2012-04-18
Apirilaren 28an plazaratuko dute adosturiko estrategia nazionalerako konpromisoa
Konpromisoa bi zatitan gauzatuko dute: ondoko asteetan Hego Euskal Herrian eta udazkenean Ipar Euskal Herrian
Elkarlanerako engaiamendua hartua dute ezkerreko bost alderdi abertzaleek
Jenofa Berhokoirigoin Baiona
Pagola (EA), Ubera (Aralar), Larralde (ezker abertzalea), Colina (Abertzaleen Batasuna) eta Agirresarobe (Alternatiba), atzo, Baionan. / GAIZKA IROZ
Ezker abertzalea, AB, Aralar, EA eta Alternatiba alderdiek landu estrategia nazionalerako konpromisoaren eskema adosturik daukate, eta haren berri emanen dute apirilaren 28an, Irungo Ficoba erakustazokan. «Mugimendu abertzalearen ibilbidean, inflexio puntu garrantzitsua izanen da hitzordu hori», ezker abertzaleko Xabi Larraldek dioenez. Datorren larunbatean izenpetuko duten engaiamendua bi denboratan gauzatuko da: ondoko asteetan Hego Euskal Herrian eta udazkenean Ipar Euskal Herrian. Gauzatze horren berri emateko orduan, lan ardatz konkretuak eta ibilmoldeak zehaztuko dituzte.
Horren berri eman zuten atzo bost alderdietako ordezkariek, Baionan egin prentsaurreko batean. Han egon ziren ezker abertzaleko Larralde, ABko Mertxe Colina, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Amaia Agirresarobe eta EAko Manex Pagola. Bostek erran dute «oso urrats garrantzitsua» dela apirilaren 28koa. Euskal Herri osoa oinarri eta helburu hartuta, elkarlan estrategiko bat adosteko engaiamendua adieraziko dute orduan. Indarrak metatzearen bidez, Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatu nahi dute, eta hori, «bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko».
Erritmo ezberdinak gogoan
Elkarlan estrategiko horrek «Hego nahiz Ipar Euskal Herriari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak» ukanen ditu, Uberak zehaztu duenez. Hori dela eta, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zer-nola gauzatuko den jakiteko, udazkena arte itxoin beharko da. Colinak erran du Bidasoaren bi aldeen artean «kultura politiko ezberdinak» direla eta bakoitzari «egokitu» nahi dutela. Uberak dio aurkeztuko duten dokumentuaren lanketan «normal-normal» lanean aritu direla: «Lurralde bakoitzaren abiadura eta errealitate ezberdinak kontuan hartuz, guztiak uztartzen eta oztopoak gainditzen saiatu gara».
Bost alderdiek diote finkatu dituzten helburuekin bat egiten duen «oso masa sozial zabala» dagoela. Pagolak adierazi du landutako konpromisoaren bidez masa sozial horren «aktibaziorako espazioak ireki» nahi dituztela. «Gure asmoa da Euskal Herriko pertsona ezkertiar, aurrerakoi, abertzale, independentista eta subiranista guztiei irekia izatea akordio hau; ateak irekiak izanen dira gurekin bidelagun izan nahi dutenei», erran du Uberak. Ipar Euskal Herriari doakionez, Larraldek zioenez, oinarri militante bat ez da alderdietan egituratua eta jende horiei lanean aritzeko espazio bat ematea dute xede.
Indar metaketaren bidez martxan den bake prozesuari bultzada eman nahi diote eta «azken geltokiraino eraman». Kontuan harturik «prozesuaren motorra» euskal gizartea dela, estrategia nazionalerako konpromisoarekin «indar metaketa indartsua gorpuztera» doazela diote.
Balio aurrerakoiak
Proiektu independentista balio «aurrerakoi eta ezkertiarretan» kokatzen dutela azpimarratu dute, halaber. Hau da, gaur egungo krisi egoera kontuan harturik, sistema kapitalista eta liberala gainditzea ahalbidetuko duten alternatiba praktikoak gauzatzeko «askonahiaren» berri eman dute.
Martxoaren 14an, «indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoaren aldeko hautua» egin zutela jakinarazi dute bost alderdietako ordezkariek Baionan egin prentsaurrekoan.
Ezkertiar eta abertzaleei egin inkestaren emaitzen berri emanen dute
Zatiketak gaindituz biharko ezker abertzalea osatzeko asmoz egin galdeketari 1.650 lagunek erantzun diote
J.Berhokoirigoin Baiona
Zatiketak gaindituz biharko ezker abertzalea osatzeko asmoz egin inkestaren emaitzak plazaratuko dituzte bihartik larunbatera, aurkezpen publikoen bidez. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako abertzale eta ezkertiar militanteei banaturiko inkestaren emaitzak bihar 19:30ean Hendaian aurkeztuko dituzte, etzi 20:00ean Kanbon eta larunbatean 10:00ean Angelun eta 14:00ean Izuran. Emaitzen lehen hartzaileak «militanteak berak» izatea nahi dute, «horiek dutelako ariketa egin».
Urritik abendura 3.500 galdeketa banatu zituzten, eta hiru hilabetez erantzunak azterturik, bigarren fasea abiatuko dute orain. Ezker abertzalearen arloan zer egin behar den eztabaidatzea eta erabakitzea izanen da ondoko pausoa. «Benetan herrietako militanteen iritzietan oinarrituz», biharko ezker abertzalearen proiektua finkatu nahi dute. Askotariko pentsaerako abertzale talde batek zuen inkestaren egiteko beharra sentitu. Orain duela bi urte kasik hasi ziren gogoetan, mugimendu abertzalearen barneko zatiketak gainditzeko nahikeriarekin. ABren, Batasunaren, EAren, Autonomia Eraikiren eta Segiren sostengua jasotzeaz gain, berrogei bat militantek osatu talde baten babesa ere badute.
Parte hartze «handia»
Hastapen batean 1.500 galdeketa banatu behar zituzten, baina azkenean 3.500 eman zituzten eskutik eskura. Horietarik, 1.650 jaso dituzte. Erantzun tasa «oso ona» dela dio Asier Etxenike soziologoak. Galderen formulazioan laguntza ekartzeaz gain, erantzunen irakurketa egin du Etxenikek, Francois Mimiague Bordeleko Unibertsitateko irakaslearekin. Erantzun dutenen artean, bi herenak lapurtarrak dira, %28 Nafarroa Beherekoak eta %4 Zuberoakoak. Adinari doakionez, %5ek 65 urte baino gehiago dute, %33k 50 eta 64 urte artean, %30k 35 eta 49 artean eta %32k 35 urte baino gutxiago. Inkestaren harrera onaz «poztu» dira antolatzaileak, eta, diotenaz, horrelako ariketa egin izana «eskertu» dute militanteek.






