Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 03:36

2012-03-25

Oposizioak bat egin du Waderen kontra Senegalgo bozen atarian

Gaur egingo dute presidentetzarako bozen bigarren itzulia; presidenteak ziurtzat jo du hirugarren garaipena

Elixabet Epelde

«Ez daude bi aukera, bat bakarra baizik: irabazi egingo dut. Ez dauka zentzurik beste hipotesi bat planteatzeak». Abdoulaye Wade Senegalgo presidenteak ziurtzat jo du gaur egingo dituzten presidentetzarako bozen bigarren itzulian irabazi egingo duela. Lehen itzulian gehiengo osoz irabaziko zuela uste zuen, eta ez zela bigarren bozketa bat egiteko beharrik egongo. Oker zegoen presidentea, botoen %34,81 eskuratu baitzituen. Orain ere oker dagoela uste dute adituek, Macky Sall hautagaiak presidenteak baino irabazteko aukera gehiago dituela baitiote. Batik bat, lehen itzulian lehiatik at geratu ziren gainontzeko hamabi hautagaiek Sallen alde egin dutelako.

Oposizioaren emaitzak bat eginda, bozen %65 inguru lortu zuten lehen itzulian. Wadek uste du, baina, orduan botoa ematera joan ez ziren herritarrek babesa emango diotela. Bost milioi herritar daude botoa ematera deituta, eta otsailaren 26ko bozketan parte hartzea %48koa baizik ez zen izan. Hauteskundeen aurreko liskarrei bota die parte hartze txikiaren errua Wadek, baina orain bere alde egingo dutela azaldu du. Horrez gain, oposizioko Idy4president koalizioko buru Idrissa Secki boza eman ziotenen %80k bere alde egingo dutela dio, baita sozialisten hautagai Ousmane Tanor Dieng babestu zutenen %70ek ere. «Bi hautagai horien jarraitzaileak nigana etorri dira, eta, malko artean, bigarren itzulian nire alde bozkatuko dutela esan didate, Senegalen segurtasuna hobekien bermatzen duena naizela uste dutelako».

Presidenteak uste du lehen itzulian gehiengo absolutuz irabazi ez badu «atzerriko propagandaren errua» dela. «Ez dute nik irabaztea nahi, ez bainaiz beraien zerbitzura dagoen beltz bat. Euren zerbitzura egongo diren beltzak nahi dituzte, eta ni Senegalen defendatzailea naiz, baita Afrikarena ere», adierazi du.

Garai batean aliatu izan ziren gaur aurrez aurre arituko diren bi politikariak. Waderen lehen ministro izan zen Sall 2004tik 2007ra, baina presidentearekin haserretu eta gero alderditik kanporatu zuten: orduan bere alderdi propioa sortu zuen. Harrezkeroztik, oposizioan aritu da lanean presidentearen kontra.

Iruzurraren beldur

Sallek ere baikor amaitu du hauteskunde kanpaina, irabazteko aukerak dituela uste baitu. Lehen itzulian bozen %26,58 eskuratu zituen —Wadek baino zortzi puntu gutxiago—, baina orain, atzean geratu diren hautagai guztien babesa eskuratuta, emaitza iraultzea espero du. Dena den, ohartarazi du «herritarren nahia aldatzeko ahaleginak» egon daitezkeela, iruzurraren mamua berpiztuz. Oposizioak, hain zuzen ere, Waderi iruzurra egitea leporatu zion 2007ko hauteskundeetan, eta orain ere emaitzak manipulatzeko gai dela salatu dute. Sallek bozen gardentasuna bermatzeko laguntza eskatu dio nazioarteari.

Atzerritik 5.000 behatzaile baino gehiago iritsi dira Senegalera hauteskunde garbiak egiten dituztela ziurtatzeko. Olesegun Obasanjo AB Afrikako Batasuneko behatzaileen burua eta Nigeriako presidentea bi hautagaiekin bildu da aste honetan, eta «Senegalgo demokraziaren tradizioa» mantentzeko eskatu die. Thijs Berman EB Europako Batasuneko behatzaileen misioaren buruak ere demokraziaren arauak errespetatzeko eskatu die bi aldeei. «Waderen porrota saihestezina da. Ez dugu onartuko senegaldarren botoak lapurtzea», ohartarazi du Sallek. Garaipena eskuratuz gero oinarrizko produktuen prezioak txikituko dituela hitz eman die herritarrei.

Senegalen egonkortasuna

Urteetan egonkortasunaren oasia izan da Senegal Afrika mendebaldean. 2000. urtean demokraziaren sinbolo gisa heldu zen Wade presidentetzara, eta sozialisten 40 urteko agintaldiari amaiera eman zion bozak irabazita. Orain, hirugarrenez izan nahi du presidente, konstituzioak bi agintaldiko muga ezartzen badu ere. Legea hautsiz herrialdearen egonkortasuna jokoan jarri duela salatu du oposizioak.

Wadek berak bultzatu zuen 2001ean herriak bozkatu eta onartu zuen legedi berria, eta bertan gaineratu zuen bi agintaldiko muga herrialdeko presidentearentzat. Waderen hitzetan, baina, 2001etik —konstituzio berria indarrean jarri zutenetik— behin bakarrik aurkeztu da presidentetzara, eta orain «bigarrenez» aurkezteko eskubidea duela dio. Senegalgo Konstituzio Kontseiluak ontzat eman zuen Waderen hautagaitza urtarrilaren 27an, eta herrialdeko giroa gaiztotu zuen erabaki horrek.

Hauteskunde kanpaina, hain zuzen ere, gatazkatsua izan da. Oposizioak kalera jo du Waderen hautagaitza erretira dezatela eskatzeko. «Boterean betikotu nahia» leporatu diote presidenteari. Gazteak izan dira, batik bat, protestetan parte hartu dutenak, eta presidenteak errepresio gogorrarekin erantzun du. Soldaduen eta manifestarien arteko liskarretan zortzi lagun hil dira. AI Amnesty Internationalek errepresioa salatu du eta adierazi du oposizioko buruak, ekintzaileak, kazetariak eta herritarrak atxilotu, beldurtu eta torturatu egin dituztela kanpainan.

Bestalde, presidentea bere seme Karim Waderi herrialdearen gidaritzan bere lekukoa hartzeko bidea egiten ari dela salatu du oposizioak. Lau ministerio garrantzitsu ditu Karimek bere esku. Herritarrek protesta egiteko arrazoietako bat izan da semeari herrialdearen gidaritzan tokia egin nahia.

Liskarrak hegoaldean

Horrez gain, MFDC Casamanceko Indar Demokratikoen Mugimenduko matxinoek erasoaldia egin dute eta Senegalgo armadako soldadu bat hil dute hegoaldeko Casamance eskualdean, eta beste lau zauritu dituzte, gutxienez. Armadako iturriek jakinarazi dute hainbat matxino hil direla erasoan. MFDCko indarrak atzera egin dutenean hainbat arma atzean utzi behar izan dituzte, eta armadaren esku geratu dira horiek. Gaur eskualdean bozak egitea saihestu nahi dute matxinoek.

Eskualdearen independentzia aldarrikatzen du MFDCk 1982tik. 2004an su-etena sinatu zuen gobernuarekin, baina azken hilabeteotan liskarrak berpiztu dira. Urritik, 30 lagun inguru hil dira.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia