Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 18 - 10:03

2012-03-25

'Bateragune auzia'

Gorenak asteazkenean aztertuko du bost presoek jarritako helegitea

Bostak libre uzteko eskatu dute defentsek, Auzitegi Gorenak aztertuko dituen babes helegiteetan

Pello Urzelai

Bateragune auziko une bat, Espainiako Auzitegi Nazionalean. / ARGAZKI PRESS

«Edozer gauza gertatzen dela ere, inork ez dezala utzi hasi dugun bidea». Arnaldo Otegiren hitzekin amaitu zen iazko uztailaren 7an Bategune auzia. Zigorra etorriko zitzaiela susmoa zuten Bateragune auziko auzipetuek, eta halaxe izan zen haietako bostentzat. Epaia irailaren 16an jakin zen: hamarna urteko espetxe zigorra, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezentzat; zortzina urtekoa, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto eta Arkaitz Rodriguezentzat; eta absoluzioa, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serrarentzat. Bi hilabete geroago, azaroaren 16an, bost presoen defentsek kasazio helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, epaia baliogabetzeko eskaera eginez.

Auzitegi Gorenean helegite bat jartzen denean, ohikoa izaten da hainbat hilabete pasatzea kasua aztertu zain. Kasu honetan, aldiz, presa izan da agerikoa. Bost presoen defentsek helegitea azaroaren 16an jarri ondoren, ohiko tramiteak egin ziren: helegitea gainerako aldeei jakinarazi, dokumentazioa Auzitegi Gorenera igorri eta azkenean auzia aztertuko zuen sala izendatu. Otsailaren erdialdean Auzitegi Goreneko bigarren salak auzia bere gain hartu zuen, eta egun gutxitan erabaki zuen kasua aztertzeko hitzordua. Martxoaren 8an jakinarazi zien aldeei noiz izango zen kasua aztertzeko auzi saioa: martxoaren 28an. Dena ezohiko azkartasunez.

Datorren asteazken goizean, beraz, auzia berreikusiko du Auzitegi Goreneko bigarren aretoak, saio publikoan. Juan Saavedra, Jose Manuel Maza, Juan Ramon Berdugo, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuek osatzen dute tribunala. Auzitegi Goreneko tribunalak epe jakinik ez badu ere, baliteke erabakia azkar aztertzea. Helegiteak onartzearen alde egingo balu presoak askatzea ekarriko lukeenez, erabakia hartu eta berehalakoan jakinaraziko luke, nahiz eta epaia idazteko denbora gehiago hartuko lukeen. Erabakia zigorra berrestea bada, jakinarazpena ez da hain azkarra izango.

Auzitegi Nazionaleko tribunalak ebatzi zuen epaia baliogabetzeko eskatu zuten presoen abokatuek, hiru arrazoibide nagusitan oinarrituta: epaiak akusatzearen printzipioa hautsi du, errugabetasun printzipioa urratu du eta zigor mota oker ezarri du. Horrez gain, Arnaldo Otegiren defentsak tribunalaren inpartzialtasunaren falta argudiatu du, eta Arkaitz Rodriguezenak forma haustea, gertaeren kontakizunean pertsona hori ez delako ageri.



 

'Bateragune auzia'. Atzera bueltarik gabe

Duela bi urte baino gehiago atxilotu zituzten Bateragune auziko auzipetuak. Urteotan, haiek hasitako bideak aurrera egin du ezker abertzalean.

2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jazinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzonek agindu zuen polizia operazioa, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita. Ordu batzuk lehenago zabaldu zuten eztabaidarako txostena atxilotuek.

2009-10-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Garzonek. Etxeberria eta Oiz aske utzi zituen. Serra, Esnal eta Morenori hamarna mila euroko bermea ezarri zien.

2009-10-17. Manifestazio erraldoia izan zen Donostian.

2009-11-14. Ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen Altsasun, prozesuaren oinarriak laburbildu eta borondateak adierazten zituen agiria aurkezteko. Prozesua garatzeko, «soilik bide politiko eta demokratikoak» erabiltzearen alde agertu zen. Mitchell printzipioak bere egin zituen.

2010-01-25. Otegi, Diez, Moreno, Jacinto, Zabaleta, Rodriguez, Serra eta Esnal auzipetuz autoa kaleratu zuen Garzonek. ETAren aginduz Batasuna ordezkatzeko Bateragune talde politikoa osatzea egotzi zien.

2010-02-14. Eztabaida amaitutzat eman, eta Zutik Euskal Herria! agiria kaleratu zuen ezker abertzaleak. Altsasuko ildoak barneratuta.

2010-04-26. Diez aske utzi zuten baldintzapean, «familiako egoeragatik». 30.000 euroko bermea ordaindu zuen.

2010-09-14. Pablo Ruz epaileak bukatutzat eman zuen Bateragune sumarioa.

2010-09-25. Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu zuten politika, gizarte eta sindikatuetako 28 eragilek. Besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta LABek.

2010-11-27. Ezker abertzaleko 300dik gora lagun bildu ziren Iruñean, alderdi politiko berriaren oinarriak ezagutarazteko.

2011-01-04. Fiskaltzak hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuentzat.

2011-04-26. Angela Murillo auzitik aparte uzteko eskaera atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak.

2011-06-27. Bateragune auziko epaiketa hasi zen.

2011-07-02. Milaka lagunen manifestazioa izan zen Donostian eskubide zibil eta politikoen alde.

2011-07-07. Epaiketa amaitu zen, eta auzia epaiaren zain gelditu zen.

2011-09-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara zigortu zituen Auzitegi Nazionalaren epaiak.



 

Auzipetuak

Arnaldo Otegi



10 urteko espetxe zigorra

1998an HBko bozeramaile kargua hartu zuen. Gertutik ezagutu ditu Lizarra-Garaziko ituna, ezker abertzalearen legez kanporatzea eta azken negoziazio prozesua. Hainbat auzitan auzipetuta, baina auzi honetan bakarrik dago preso.

Rafa Diez



10 urteko espetxe zigorra.

Hogei urte zituela izena eman zuen LAB sindikatuan, eta 1996tik 2008ra arte idazkari nagusia izan zen. Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan parlamentari izana da ezker abertzaleko ordezkari gisa.

Sonia Jazinto



8 urteko espetxe zigorra.

EHAK-ko diruzain izan zen, eta 2007ko otsailean ere atxilotu zuten, «Batasuneko buruzagi» izatea egotzita. Bateragune auziagatik preso dago. 4/08 EHAK-ANV auzian ere auzipetuta dago, beste 42 lagunekin batera.

Miren Zabaleta



8 urteko espetxe zigorra.

Ikasle Abertzaleetako bozeramaile izan zen. Gaztesarea auzia abiatu zutenean deklarazioa hartu zioten, eta aske utzi zuten Bateragune auziagatik atxilotu baino hilabete eskas lehenago. Atxilotu zutenetik preso dago.

Arkaitz Rodriguez



8 urteko espetxe zigorra.

Bi aldiz atxilotu, eta bietan aske utzi dute epaiketa eginda; hiru urte baino gehiago egin ditu espetxean auzi horiengatik. Bateragune auzia da une honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean bere kontra dagoen auzi bakarra.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia