzko lanak eta saiakera arlokoak aurkez ditzakete parte hartzaileek. Urriaren 31rako aurkeztu behar dituzte lanak.



 

Azterketari akats tartea kalkulatu diote lehen aldiz

Inkesta berezia da, metodologiagatik, hizkuntzen kale erabileraren neurketa. Ahozko mintza jarduna aztertzeko ikerketa bat da, baina ez da galderetan oinarritzen; kale erabileraren neurketan, kalean herritarrek erabiltzen duten hizkuntza zein den jasotzen dute behatzaile batzuek. Adina, sexua eta beste aldagai batzuk ere jasotzen dituzte. Lehen ikerketa, 1989an, EKB Euskal Kulturaren Batzarrak sustatu zuen, eta SEI erakundeak egin zituen ondorengoak. 2006az geroztik, Soziolinguistika Klusterra arduratzen da neurketaz, eta bost urtean behin egiten du. Aurten berrikuntza bat egin dute: akats tartea kalkulatu dute. %95eko fidagarritasuna eman diote, eta %0,4ko akats tartea.



 

Ikasle eleaniztunak hezteko, ikertzen ari dira EHUn

EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko DREAM taldea ikerketa garatzen ari da, ikasle eleanitzak hezteko asmoz. Hizkuntza ezberdinetan hiztunek dituzten baliabideak erabiliz, hizkuntza berriak ikasteko prozesua nola erraztu ikertzen ari dira. «Kontzientzia metalinguistikoa» piztu nahi dute.



 

EHUren Udako Ikastaroetan, euskararen geroa aztergai

Azken Inkesta Soziolinguistikoa eta Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketa iaz egin zituzten, eta aurten aurkeztu dituzte datuak, bai batenak, zein bestearenak. Inkesta Soziolinguistikoaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak bakarrik aurkeztu dituzte orain arte, baina laster ezagutaraziko dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoko eta Nafarroako datuak. Horiek denak eskuetan hartuta, euskararen azken urteetako bilakaeraz hitz egingo dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan. Uztailaren 16an eta 17an egingo dituzte saioak, Donostian. Ikerketek utzi dituzten emaitzei buruzko irakurketak egingo dituzte arloko adituek, euskararen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko.



 

@sarean

Hizkuntzen Kale Erabileraren VI. Neurketaren laburpena Interneten jarri du Soziolinguistika Klusterrak. Datu esanguratsuenekin osatu duten laburpena kontsultatzeko, helbide honetara jo behar da:

http://www.soziolinguistika.org/eu/ehkaleneurketa.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia