Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 13:33

2012-06-03

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena

Eskua luzatu, eta urrats berrietarako prest azaldu da EPPK

Borroka armatuaren garaia gainditutzat jo, eta adierazi du «erantzukizun osoz» jabetu dela «alde anitzetan eragindako minaz»

Esan du konponbide «integrala» amnistiarekin eta autodeterminazioarekin lotuta egongo dela

Aitziber Laskibar Lizarribar Gernika

Preso ohi ugari bildu zen atzo Gernikako Elai Alai antzokian eginiko ekitaldian. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Gatazka politikoa gainditzen laguntzeko prest dago Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK). Horretan parte hartu nahi du. Baina ohartarazi du irtenbidea «konponbide integralarekin loturik» egongo dela, eta «gatazkarako arrazoiak» jarri behar direla konponbidean. Hortaz, zehaztu du aterabideak ezinbestean izango duela lotura amnistiarekin eta autodeterminazioarekin. «Prozesu demokratikoari» heltzeko deia egin du, Anoetako Proposamena, Gernikako Akordioa eta Aieteko Adierazpena bide orritzat hartuta. Gatazkak «alde anitzetan» eragindako minaz «erantzukizun osoz» jabetzen dela esan, eta, aurrera begira, «baldintza berrien argitan», «prestasun osoa» azaldu du urrats berriak egiteko.

EPPK-k Gernikako Elai Alai aretoan aurkeztu du iazko udazkenean hasi zuen barne eztabaidaren ondorioak jasotzen dituen adierazpena. Belaunaldi guztietako preso ohien ordezkaritza zabalaren babesarekin egin du agerpena. Gernikako Akordioa sinatu zuten hainbat eragiletako ordezkariak ere izan dira ekitaldi jendetsu horretan. Besteak beste, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, EAko Joseba Gezuraga, LABeko Ainhoa Etxaide eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Jon Enparantza eta Mattin Troitińo.

Bideo batean jasota, off-eko ahotsean entzun dira presoen kolektiboak euskal gizarteari egindako adierazpenaren zortzi puntuak, emakume baten ahotik. Ikus-entzunekoaren azpian, mahai luze bat izan da, aulkiak hutsik zituena, baina sei pertsonaren argazkiek osatua: Anabel Egues, Jon Olarra, Xabier Alegria, Lorentxa Gimon, Marixol Iparragirre eta Mikel Albisuren argazkiek, EPPKren mintzakideenek.

Hain zuzen, «euskal preso politikoen egoera eta eskakizunen inguruan mintzatzeko prestasun osoa» adierazi du kolektiboak, mintzaidetza horretarako hautatu zutela gogorarazita. Espainiako eta Frantziako gobernuei «ausart eta erantzukizun historikoz» aukera baliatzeko deia egin ondoren, elkarrizketarako prestasuna azaldu du. «Konponbide demokratikoaren ibilbidean sar daitezela» eskatu du gero.

ETAk iazko urrian hartutako erabakiari «errespetu eta babes osoa» azaldu dio: «Borroka armatua tresna gisa erabiltzeko garaia gainditutzat ematen du».

Espainiako eta Frantziako estatuak, ordea, «blokeoan» iltzatuta ikusi ditu. Hortaz, prozesuan urratsak egin ditzaten «indar metaketa eraginkorrena lortu» eta «erasoaldi politikora» igarotzeko eskatu du.

Espetxe politika konponbiderako prozesuaren kontrako estrategiaren barruan jarri, eta presoak «bahitu politiko gisa» erabiltzen ari direla salatu du. Baina abisu eman du ez duela joko «damuketa-salaketara»; «erabat arbuiatu» du bide hori.

Haatik, presoak gatazka politikoaren erakusgarri direla esan du, eta ohartarazi du irtenbideak «integrala» izan beharko duela; gatazkaren arrazoiei heldu beharko zaiela, presoak kaleratu beharko direla, eta bermatu beharko dela ez dela preso gehiago sortuko. Presoen kaleratzea erraztu beharra ere plazaratu du, «prozesu politikoan parte hartzeko».

Hain zuzen, EPPK-k dio «preso eta iheslari politikoak gatazkaren parte eta ondorio» direla; gatazkak «kaltetuak eta biktimak» eragin dituela, eta jabetu direla «alde anitzetako minaz». Hala ere, esan du biktimen auzia «gatazka betikotzeko» erabiltzen ari dela.

Jasotako minaren erroak kaltetu guztiek ulertzea «ezinbestekoa» izango dela uste du kolektiboak. Ariketa «sakon eta mingarria» izango dela, baina, benetakoa izan dadin «askatasunetik» egin beharko dela, eta «gatazka gainditzeko borondatetik».

Bidaia presoen larrura

Adierazpenaren berri eman aurretik, presoen azalean sarrarazi ditu ikusleak bideo, musika eta dantzaz osatutako performance batek. Emakumezko batek bizirik lurperatu duten sentipena kontatu du; bizitzaren zati gehienak — maitasuna eta sexua, adibidez— nola lapurtu dizkioten; nola ari den «zimeltzen»; nola ikusten duen «arrotz» bere burua «ziegako ispilu lizunean»; nola aritzen den bere gorputza arakatzen «beste norbaitena bailitzan»; nola sentitzen den hauskor, urrun; eta nola saiatzen den, «temati», arima gorputzari atxikitzen.

Ikus-entzunezkoaren pantaila handiaren azpian, bi kutxa izan dira; barruan pertsona bat ozta-ozta sartzen den bi kutxa ilun. Bi emakume izan dira barnean, estu, ia mugitu ezinik, ziegak eragindako itomena irudikatzen.

Bideoaren ahotsa zuzeneko gitarra hotsek lagundu dute, Ken Zazpi taldeko Eńaut Elorrietak hariari heldu eta Zapalduen olerkia kantari ahotsa jarri dion arte. Kutxa barruko bi emakumeek lortu dute kaxetatik ateratzea, irribarre egin eta maitatuak sentitzea, dantzari batek Ken Zazpiren kantaren doinua ohorezko Agurra-ren pausuekin dantzatuta eskaini dien bitartean.



 

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena euskal jendarteari

EPPK-k azken hilabeteotan burutu duen eztabaida politikoaren ondorioetan oinarriturik honako adierazpen publikoa zabaltzen du:

1- GATAZKA POLITIKOA ETA KONPONBIDE DEMOKRATIKOA

Gatazka politiko honek gure Herriaren eskubideak urratu ditu. Gernika bonbardatu zuten 75. urteurren honetan eta euskal Estatua (Nafarroa) okupatu zuten V. mendeurren honetan, Frantzia eta Espainiak zapalkuntzari eusten diote.

Gatazkaren konponbide demokratikoak proiektu politiko guztiak ahalbidetu beharko ditu, independentzia barne. Herriak du hitza eta erabakia.

2- EZKER ABERTZALE OSOAREN HAUTU POLITIKOA

Kokapen politiko berritua eskaini du Ezker Abertzaleak, iniziatiba politikoa berreskuratuz eta helburu politikoen erdiespena indar metaketa politiko, instituzional eta sozialean finkatuz.

Estrategian sakondu eta urrats erabakigarriak hartzen jarraituko dugu. Euskal gizartearen eskaera eta mandatua ere horixe baita. Eraginkorrak izateko eta prozesua azken porturaino heltzeko, Herriaren indarrak biderkatu behar ditugu eta denok elkar batera jo.

EPPK Ezker Abertzalearen estrategia politikoari atxikitzen gatzaizkio fermuki.

3- ETAren ERABAKIA

ETAk ildo armatua bertan behera uzteko erabaki historikoa hartu du. ETAren borrokak herri honek pairatzen duen zapalkuntza agerian utzi du, Estatuen izaera ez-demokratikoa biluztaraziz.

EPPK-k ETAren erabakiari bere errespetu eta babes osoa helaraziz, borroka armatua tresna gisa erabiltzeko garaia gainditutzat ematen du.

4- ANOETA, GERNIKA ETA AIETE-ko ERREFERENTZIA POLITIKOAK

Anoetako planteamenduarekin bat etorriz (2006) gure aitortza eskaintzen diogu ETAri, Gobernuekin balizko negoziazioan presoon kaleratzeari buruzko urrats eta akordioak finkatzeko.

Gernikako Akordioa (2010) konponbide integralari begira erreferentzia nagusitzat jotzen dugu.

Aieteko Adierazpena (2011) gatazkaren konponbide prozesua egituratzeko eta negoziazio bide orri gisa sustengatzen dugu.

5- EGOERA POLITIKOA

Ezker Abertzalearen berregokitzapen estrategikoak egoera soziopolitikoa errotik irauli du, Herri indarrak metatuz eta eraldaketa politikoa gorpuztuz.

Estatuen jokabidea blokeoan eta honen bidez euskal jendartean etsipena eragin nahian datza.

Estatuek prozesu demokratikoan urratsak eman ditzaten, indar metaketa eraginkorrena lortu behar dugu. Jabe gaitezen bizi dugun une historiko eta politikoaz. Orain da ordua! Ofentsiba politikora pasa behar dugu, urte luzeotan metatutako kapital politikoa berraktibatuz helburuak erdiesteko. Borroka garaia da!

6- ESPETXE POLITIKA

Espetxe politikak gerra estrategiari erantzun dio. EPPK-k tinkotasunez egin dio aurre, estatuen asmoak porrotera kondenatuz. Aukera politiko berria EPPK-ren borrokaren emaitza ere bada, borrokak ekarri gaitu honaino, borrokak askatuko gaitu.

Espetxe politika egoera berrian, prozesu demokratikoaren kontrako murru gisa baliatzen da eta euskal presoak bahitu politiko gisa. Eskubide urraketa du oinarri, heriotza eta sufrimendu asko eraginez. Salbuespen neurri guztiak, sakabanaketa eta biziarteko zigorra besteak beste, lehenbailehen altxatu behar dira dagozkigun eskubideak onartuz.

Damuketa-salaketa militanteak eta pertsonak suntsitzeko bidea besterik ez da, erabat baztertu eta arbuiatzen duguna. Presio, xantaia eta jokaera makurrak bertan behera utzi behar dira, eskubideak ukatzeko espetxe onuren erabilpena bezala.

Gatazka politikoaren isla gara eta irtenbidea konponbide integralarekin loturik doa, Amnistia-Autodeterminazioarekin. Gatazkarako arrazoiak konponbidean jarri, preso guztiak kaleratu eta berriak ez sortzearekin. Kaleratzeko oztopoak indargabetu behar dira, Euskal Herriarekin batera, euskal herritarrekin batera prozesu politikoan parte hartzeko.

Kolektiboak aurrerantzean, baldintza berrien argitan, urrats berriak emateko prestutasun osoa du.

7- GATAZKAREN BESTE ONDORIOAK

Zapalkuntzaren biktima dira Euskal Herria eta euskal herritarrok. Gatazkaren parte eta ondorio preso eta iheslari politikoak. Gatazkak kaltetuak eta biktimak eragin ditu. Abenduan Gernikak egindako adierazpenarekin bat egiten dugu.

Alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz. Gure larruan eta hurbilekoenean ezagutzen dugu belaunaldiz belaunaldi. Ulerkor izateak ez gaitu itsutzen ordea, samina helburu politiko batzuen alde erabiltzen baita. «Biktimen auzia» gatazka betikotzeko erabiltzen duten bezala. Biktimak eta presoak kontrajartzen dituzte bi auziei errotik irtenbide propioa eman beharrean.

Hainbeste min eragindako gatazkaren erroak ulertzea, alde bakoitzaren ikuspegiarekin, ezinbesteko eginbeharra izango da. Ariketa sakon eta mingarria, egiatia izango bada askatasunetik egin beharrekoa, gatazka gainditzeko borondatetik eta konponbide asmoz.

Konponbideak, ondorioak aztertu eta osatu behar ditu.

8- ESKAINTZA

Espainia eta Frantziako gobernuak ausart eta erantzukizun historikoz, aurrean duen aukera baliatzeko dei egiten diegu. Konponbide demokratikoaren ibilbidean sar daitezela. Espainia, Frantzia eta Euskal Herriak irabaziko dute. Herritarrok irabaziko dugu.

EPPK-k euskal preso politikoon egoera eta eskakizunen inguruan mintzatzeko prestutasun osoa adierazten du. Berrikitan izendatutako Mintzakidetza eginkizun horretarako hautatua izan da.

Nazioarteko komunitatea, azken garaietako inplikazioa biderka dezan animatzen dugu.

Amnistia-Autodeterminazioa!



EPPK Euskal Herria bihotzean, 2012ko ekaina.



 

Erreakzioak

Jorge Fernandez Diaz

Espainiako Gobernuko Barne ministroa

Euskal presoek «ETAren menpe» jarraitzen dute, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera. Esan du ez dituela onartuko EPPKren eskaerak, eta berretsi du ez dela amnistiarik egongo. «Amnistiaren bidez, inpunitatea lortu nahi dute», nabarmendu du PPko agintariak.

Rodolfo Ares

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua

Euskal presoen etorkizuna ez dela erabaki kolektiboen menpe egongo adierazi du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. EPPKren adierazpena «desengainutzat» jo du, eta adierazi du presoak «errealitatetik kanpo» bizi direla. «Badakite legeak ez duela onartzen amnistia». Aresek uste du EPPK-k «gatazkaren teoria faltsu bat» ezarri nahi duela.

Ińigo Urkullu

EAJren EBBko presidentea

Ińigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ez du aurrerapausorik ikusi EPPKren adierazpenean. Buruzagi jeltzalearen aburuz, «antzezpen» bat izan da adierazpena, «hautesleen aurrean biktima gisa agertzeko». EPPKren ekitaldiaren aurretik, Joseba Egibar GBBko presidenteak adierazi zuen «errotik» aldatu behar dela espetxe politika; gogorarazi zuen ETAren aurkako borroka tresna gisa sortu zela, eta erakunde armatuak amaitu egin duela bere jarduna.

Jose Antonio Pastor

PSE-EEko bozeramailea

EPPKren adierazpena «etsigarria» izan dela adierazi du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. «Historikoa izango zela adierazi zuten batzuek, baina ez da horrela izan». Pastorren iritzian, «ETAren estrategiaren preso» dira kolektiboko kideak. Halaber, adierazi du atzokoaren gisako adierazpenek ez diotela laguntzen presoak «gizarteratzeari».

Antonio Basagoiti

EAEko PPko presidentea

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, EPPK-k ez du ezer berririk proposatu. «Betiko kontua da. Horregatik, ETAko presoei gogorarazi behar diegu ez dela amnistiarik egongo eta Euskadi Espainiaren parte izango dela aurrerantzean ere». Basagoitik batasuna eskatu die alderdiei, «presoen estrategiari bidea ixteko».



 

Presoen parte hartzea arrakastaren gako bat dela dio McCartneyk

Nazioarteko komunitateari dei egin dio EPPK-k, «azken garaietako esku hartzea handitu dezan». Atzo, kolektiboak berak jaso zuen nazioarteko babesa Gernikan, hainbat herritako preso politiko ohien babesa: han izan ziren Ipar Irlandako preso ohi bat eta Saharako beste bat, eta sardiniar, kurdu eta hegoafrikarren elkartasuna ere jaso zuten.

Raymond McCartney Ipar Irlandako preso ohi eta Sinn Feineko parlamentariak bere esperientziaren berri eman zuen: «Irlandan, preso politikoak bake prozesuaren gakoetako bat izan ziren; ekarpen handia egin zuten, eta haiek kaleratzea funtsezkoa izan zen aurrera egin zezan. Ez dago bake posiblerik presoak kaleratu gabe».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia