Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 23:16

2012-04-25

El Salvadorko gobernuak bere gain hartu du 1981eko sarraskien ardura

Lehen aldia da San Salvadorrek gerra zibileko krimen baten erantzukizuna onartzen duena

Ane Urrutikoetxea

Ameriketako Giza Eskubideen Auzitegiak El Salvador epaituko du 1981eko sarraskiarengatik, 31 urteren ondoren. Gobernuak sarraskiaren erantzukizuna bere gain hartu du, Ameriketako Auzitegiaren aurrean; lehen aldia da El Salvadorko gobernu batek sarraskia onartzen duena. Herrialdeak 1980 eta 1992 artean jasandako gerra zibilean, 75.000 inguru lagun hil eta 8.000 desagertu ziren, eta 1981ean izan zen gertaerarik latzena; El Mozoteko sarraskian, armadak mila lagun inguru hil zituen, gehienak umeak eta emakumeak. Orain arteko El Salvadorko gobernuek gertaera ukatu dute, eta ez da erantzulerik izendatu edota epaitu, 1993an ezarritako amnistia orokorraren ondorioz. FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen gobernua izan da gertaera onartu eta erantzukizunak hartzen lehena; El Salvadorko presidente Mauricio Funesek sarraskia jasan zutenei eta haien senideei barkamena eskatu zien urtarrilean. Ameriketako Auzitegiak sarraskia jasan zutenen testigantzak jaso ditu, eta denak onartu ditu gobernuak. Auzitegiko presidente Diego Garcia Sayanen esanetan, gobernuak 300 lekukoren aurrean onartu du erantzukizuna, eta hori «oinarrizkoa» izango da epaia erabakitzeko: «Urtea amaitu baino lehen erabaki bat hartzea espero dugu».

Iraganean harrapatuta

Urte askoan isilik egon direnek lehen aldiz salatu dute Atacatl Batailoiak burututako sarraskia Ameriketako Auzitegiaren aurrean. Besteak beste, 450 ume hil zituzten El Mozoteko baserri inguruan. Maria del Rosario Lopez bertan bizi zen, eta ihes egitea lortu zuen arren, haren 22 senide hil zituzten: «Sei urtez ezkutuan bizi behar izan nuen. Orain arte ez dut ezer salatu, hilko ninduten beldur nintzelako». Lekukoek eta senideek sarraskiaren egileak ezagutarazi ditzaten eskatu dute: «Justizia eta egia nahi dugu, Barkatu egin nahi dugu, baina horretarako nor eta zer barkatu jakin behar dugu».

El Salvadorko presidenteak Domingo Monterrosa teniente koronela egin du sarraskiaren erantzule. Aurreko gobernuetan, armadak «heroi» izendatu zuen Monterrosa, eta omenaldiak egin zizkioten, sarraskiaren beste egile askori bezala. Funesek omenaldiak debekatu ditu. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko psikologo Maria Sol Yańezek Ameriketako Auzitegian parte hartu du, eta, haren ustez, herrialdeko gizartea berregituratzeko neurriak hartu behar ditu gobernuak: «El Salvadorko egungo indarkeriaren iturria gerra zibiletik konpondu ez diren gatazkak dira, eta garrantzitsua da horiek argitzea».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia