Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:41

2012-02-16

Sail batetik harago euskara nola sustatu aztertuko dute

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen IV. Topaketak martxoaren 29an eta 30ean egingo dituzte, Lasarte-Orian

Erredakzioa Donostia

Udaltop jardunaldien aurkezpena, atzo. / BERRIA

Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo. Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen IV. Topaketan gai hori landuko dute. «Euskara zehar lerro bat da; erakunde osoari dagokio, baita gizarte osoari ere, ez bakarrik sail edo zerbitzu jakin bati», azaldu du Patxi Martinez de Marigortak, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak. Topaketak martxoaren 29an eta 30ean egingo dituzte, Lasarte-Orian (Gipuzkoa),

Atzo eguerdian aurkeztu zituzten jardunaldiak, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Prentsaurrekoan parte hartu zuten Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Eudelek eta Kutxabankek.

Aurtengo ekitaldian, Euskal Herriko hizlariek ez ezik, kanpoko batzuek ere parte hartuko dute. Tartean, Bernat Joan i Mari Kataluniako politikariak. Esquerra Republicanako kideak txosten bat aurkeztuko du Autocentramiento y política lingüística: normalización y actitudes izenburupean. Hernaniko, Pasaiako (Gipuzkoa) eta Berriozarko (Nafarroa) alkateek, bestalde, euren udaletako esperientzien berri emango dute. Manuel Lekuona kultur etxean, berriz, azoka eta erakusketa egingo dira aurreko urteetan bezala. Erakusketan, hainbat euskara zerbitzuk egin dituzten eta gainerakoentzat interesgarriak izan daitezkeen egitasmoak aurkeztuko dituzte. Azokan, berriz, bost enpresa eta erakundek euskara zerbitzuentzat baliagarriak izan daitezkeen zerbitzuei buruzko informazioa emango dute.

Andoni Busquet Eudeleko ordezkariak aurkezpenean adierazi zuenez, komenigarria da herri erakundeek euskararen erabilera sustatzeko aurrera daramaten politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea: «Topaketako aurtengo gaiak gure baitara begira jartzen gaitu, gure barruko historiari begira... Erronka handia dugu aurrean». Busqueten arabera, euskararen erabilera sustatzeko lan itzela egiten da; eta esan du lan hori hobetzen jarraitzeko asmoa dutela. Jaurlaritzako ordezkari Martinez de Marigortaren ustez, euskara hizkuntza bizi bat da, eta ez itzulgai hutsa: «Elebitasuna bermatu behar da, baina ez itzulpenaz soilik baliatuta». Kutxabankek ere babesa eman dio udaletako euskara zerbitzuen ekimenari.

Izena ematea, gaurtik aurrera

Gaur zabalduko dute martxoaren 29an eta 30ean Lasarte-Orian egingo diren topaketetan izena emateko epea, eta hilabetez egongo da zabalik. Udaltopen webgunean eman behar da izena. Gainera, webgune berean argitaratuko dute hitzaldien eta hizlarien informazio gehiago. Matrikula egiteko, 80 euro ordaindu beharko du bakoitzak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia