Berria.info

Osteguna, 2013ko maiatzak 23 - 08:43

2012-04-20

Frantziako lehendakaritzarako bozak

Engaiamendu gutxi harturik

Presidentetzarako hautagaien programetan ez da agertzen Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko konpromisorik

Sarkozyk ez du izenpetuko Europako hizkuntza gutxituen ituna; Hollandek bai

Jenofa Berhokoirigoin Baiona

Martxoaren 1ean etorri zen Sarkozy Euskal Herrira. Etxalde bat bisitatu zuen, eta protesta ugari izan ziren bisitaren kontra. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Kanpainaren kari hautagaiek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gaindi egindako bisita kopuruak isla dezake hobekien hautagaientzat Euskal Herriak duen garrantzia. Hamar hautagaietarik bi dira bakarrik etorri: NPA alderdi antikapitalistako Philippe Poutou abenduan, eta UMPko Nicolas Sarkozy martxo hastapenean. Europe Ecologie Berdeak taldeko Eva Joly ere etorri beharra zen martxo bukaeran, baina ukandako istripu batengatik ezeztatu behar izan zituen bisitak. «Ez dut imajinatzen sozialisten kanpaina hautagaia hona etorri gabe», zioen Frantxua Maitia hautetsi sozialistak otsailean. Alta, horrela gertatu da; Sarkozyren aurkari nagusia, zundaketek igandean garaile kokatzen duten hautagaia ez da Euskal Herritik pasa. Ez zela oraindik hautagai izendatua, Larrainen egin pastoralera agertu zen, baina ez zuen inolako adierazpenik egin. Etorri gabe ere, Ipar Euskal Herritik eginiko aldarriei buruz egin ditzakete adierazpenak. Izan dira batzuk, baina ez dira inolaz ere hautagaien lehentasunetan kokatu.

Aurkezturiko programei doakienez, ez da bakar bat ere engaiatzen gatazka politikoaren konponketaren alde edota euskal preso politikoen Euskal Herriratzearen alde. Adierazpen batzuk egin dira, haatik, kanpainan. Sarkozyk Itsasun egin bisitan argiki azaldu zuen berriz presidente izendatua balitz orain arteko logikan segituko zuela. Bake prozesua abiatua denez geroz, beti errepikatu izan du Frantziako Gobernuak «Espainiako demokraziaren ondoan segituko» duela. Hots, urtez urte Espainiarekin eramandako elkarlanean segitu gogo du. Haren lehiakide nagusi François Hollande Alderdi Sozialistako hautagaiak ere jarrera bera du: «Ez dut ETArekin elkarrizketarik aurreikusten [...]. Terrorismoaren aurka eraman borrokan Espainiarekin ditudan harremanak mantenduko ditut, ondotik aterabide politikoak atzemateko gisan». Horra zer adierazi zuen Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin bildu zenean, martxoan. Alta, lokalki, alderdi sozialistako ordezkariek ez dute ikuspuntu bera. Besteak beste, Hollandez oso hurbila da Frederique Espagnac, eta hark dio Frantziako Gobernua gatazka politikoaren barne den heinean konponketan ere engaiatu beharra duela. Parisen eta Euskal Herriaren artean den arroila ontsa islatzen du kontraerran horrek. Izan ere, UMPko, Alderdi Sozialistako eta zentroko Euskal Herriko ordezkariak egon ziren Aieteko Nazioarteko Konferentzian. Guztiek zuten erran Frantzia ere konponketan inplikatu beharra dela. Agian, abertzaleen bozek garrantzi handia ukan dezaketela dakitelako eta horiek bildu nahian ari direlako.

Joly, Jacques Cheminade (Solidarite et Progres) eta Poutou dira bake prozesuan inplikatzearen alde agertu. Bayrouk ez du adierazpenik egin. Haatik, jarreraz ez baldin badu aldatu behintzat, ez du Frantziako Gobernuaren parte hartzerik nahi konponketan. Aitzineko prozesuan argiki adierazi zuen: «Frantzia ez da inplikatuko gatazkaren konponketan, zeren eginen balu erran nahi luke krisi horren barne direla bi estatuak, eta hori gezurra da». Izan eskuin ala ezker, beste muturreko alderdiak edo aurka agertu dira edo ez dira mintzatu.

Lurralde elkargo promesik ez

Hautagai bakoitzak banatu esku orrietan, ez da euskal lurralde elkargoaren aipamenik ageri. Hala ere, engaiamendu batzuen gibelean, Ipar Euskal Herriaren ezagupena aurki daiteke, nahikeria politikoa izanez geroz. Adibidez, Jolyk dio «eskualdeen boterea eta autonomia azkartuko duela». Euskal Herriko Europe Ecologie Berdeen bozeramaile Jean Lissarrek jakinarazi zuen iragan astean euskal lurralde elkargoaren alde dela Joly. Poutouk ere dio bere programan «lurralde maila guztietan erabakitzeko aukera ematea» dela benetako demokrazia. Le Journal du Pays Basque kazetan jakinarazi zuen «biztanleriaren gehiengoa ados balitz» instituzio bat sortuko lukeela. Hollanderi doakionez, 54. proposamenean dio gobernuak planteaturiko lurralde erreforma ezeztatuko duela eta dezentralizazio pauso berri bat gauzatuko duela. «Demokrazia eta tokiko askatasunen azkartzea dakarren lege bat bozkaraziko dut». Aipatzen duten dezentralizazioaren III. akta horretan gauzatu daiteke lurralde elkargoa. Baina horrela izango denik ez du erran Hollandek. Duela urte bat, kontseilu orokorreko hauteskundeak zirela, Georges Labazee hautagai sozialistak argiki erran zuen erreforma horren barne, «beste lurralde batzuen gisara, Euskal Herria esperimentazio gune» izan daitekeela. Sarkozyren gobernuak erabaki erreforma zentralista indargabetzearen alde engaiatu dira Melenchon, Bayrou eta Jacques Cheminade ere (Solidarite et Progres).

Kanpainan egin izan diren hitzaldietan argitu dira iritzi batzuk. Adibidez, Bayrouk apirilaren 10ean Roazhonen (Bretainia) egin mitinean honako hau erran zuen bretainiarrei: «Alsazian eginen da, ez dago arazorik; beste nonbait egin daiteke ere, arlo horretan erabakiak hartzeko eskubidea duzue [...]. Esperimentaziorako den eskubidearen ezagupena beharrezkoa izanen da eraiki nahi dudan frantses modelo berrian [...]. Frantziak irabaz lezake, lurralde elkargoei autonomia emanez». Sarkozyk ez du bost urtez inolako adierazpenik egin horretaz, eta Itsasura etorri zenean ez zuen ezer berririk erran. Zehaztu zuenez, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldarria hiru parametro kontuan harturik eraman behar da aitzina: hautetsi gehienek alde izan behar dute, Frantziako Errepublikaren esparruan izan behar du, eta bortizkeriarik gabe eraman behar da aitzina.

Euskararen ezagupenaz

«Ez dut nahi etorkizunean Europako epaile batek erabakitzea eskualde bateko hizkuntza Errepublikaren hizkuntza dela, frantsesaren mailan ezarriz». Ez du, beraz, Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetuko, orain arte bezala, ezagupenik gabe utziko duela euskara. Le Pen, Melenchon, Dupont-Aignan eta Arthaud ere ofizialtasunaren aurka mintzatu dira. Hollandek, haatik, ituna izenpetzeaz gain, Frantziako Konstituzioa aldatzea «aurreikusten» du, «hizkuntzen ituna berresteko gisan». Jarrera bera du Bayrouk, eta euskararen ofizialtasunaren alde dira ere Joly eta Poutou.

Sarkozy Frantziako presidenteak lege egitasmoa osatuko zuela agindu zuen 2007an. Christine Albanel Kultura ministroak emandako hitza berretsi zuen 2008an, baina, ororen buru, lege beharrik ez zegoela adierazi zuen Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroak. Geroztik ez dago gobernuaren lege xederik, eta diputatuek osatu dituzten lege proposamenak ez dira oraindik sartu parlamentuko egitarauan. Milaka lagun atera ziren karrikara martxoaren 31n, ofizialtasuna aldarrikatzeko.



 

2007an, Sarkozy eta Bayrou nagusi Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriari doakionez, 2007an alderdi sozialista hirugarren gelditu zen, %24,37 eginez. Nicolas Sarkozyk (UMP) bozen %29,43 lortu zituen, eta Francois Bayrou zentristak, %25,2. Gainerako bederatzi hautagaiak %6tik behera gelditu ziren. Bigarren itzulian, Sarkozyk jaso zuen boto gehien.



 

UMPkoen kexu gorria eragin zuen Sarkozyri egin harrerak

Txistu eta oihu artean egin zuen Nicolas Sarkozyk Baionako bisita martxoaren 1ean, eta horrek UMPko kideen haserre gorria eragin zuen. «Ezin onartuzkotzat» joz harrera, abertzaleen eta sozialisten aurka gogor mintzatu ziren Max Brisson kontseilari nagusia eta Jean Grenet Baionako auzapeza.



 

Sarkozy «iraintzeagatik», polizia etxera deitu dituzte

Bizi mugimenduko bi militante polizia etxera deituak ziren asteartean, «estatuko ordezkaria iraintzeagatik». Sarkozyk martxoaren 1ean Baionara egindako bisitaz geroztik, Sarkozy kanpora! Milesker, Baiona! kanpaina eramaten dabil Bizi, esku orriak banatuz eta elkarretaratze eta gaualdiak antolatuz.



 

Europako «kontserbadore askoren» ametsa

Hollande hautagai sozialistaren arabera, berak irabazteko zain daude Bruselan politikak aldatzeko

Jon Fernandez

«Europako presidente kontserbadore askok espero dute nik irabaztea». Ez da Nicolas Sarkozyrena adierazpena, François Hollandena baizik. Presidentegai sozialista ziur dago Europako Batasunean gauzak aldatzeko eta hazkundea sustatzeko neurriak hartzen hasteko bere garaipenaren zain daudela zenbait buruzagi kontserbadore. «Europako itun fiskala ez dut onartuko martxoan sinatu zen bezala», berretsi du Hollandek, eta gaineratu du EBko presidente kontserbadore horiek ziurtzat jotzen dutela Europan «gauzak aldatu» egingo direla.

Batez ere, eztabaida ekonomikoa gailendu den hauteskunde kanpainan EBZ Europako Banku Zentralean aldaketak egitea eta Europako itun fiskalean hazkundea sustatzeko neurriak ere txertatzea proposatu du Hollandek. Sarkozy ahalegindu da EBZn aldaketak egitearen ideia «lapurtzen», baina hautagai sozialistak bereganatu du erabat neurritasun politika hutsaren kontrako diskurtsoa.

Zor publikoaren «diziplina» onartu arren, «hazkunderako neurririk hartu ezean» Frantziaren egoera ekonomikoa ez dela konponduko berretsi zuen atzo Hollandek: «Hazkunderik barik ezin da zorra ordaindu». Azken inkestetan bigarren itzulirako faborito agertzen da, baina ez du argitu hauteskundeak irabaziz gero zein izango den bere lehen ministroa; «sozialista» izango dela, besterik ez.

Espainiaren adibidea

Inkestek iragartzen dioten beherakadari buelta eman nahian, Espainia erabili du berriro Sarkozyk Hollanderi kontra egiteko ekonomiaren alorrean. «Ba al dago gaur egun frantziar bakar bat ere Frantziarentzat Greziaren edo Espainiaren patua nahi duenik?», galdetu du hautagai kontserbadoreak Europa 1 irrati katean egindako elkarrizketan. «Azken hamar urteetan, Europako mirari gisa deskribatu izan da Espainia, eta gobernu sozialista eduki du azken zazpi urteetan; gaur François Hollandek proposatzen duen politika berbera ezarri zuen».

Dena dela, Espainiako egungo gobernu kontserbadoretik aldentzen ere ahalegindu da Sarkozy. Berak irabaziz gero ez duela murrizketarik egingo hitzeman du. «Egin beharko dugun ahalegina ez da zorroztasunerako izango, hazkunde eredu berri bat oinarritzeko baizik». Bestalde, Europan «aulki hutsaren estrategia» erabiliko duela esan du; hau da, Bruselara Frantziako ordezkaririk ez bidaltzea EBri presio egiteko merkataritza politikan aldaketak egin ditzan eta mugen kontrola estatuek berreskura dezaten.



 

Hautesleak «aski helduak izanki», ez dute boto agindurik eman EH Baik eta EAJk

Igandeko hauteskundeei begira ez du boz agindurik eman EH Bai koalizio abertzale eta ezkertiarrak. Eta hori, pentsatzen dutelako «bozkatzeko momentuan hautesleak aski helduak direla». Bestalde, hamar hautagaiei galdatu zuten Euskal Herritik egin eskakizunei begira duten jarrera jakinaraztea. Horrela, jarrera ezberdinen berri ukanez, euskal herritarrak «bere hautua egin ahal izateko». EAJk ere ez du boz kontsignarik eman, arrazoi beragatik. Horrez gain, Jean Teletxea EAJko kideak dio ez dutela «inolako eskubiderik bozkatzaileek norentzat bozkatu behar duten errateko». Maiatzaren 6an iraganen den hauteskundeen bigarren itzulirako ere ez dute kontseilurik emanen. EAk Europe Ecologie Berdeen alde bozkatzera deitu du. Horiekin aurkeztuko da EA, Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan.



 

ESANA. NICOLAS SARKOZY. UMPko hautagaia

«Hizkuntza gutxituak maite direlarik, ezin da proposatu Europako hizkuntza gutxituen ituna berrestea»



 

Sarkozyren beherako joera iragartzen dute inkestek

Nicolas Sarkozy presidente eta hautagaiarentzat txarrak dira azken egunetan argitaratu dituzten inkestak. François Hollande presidentegai sozialista aurrera egiten ari da, UMPko buruaren kaltetan. Igande honetako lehen itzulian Hollande aterako da garaile bi punturen aldearekin, BVAren inkesten arabera. Maiatzaren 6ko bigarren itzulian ere hautagai sozialistak irabaziko luke, hamabi punturen aldearekin.

Dena dela, badira Sarkozyri etorkizun are ilunagoa aurreikusten dioten inkestak ere. CSA institutuaren arabera, esaterako, Hollandek bost punturen aldea aterako dio presidentegai kontserbadoreari lehen itzulian, eta hamasei puntukoa, berriz, bigarrenean.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia