Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 00:53

2012-05-04

'D3M eta Askatasuna auzia'. Epaiketa Auzitegi Nazionalean

«Gure jarduna beti izan da publikoa eta legezkoa»

'D3M eta Askatasuna auziko' hamahiru auzipetuek esan dute ez zituztela jarraitzen ETAren edo Batasunaren aginduak

Herritarrei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatzea zen haien helburua

Jokin Sagarzazu Madril

Berriemaile berezia

Ez ziren aritu ETAren esanetara. Ezta legez kanpoko beste erakunde baten izenean ere. Euren helburu nagusia euskal herritarrei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatzea izan zen, garai hartan, Alderdien Legea dela-eta, «ideia batzuen» hautagaitza falta zelako. Helburu hori lortzeko egin lan zuten, jendaurrean eta legeak ezarritako irizpideak betez, «beti». Hala adierazi zuten atzo D3M eta Askatasuna auziko hamahiru euskal herritarrek.

Atzo hasi zen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen epaitegian. Epaiketako lehen egunean, auzipetuek garbi utzi nahi izan dute ETAk, Ekinek edo Batasunak ez ziela ezer sortzeko agindurik eman, eta, Fiskaltzak dioenaren aurka, azpimarratu dute ez direla inoiz izan «EHNAM Euskal Herriaren Nazio Askapenerako Mugimenduko batzorde iraunkorrekoak». Adierazi dute D3M plataforma edo Askatasuna alderdiaren sortze prozesuetan edo ekitaldietan parte hartu bazuten, euren borondatez parte hartu zutela, eta eginiko lan guztia «legezkoa eta publikoa» izan zela.

Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetara begira ETAren agindupean D3M eta Askatasuna sortzea leporatzen die Vicente Gonzalez Mota fiskalak. Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egańa, Unai Berrostegieta eta Zurińe Zorrozuari ETAkoak izatea leporatzen die, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea egozten die, eta zazpi urteko zigorra eskatu du horientzat.

Akusazio horiek egiteko, fiskalak froga gisa hartu ditu Poliziak auzipetuen etxeetan eta miatutako egoitzetan atzemandako agiriak eta auzipetuek eta beste pertsona batzuek egindako agerraldi publikoak eta bilerak.

Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuen galderei erantzunez —ez diete fiskalaren galderei erantzun—, auzipetuek agerian utzi dute fiskaltzak erabilitako frogak arbitrarioak direla. Salatu dute miatutako agiri guztietatik gutxi batzuk atzeman zituztela poliziek; gehienak, ustez ezker abertzalearekin zerikusia dutenak, eta gogoratu dute horiek guztiak eragile horiek legezkoak ziren garaikoak zirela.

Bilerei dagokienez, auzipetuek azpimarratu dute ez zirela egin ETA, Ekin edo Batasunaren aginduz. Fiskaltzak dioenez, bilera horiek erakunde horien «egoitzetan» egiten ziren: Bilboko Herria Aurrera elkartean eta Gasteizko Izan Gasteiz elkartean. Zurińe Zorrozua auzipetuak gogoratu duenez, elkarte horiek legezkoak ziren orduan eta legezkoak dira gaur egun, eta haien helburua herritarren parte hartzea sustatzea da. Hala, auzipetuek adierazi dute elkarte horien zereginetako bat Bilboko eta Gasteizko udaletan mozioak eta bestelako proposamenak aurkeztea dela, eta nabarmendu dute udaletako zinegotziekin eta Bilbo eta Gasteizko eragileekin bilerak egiten dituztela horretarako.

Fiskaltzak, halaber, bere akusazio idatzian nabarmendu du auzipetuetako askok aurretik beste alderdi edo plataforma batzuetan parte hartu zutela: hauteskundeetarako zerrendetan, hautetsi gisa, prokuradore gisa edota langile gisa. Auzipetuek onartu dute hori, baina gogoratu dute eragile horietan parte hartu zutenean legezkoak zirela.

Atzo hasitako epaiketa honek Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak agindutako polizia operazio batean du jatorria. 2009ko urtarrilaren 24an zortzi herritar atxilotu zituzten. Lau egun inkomunikatuta eduki ostean, haiek espetxeratzeko agindu zuen Garzonek, Batasunaren buruzagitza «berreraikitzen saiatzea» egotzita. D3M eta Askatasuna legezkoak ziren artean, baina handik gutxira Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak debekatu egin zituen. Hauteskundeak igarota, baldintzapean aske geratu ziren zortzi atxilotuak.

Frogen hautaketa

Atzoko auzi saioan deklaratzen aurrena Amparo Lasheras izan zen. Lasherasek, beste auzipetuek bezala, adierazi zuen bere kabuz erabaki zuela D3M plataformari babesa ematea, eta nabarmendu zuen ez zela inoren esanetara aritu. Adierazi zuen ez duela inoiz legez kanpo utzitako alderdietako zuzendaritzetan parte hartu, eta noizbait hauteskundeetarako zerrendaren batean parte hartu badu «independente» gisa parte hartu duela, eta halaxe egin zuela D3M-n ere. Era berean, gaineratu zuen plataforma hori legez kanpo utzi zuenetik ez duela inolako ekimenik egin.

Antzera mintzatu ziren Arantza Urkaregi eta Iker Rodrigo. Biek nabarmendu zuten euren parte hartzea D3Mren alde sinatzea baino ez zela izan. Urkaregik ukatu egin zuen plataformako hautagai izan zela, eta gogoratu osatu aurretik atxilotu zutela.

Urkaregiri, Lasherasi bezala, zenbait prentsaurrekotan parte hartzea leporatzen dio fiskalak. Urkaregik gogoratu zuen prentsaurreko «askotan» parte hartu duela, eta ez bera, ez berarekin izandakoak ez dituztela deklaratzera deitu. «Hauteskundeetan parte hartzeko aukera egon behar zuela esan nuen nik agerraldi horietan. Hauteskundeak aukera bat zirela gatazka konpontzeko», nabarmendu zuen.

Agerraldi publikoez gain, Fiskaltzarentzat, ETAren, Ekinen edo Batasunaren aginduz aritzen zirela frogatuko lukete auzipetuen etxeetan atzemandako agiriek. Lasherasen kasuan, adibidez, ETAren Zutabe-ko ale bat atzeman zutela dio. Lasherasek gogora ekarri zuen kazetaria dela ogibidez, eta erakunde ugariren agiriak jasotzen dituela, baina poliziek soilik batzuk atzeman zituela.

Urkaregiri, berriz, Batasunaren sortze prozesuari buruzko agiriak izatea leporatzen diote. Hark, baina, gogoratu zuen beste askok bezala prozesuan parte hartu zuela, eta nabarmendu zuen Batasuna legezkoa izan zela harik eta 2003an legez kanpo utzi zuten arte.

Eli Zubiagaren kasuan, adibidez, Batasuneko Hezkuntza gaietako arduradun izatea leporatzen diote, haren etxean atzemandako agiri batzuengatik. Zubiagak ukatu egin zuen akusazioa, eta nabarmendu zuen beste alderdi eta eragile batzuen agiriak ere bazituela etxean.

Fernando Antiak, berriz, D3Mren sorreran parte hartu zuela aitortu zuen, bere kabuz, eta inoren aginduei jarraitu gabe. Plataformaren alde sinadurak biltzen-eta lan egin zuela adierazi zuen, eta horregatik atzeman zituztela D3Mren erregistroari buruzko agiriak, «legezkoak denak». «Operazioa egin zutenean, nire etxea miatu zuten. Armak eta lehergailuak topatzeko agindua zeukaten, baina paperak begiratu zituzten, baita haurren ipuinak ere», nabarmendu zuen. Gogoratu zuen, halaber, lan bera eginda zeukan beste pertsona bat ez dutela auzipetu.

Fiskalak ere froga gisa erabili du auzipetuetako askok aurretik gaur egun legez kanpo dauden alderdi edo plataforma batzuetan parte hartu izana. Hori da Imanol Nietoren kasua. Hark aitortu zuen EHAKn lan egin zuela, baina beti legezko baldintza guztiekin jardun zuela. Gogora ekarri zuen EHAKren aurkako auzian deklaratzera deitu zutela eta absolbitu egin zutela. «D3Mrekin dudan lotura Euskal Herriko 47.000 lagunek duten berbera da; alegia, sinadura eman nuen».

Agurtzane Solabarrietaren kasuan, fiskalak leporatzen dio Batasunaren komunikazio arduraduna izatea. Solabarrietak, baina, azaldu zuen bera kazetaria dela eta EAE-ANV alderdian komunikazio arloan lan egin zuela, atxilotu zutenean horretan ari zela eta D3Mrako ere komunikazio lan batzuk eginak zituela, baina bai EAE-ANV eta bai D3M legezkoak zirela orduan.

Hodei Egańak, berriz, azaldu zuen D3Mren ekitaldietan izan zela, baina mikrofonoak jartzen edota dekoratua antolatzen, bere lanbidea hori zelako. Plataformarekin, bestela, harremanik ez zuela azaldu du.

Bestelakoa da Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari fiskalak egiten dien akusazioa. 1998an Askatasuna alderdia sortzea leporatzen die. Munduate Askatasuna alderdiko presidentea izan zen, eta epaileei gogorarazi zien legezko alderdi politikoa zela, eta Espainiako Barne Ministerioan erregistratuta zegoela. «Inork ez zigun agindu alderdia sortzeko». Isasak, berriz, adierazi zuen «milaka lagunen eskubide zibilak» urratuta gelditzeko zorian zeudelako erabaki zutela alderdia sortzea. Askatasunaren eta EHren estatutuen antzekotasunari dagokionez, biek esan zuten abokatu bati egin ziotela estatutuak idazteko enkargua, eta gogoratu zuten EH legezkoa izan zela.

Atzoko auzi saioan deklaratzen azkena Aitor Ligerzana izan zen —preso dago beste auzi batengatik—. Gasteizko Zaramazulo lokal okupatuko «arduraduna» izatea leporatzen diote. Han egindako miaketan suziri batzuk atzeman zituzten. Nabarmendu zuen lokal horretan elkarte ugari biltzen direla, festa batzordea tarteko, eta ukatu egin zuen han egiten diren ekitaldiak ETAk kontrolatzen dituela.



 

Epaimahaiaren osaera ez dute jakin epaiketa hasi arte

D3M eta Askatasuneko hamahiru auzipetuek babesgabetasuna salatu zuten, ez zekitelako haien etorkizunari buruz erabakiko zuten epaimahaia nortzuek osatuko zuten. Atzo jakin zuten, epaiketa hastera zihoan unean.

Manuela Fernandez de Prada da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcelek eta Nicolas Povedak osatzen dute hirukotea.

Zigor Salako 1. atalak epaituko ditu. Hango buru Javier Gomez Bermudez zen oraintsu arte. Hura Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko presidentea ere bazen, baina orain kendu egin dute kargu horretatik. Fernando Grande-Marlaska da presidente berria. Gomez Bermu-dez kargutik kendu zutenean 1. ataletik ere kendu egin zuten, eta haren ordezkoa zein zen ez zen jakin atzo arte.

Manuela Fernandez de Prada eta Ramon Saez Valcarcel ez dira berriak atal horretan. Gomez Bermudezekin batera osatzen zuten apaimahaia lehen. Haiek epaitu zituzten Egunkaria eta Udalbiltza auziak.



 

Lekuko babestu modura deklaratu dute poliziek

Defentsek esan dute ez dagoela lekuko babestu gisa deklaratzeko arrazoirik; baina ez diete arrazoirik eman

Oihana Elduaien Madril

Berriemaile berezia

Auzipetuez gain, Espainiako Poliziako zortzi agentek ere deklaratu zuten atzoko ahozko saioan. Babestutako lekuko gisa deklaratu zuten, hau da, beraien izena eman gabe eta ikusten ez ziren toki batean. Kepa Landa eta Jone Goirizelaia abokatuek horretarako arrazoirik ez dagoela esan zioten epaimahaiari, eta gainerako lekukoek bezala deklara zezatela eskatu zuten. Manuela Fernandez de Prada buru duen epaimahaiak jakinarazi zien defentsaren argudio batzuk bere egiten dituela, baina, hala ere, lekuko babestu modura deklara zezaten hobetsi zuen.

Javier Gonzalez Mota fiskalak atzoko saioan bertan eskatu zuen poliziek lekuko babestu gisa deklaratzea. Kepa Landak esan zuen epaiketaren aurretik eta idatziz egin behar zuela eskaera hori. Epaiketaren aurreko prozedura luzea izan dela eta horretarako astia izan duela. Gainera, azpimarratu zuen legeak zehaztuta dauzkan salbuespenezko egoera batzuk bete behar direla babestuta deklaratzeko, eta kasu hoentan horiek ez direla betetzen.

Ildo bereko argudioak eman zituen Jone Goirizelaia abokatuak ere. Poliziek babestuta deklaratzeko arrazoi nagusia ETAk haien kontra egin zezakeela zen orain arte. Goirizelaiak gogora ekarri zuen ETAk ekintza armatuak betiko utzi dituela, eta beraz argudio horrek dagoeneko ez duela pisurik ohartarazi zion epaimahaiari.

Funtsean, sumarioan dauden aktak berretsi besterik ez zuten egin deklaratu zuten poliziek. Nolanahi ere, ez ziren D3M eta Askatasuna ETArekin, Ekinekin edo Batasunarekin lotzeko gai izan, Fiskaltzaren akusazio nagusia horixe izan arren.

Auzipetuei egindako jarraipen batzuei buruz galdetu zien fiskalak. Poliziek egindako deklarazioetan esan zuten auzipetuetako batzuk prentsaurrekoak prestatzen ikusi zituztela, eta egoitza batzuetatik sartzen eta irteten. Herria Aurrera-ren egoitzatik esate baterako. Baina haiek esandakoek ez zuten frogatu auzipetuek deklaratutakoen kontrako ezer.

ETArekin lotura egiten saiatu ziren, eta, horretarako, Zutabe aldizkari bati egin zioten erreferentzia bi poliziak. Azaldu zutenez, han ETAk esaten zuen garrantzitsua zela hauteskundeetan parte hartzea. ETAren iritzi hori da «lotura» gisa azaldutako bakarra.

«Betikoa»

D3M sortu aurreko polizia txostenez galdetu zien fiskalak polizia horietako batzuei. Jone Goirizelaiaren galderei erantzunez, onartu behar izan zuten garai haietan D3M existitzen zen edo ez ez zekitela. D3M zer zen galdetuta «gutxi gorabehera» bazekiela erantzun zuen 62.020 poliziak.

Beraien ikerketa eta jarraipenetan zeri erreparatzen zioten ere galdetu zien fiskalak poliziei. 62.020 agenteak esan zuen «betikoa» ikertzen zutela: «Batasuna, Ekin, Segi...».

Fiskaltzari proposatutako lekuko guztiak onartu zizkion epaimahaiak, eta haiek jarraituko dute deklaratzen gaur. Bi guardia zibil izango dira galderei erantzuten aurrenak, eta datozen egunetan Espainiako Poliziako agente gehiagoren txanda izango da.



 

Protestak kalean eta Batzar Nagusietan

D3M eta Askatasuna auziaren epaiketa salatzeko protesta nagusia bihar Bilbon egingo den manifestazioa izango bada ere, atzo, epaiketaren lehenbiziko egunean ere lehen protesta ekitaldiak egin zituzten hainbat tokitan, auzia salatzeko eta auzipetutako hamahiru euskal herritarrei babesa eskaintzeko.

Gasteizen, esaterako, bi protesta ekintza egin zituzten. Lehenbizikoa eguerdian izan zen, Foruen plazan. Han elkarretaratuek giza-matrioska bat irudikatu zuten «epaiketa politikoa» salatzeko. Iluntzean, berriz, elkarretaratzea egin zuten Andre Mari Zuriaren plazan.

Protesta ekintzak Gernikako Juntetxera ere heldu ziren. Bizkaiko Batzar Nagusiak bilduta zeudela, Bildu koalizioko hautetsiak «epaiketa politikorik ez» idatzita zeukaten elastikoekin agertu ziren. Eztabaida ere piztu zen, Batzar Nagusietako lehendakari Ana Madariaga jeltzaleak kamisetak eranzteko edo kaleratu egingo zituztela mehatxu egin baitzien koalizioko hautetsiei. Horiek, azkenean, kamisetak erantzi egin zituzten, edo buelta eman zieten, idatzitako leloa irakurgai gera ez zedin.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia