Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 22:16

2012-06-21

Saltokiek deskontuak egin ahal izango dituzte hilaren 28tik merkealdia hasi arte

Euskaldendak elkarteak Jaurlaritzari eskatu dio merkealdia uztailaren 1a baino lehen hasteko; hark ezezkoa eman dio

Maite Alustiza

Jaiegunetan saltokiak irekitzearen aurka, atzo, Bilbon. / M. RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Euskaldendak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dendarien konfederazioko saltokiek deskontuak eta prezio bereziak eskaini ahal izango dituzte hilaren 28tik uztailaren 1era arte; hau da, udako merkealdia hasi arte. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Euskaldendetako ordezkariekin bildu ostean. Dendariek merkealdia uztailaren 1etik hilaren 28ra aurreratzeko eskatu zioten atzo Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeari, baina, oraingoz merkealdiak arautzen dituen dekretua aldatzea baztertu ondoren, beherapenen aukera jarri du mahai gainean.

Dekretua aldatzeak eta berria onartzeak hiru hilabete baino gehiago eman ditzakeela azaldu dute Jaurlaritzatik; hala ere, hurrengo merkealdiari begira negoziatzeko prest agertu da Zorrilla. Hori bai, sektoreko eragile guztiek parte hartzea beharrezkotzat jo du elkarrizketa horiek hasi ahal izateko.

Euskaldendak konfederazioak haren eskarian argudiatu zuen uztailaren 1a igandea izanda, jendea oporretara joango zela merkealdi sasoia hasi aurretik, eta, gainera, aurreratzeak lehiakortasuna hobetuko lukeela iritzi dio. 6.000 bazkide daude guztira Euskaldendetan —gehienak Bizkai eta Gipuzkoakoak—.

Sinadurak, jaiegunen aurka

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 51.000 sinadura aurkeztu zituzten atzo goizean jaiegunetan saltokiak irekitzearen aurka, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Sinadura horien bitartez, Jaurlaritzari eskatu diote jaiegunetan eta igandeetan saltokiak irekitzea debekatzeko, «jada eskasak diren lan baldintzei eutsi ahal izateko».

Sindikatuek ohartarazi dute egun indarrean dagoen legediaren ondorioz denda asko itxi egin beharko direla. Horregatik, «kate handiek inposatu nahi duten kontsumo neurrigabeari» aurre egiteko dei egin diote Jaurlaritzari.

Euskaldenden proposamenaren inguruan ere mintzatu dira, eta «zilegitzat» jo dute, dendentzat eta, beraz, langileentzat «ona» izango litzatekeelako.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia