Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 18:19

2012-04-05

Euskara. Nafarroako udalen hizkuntza politika

Iribasi egotzi diote udalak hizkuntz politika egiteko aukerarik gabe uztea

Nafarroak bertan behera utzi du 1998az geroztik euskara zerbitzuekin zuen hitzarmena; deialdi publikoa egin nahi du

Herrialdeko udal guztiek parte hartu ahal izanen dute, baina diru saila ez da handitu

Edurne Elizondo Iruñea

Euskarabideko Jarraipen Batzordeko udal ordezkariak, atzo, Jose Iribas eta Maximino Gomezekin bilera egin baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. / LANDER F. ARROIABE / ARP

Hitzarmenaren alde. Nafarroan euskara zerbitzua duten 23 udaletako ordezkariek argi eta garbi utzi dute eutsi nahi diotela hizkuntza politika garatzeko Nafarroako Gobernuarekin orain arte izan duten lankidetza hitzarmenari. 1998. urtean sinatu zuten, baina berriki bertan behera utzi du Euskarabideak, bere kabuz. Horren ordez, hizkuntza politikaren inguruko diru laguntzak banatzeko deialdi publikoa eginen duela iragarri du Nafarroako Gobernuak, sistema hori gardenagoa delakoan.

Udal ordezkariak ez dira iritzi berekoak. Eta halaxe azaldu dute jendaurrean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Maximino Gomezekin bilera egin baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Lankidetza jo dute euskararen normalizazioaren alde lan egiteko tresna egokitzat, eta ondorioz, orain arteko hitzarmenari eusteko eskatu diete Iribasi eta Gomezi. «Ez digute kasurik egin, ordea», erran du Atarrabiako alkate Kirio Gastearenak.

Bilera luzea izan da Euskarabideko Jarraipen Batzordeko udal ordezkariek eta erakunde horretako eta Hezkuntza Departamentuko buruek egin dutena. Bi ordu ingurukoa. Emaitza, berriz, eskasa. Udal ordezkariek lankidetza hitzarmenaren aldeko apustua berretsi dutelako, eta Nafarroako Gobernuko kideak, berriz, aldaketaren alde agertu direlako.

Gobernuaren oraingo proposamenak dituen arriskuak agerikoak dira, Gastearenaren ustez. «Udal bakoitzarekin izan nahi du harremana Nafarroako Gobernuak». Hau da, sistema berriak udalen arteko elkarlana bertan behera utziko luke. Udalak, ordea, ez daude horretarako prest. «Udalon arteko egiturari eutsi nahi diogu; Nafarroako Gobernuarekin hizketakide izaten jarraitu nahi dugu». Udal guztiek, batera. Elkarlan horrek indarra ematen diela argi dute. Gastearenaren hitzetan, hain zuzen ere, udalen indarra ahuldu nahi du Nafarroako Gobernuak, lankidetza hitzarmena bazter utzita. Hizkuntza politikaren esparruan duten eragina lausotu, nolabait.

Baliabideak murriztu

Euskarabideak mahai gainean jarri duen proposamenak nabarmen murriztuko ditu euskararen alde lan egiteko euskara zerbitzuek dituzten baliabideak. Horixe salatu dute udalek. Orain arteko diru sailari eutsi diolako Nafarroako Gobernuak, baina diru hori banatzeko, ordea, hautagai gehiago izanen delako, deialdi publikoa eginez gero.

2011. urtean, 163.000 euro eman zituen Euskarabideak euskara zerbitzua duten 23 udalen lankidetza hitzarmena garatzeko. 2012. urtean diru sail horri berari eutsi dio, baina aurtengo 163.000 euro horietatik 30.000 iazko gastuak ordaintzeko erabili dira. Saila, beraz, 133.000 eurora murriztu da, azkenean.

Kopuru horri eutsi nahi dio Nafarroako Gobernuak, prestatu nahi duen deialdi publikorako. Deialdi horretan, ordea, Nafarroako udal guztiek parte hartu ahal izanen dute. Kopurua urria dela argi dute euskara zerbitzua duten toki entitateek; orain artekoa ere, 23 euskara zerbitzuen artean banatu behar izan dutena, bazelako. 2001. urtean, adibidez, 727.000 eurokoa izan zen diru saila, udalen hizkuntza politika laguntzeko. Geroztik, 11 urteko epean, %82 egin du behera; kontuan hartu behar baita euskara zerbitzuen kopuruak ere gora egin duela azken urteotan.

Nafarroako Gobernuak orain hartu duen erabakiak bertze urrats bat egiten du murrizketek baldintzatutako egoera horretan. «Udalak hizkuntza politika egiteko aukerarik gabe uzten ditu erabaki honek», salatu du Maitane Maritorenak, Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako euskara zerbitzuen izenean. Kezka azaldu du horregatik.

Euskarabidearekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren menpe sortu eta gauzatu diren euskara zerbitzuak «kolokan» direla azpimarratu du Maritorenak, udalek ezin izanen dutelako euskara teknikarien soldata ordaindu. Lanean jarraitzeko aukera izanen duten euskara zerbitzuek ere egoera kaskarragoan egin beharko dutela gaineratu du, «euskara zerbitzurik ez duten udalek ere parte hartu ahal izanen dutelako diru laguntzen deialdi publikoan». Egoera horrek udalen arteko lehia bultzatuko duela argi du Maritorenak.

Udal ordezkarien ustez, hori ez da euskararen normalizazioa lortzeko urratsak egiteko bide egokia. Horregatik, hizkuntza politika serioa eskatu diote Jose Iribas kontseilariari. Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du atzera egiteko asmorik erakutsi, oraingoz.

Ez, behintzat, udal ordezkariekin egin duen bileran. Alderantziz. Diru saila banatzeko deialdi publikoa berehala egiteko asmoa agertu du, Atarrabiako alkate Kirio Gastearenak ezagutarazi duenez. Deialdia eginez gero, zer-nolako urratsak egin erabaki behar dute orain euskara zerbitzua duten udalek. «Ez dugu gure arteko lehiarik nahi». Hori argi eta garbi utzi du Gastearenak, eta udalen asmoa haien arteko lankidetzari eustea dela gaineratu du. «Egoera aztertu beharko dugu, eta ikusi ea noraino hel gaitezkeen», erran du Atarrabiako alkateak. Kontseiluko kideekin bilera egin dute udal ordezkariek, eta haien arteko bertze bilera bat egiteko asmoa ere badute.

Bidea elkarlana dela argi dute. Elkarlan horrek emanen diolako indarra, haien ustez, udalek egin dezaketen hizkuntza politikari. Orain arte Euskarabidearekin hitzarmena zuten 23 euskara zerbitzuen artean daude Nafarroako eremu euskalduneko toki entitate guztiak ordezkatuta, eta eremu mistoko gehienak. Bai eta eremu ez euskalduneko baten bat ere, eremu ez euskaldunean ere euskara zerbitzua duen udalik badelako.

Murrizketei bat eginda aurre egitea da udal horien asmoa. Murrizketa horiek jasan behar izan dituzten bakarrak ez direla argi dute, euskalgintzari eta euskarazko hedabideei zuzendutako sailak ere murriztu eta desagertu direla salatu baitute. Euskara zerbitzuei eusteko beharra azpimarratu dute. Elkarlanari eusteko beharra.



 

ESANA. MAXIMINO GOMEZ. Euskarabideko zuzendaria

«Euskararen Legea onartu zenetik, urrats handiak egin dira Nafarroan euskararen inguruan»



 

Iribasek «errealitatea» errespetatzeko eskatu du

Uda aurretik euskararen inguruan protokoloa sinatu asmo dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Protokoloan argi uzten da, lankidetza sustatu arren, «bi administrazio eta errealitate» desberdin dituztela, eta horiek errespetatu behar direla. Horren garrantzia azpimarratu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek. «Zenbat gehiago errespetatu errealitate instituzionala, are eta hobeak izango dira harremanak. Bakoitzak bere lekuan egon behar du».

Protokoloan, besteak beste, ondorengo esparruetan aurreikusten dute elkarlana: helduen alfabetatze eta euskalduntzean, itzulpengintza nahiz terminologia alorrean eta nazioartean euskara sustatzeko programetan. Lehen zirriborroa da iragan ostiralean Iribasek Nafarroako Euskararen Kontseiluan aurkeztu zuena. Protokoloa uztaila inguruan sinatzea espero dute. Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide batzuek gogorarazi dute baliabideak beharko direla aurrera eramateko, eta zail ikusten dute hori. Horren aurrean hizkuntz politika eraginkorrak eskatu dituzte.



 

2,3

Euskarabidearen aurrekontua.

Euskarabideak2,3 milioiko aurrekontua du aurten. Baina soilik lau erotik bat bideratzen du euskararen sustapenera. Jaitsiera nabarmenena laguntzetan egin du aurten: %46. Barneko gastua, aldiz, %14 murriztu ditu.



 

Maite Aldaz. Sakanako Euskara Mankomunitatea

«Gure lana gutxietsi dute; ari dira esaten euskara zerbitzuak ez direla behar»

Nafarroako Gobernuak udalekin zuen hitzarmena bertan behera utzi izana kezkagarritzat jo du Maite Aldazek; Altsasuk euskararen aldeko apustua berretsi duela dio, baina kolokan ikusten du hainbat zerbitzu.

E. Elizondo Iruñea

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin egindako bileran izan zen, atzo, Maite Aldaz. Sakanako Euskara Mankomunitateko burua da, eta Euskarabideko Jarraipen Batzordeko bertze udal ordezkariek duten kezka berak hartu du egunotan. Hizkuntza politika serioa egin ahal izateko bide zuzena lankidetza hitzarmena dela azpimarratu du.

Bere kabuz erabaki du Nafarroako Gobernuak hitzarmena bertan behera uztea. Ezustean harrapatu zaituzte?

Susmoa bagenuen. Euskarabidearen Jarraipen Batzordeko aurreko bileran bota zuten diru laguntzak banatzeko deialdi ireki bat egiteko aukera. Kontua da orain batera bidali digutela deialdi hori egiteko zirriborroa eta hitzarmena bertan behera uzteko erabakia. Astebeteko epea baino ez dugu izan dena aztertzeko.

Zuen ustez, zer dago Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakiaren atzean?

Guk uste dugu erabaki horren bidez Nafarroako Gobernuak euskara zerbitzurik ez duten udalak saritu nahi izan dituela. Eta, aldi berean, euskara zerbitzu horien lana gutxietsi nahi izan du. Diru laguntzak banatzeko martxan jarri nahi duten deialdiaren bidez hori ari dira esaten, ez dela beharrezkoa udalek euskara zerbitzua izatea. Udalen arteko lehia bultzatzen dute, gainera.

Nafarroako udal guztiek izanen dutelako diru laguntzen deialdian parte hartzeko aukera?

Bai. Baina ez dute diru saila handituko. Kontua da aurrerantzean Nafarroako Gobernuaren asmoa dela jarduerak diruz laguntzea. Guk ez dugu uste bidea hori denik.

Zein da bidea?

Hizkuntza politikak behar du plangintza. Orain arte, hain zuzen ere, hitzarmenaren bidez horixe egin dugu guk. Hitzarmen horretan parte hartu dugun 23 udalen arteko lankidetza bultzatu dugu, denon artean egin dugu plangintza, eta bakoitzak ardura bat hartu du; baina denok egin dugu lan guztiondako. Kanpaina bateratuak egin izan ditugu. Gure arteko lan horren emaitza izan dira, adibidez, Etxepare Saria, helduen euskalduntzea lortzeko kanpainak eta euskarazko katalogoa.

Hori desagertuko da lankidetza hitzarmena bertan behera utzi eta gero?

Udalen arteko lankidetza bazter utzi nahi dute, eta gure arteko lehia bultzatu.

Euskara zerbitzuen eguneroko lanean nolako eragina izan dezake hartutako erabakiak?

Nafarroako Gobernua murrizketak egiten hasi zenean, argi eta garbi esan zuen hizkuntza politika udalen ardura ere bazela. Hitzarmenaren helburua, hain zuzen ere, horixe izan da beti. Guk argi dugu plangintza bat behar dela hizkuntza politikaren esparruan, bultzatu behar dela ahalik eta udal gehienetan euskara zerbitzua izatea. Kontua da hitzarmenik gabe hainbat herritako euskara zerbitzuak kolokan geldituko direla, hitzarmen horri lotuta daudelako. Diru laguntza hori gabe, desager daitezke zerbitzuak. Irantzukoa, adibidez, desagertu egin da jada, eta beste zenbait kolokan dira.

Sakanan zein da egoera?

Guk ez dugu gure euskara zerbitzua kolokan ikusten. Haren aldeko apustu garbia egin dugu, gainera. Hiru teknikari ditugu Sakanako Mankomunitatean. Hala ere, azpimarratu nahi dugu hitzarmena egokia iruditzen zaigula, eta haren aldekoa era badela gure apustua, bide zuzena hori dela uste dugulako. Kontua da diruz hornitu egin behar dela. Orain arte, hitzarmena indarrean egon bada ere, zenbaitetan ez dute bete, ez dute banatu adostutako dirua, baina hala ere, haren alde egin dugu.

Hitzarmena gabe, udalek ere arazoak izan ditzakete euskararen aldeko lanari eusteko?

Bai. Udalen egoera ekonomikoa ere zaila da. Guk hizkuntza politika serio baten alde egin dugu, baina baliabiderik gabe zaila da lan egitea.

Zer mezu helarazi nahi diezue herritarrei?

Udalek, mankomunitateek, euskalgintzak eta herritarrek ere, denek egin behar dugula euskararen alde. Herritarren presioa behar dugu. Garai gogorra da hau.



 

Euskararen ordenantzetan aldaketak hainbat herritan

Nafarroako hainbat udaletan ekimenak sustatzen ari dira azken hilabeteetan euskararen ordenantzen inguruan. Lizarra, adibidez, ordenantza bat egiteko ekimena hasi zuten oposizioko alderdiek. Beste batzuk, berriz, ordenantzak aldatu dituzte. Hori egin duen azkenetakoa Iruñekoa izan da. Duela aste batzuk izan zen. Oposizioko alderdiek bat egin zuten, eta onartu zuten paisaia linguistikoan leku berdina izan behar dutela euskarak eta gaztelaniak. Erabaki hori euskararen ordenantzan jasoko dute. NaBaik, PSNk, Bilduk eta Ezkerrak nabarmendu dute horrekin amaitu egin nahi dutela euskara bigarren mailan uzteko UPNk erabiltzen dituen «trikimailuekin».



 

Euskararen Eguna, hilaren 14an, Izarbeibarren

Euskararen Goiztiria Eguna egingo dute hilaren 14an, Izarbeibarren (Nafarroan). Egitarau betea prestatu dute, eta eskualdeko herri guztietan izango dira ekitaldiak: dantza emanaldiak, bisita gidatuak, herri bazkaria, haurrentzako ekintzak, musika emanaldiak eta abar.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia